«Geuria da ta geuria da»
Azken aspaldiko eztabaida minena piztu da Jon Sarasuaren hitzaldi baten harira. Segitu dut zalaparta, zalantza-dantzarako gonbidapen ondradua iruditu zait, ausarta, ondo. Niretzat, eztabaidaren txokora egin duen dejadatxoa, izatez, oso amerikarra da. AEBetan, oso akademikoa. Kantzelazioaren kulturaz eta beste literatura pila bat dago, eta galderak mailu egiten dira: adierazpen askatasunaren alde, baina «gorrotoaren diskurtsoak» debekatuz? Fisikaren alde, baina grabitatea kanpo utziz?
”Ezberdinak berdin tratatu?” galdetzen zuen Aristoteles kontserbadore zaharrak; “ezberdinak berdin kantatu?” Sarasuak. Interesgarria da puntua. Transfeminismoa, migrazioa eta beste eztabaidatu daitezke, jakina, baina beste kontu bat da gakoa hemen. Are gure herria bezalako historia mingarri eta geografia zatituarekin, gure hizkuntza baztertuarekin eta nortasun eragotziarekin. Herri txikiekin pentsalariak (marxistak barne) ez direlako baikorrak izan. Historiaren legeak aipatzean, mundu eta ideia handiekin liluratuegi aritu dira. Handia ere txikia izan zela, igoeraren ordua bezala erorketarena ere heltzen zaiola ahaztuta.
Kapitalismoa erreformatu ezin denez, ekonomia mailan iraultzailea izatea ulertzen dut. Baina ez nago ados politikarako “iraultza ala erreforma” ekuazioa formulatzearekin. Iraultza eta erreforma, biak behar direlako; “aberria ala hil” baino, “aberria eta bizi”. Eta, nolabait, antropologikoki kontserbadore izan behar dugula uste dut, nazio egiten gaituzten hainbat balio eta oinarriren inguruan. “Geuria da ta, geuria da!”, hortxe sendo. Azelerazio postmodernoaren garaiotan zuhurtasun antropologikoa erreskatatu behar delako.
Sarasuak dio pentsamendu marxistara hurreratu dela azken aldiotan. Niri kontrakoa gertatu zait, gero eta erakargarriagoa egiten zait naturalismoa, naturala denaz, gure herriaren, gure bizitzen, dimentsio biologiko eta naturalen inguruan hausnarrean dihardut. Noski kezkatzen nautela bestelakoek ere; adibidez, oso inportantea den kontzeptua (marxista) modaz pasatu izana, diskurtsoetatik desagertu izana: alienazioa. Jakina hitz egin behar dela merkantilizazioaz, baina den-dena materialismo historikoaren mendeko egiteke. Buztina garela, plastilina historikoa, zeharo malguak, Euskal Herrian solidoa den oro disolbagarri dela? Ez.
Posible da tradizioak, balio eta kode komunitarioak defendatzea Marx bezala pentsatuz? Oximorona al da? Lehenik eta behin boterearen eta produkzioaren kontuak beti, eta gero gerokoak; beti? Euskal Herrian ere bai?
Nire ustez ez. Kateak hor daude, eta behar ditugu, sakoneko izate bat, harrotasun existentzial bat, eusteko, erresistentzian iraun duena. Memoriaren eta naziotasun kolektiboaren kapital soziala ukaezina da. Errentabilizatu behar dena, beti, sekula amortizatu gabe. Errespetua gorde behar zaie, ez obedientzia kaskarina, gure herriaren espazio eta kodeei, bere tradizioen eta komunitatearen patroiei. Ezker abertzalekoa naiz antropologikoki kontserbadore izanik. Ezker erradikala dena, denboran onartua eta praktikatua bada, tradizionala egiten delako. Garenaren parte izango da beti bulkada kontserbadorea, gure baitan dago eta egongo da. Eskola zaharreko (marxistako) irakaspenak gogoan, kontraesan printzipal eta sekundarioak zeintzuk diren argi eta garbi izan behar dugu, sektorialak direnetik printzipioak egiteke. Abertzaleak ez dira jaio kontrakultural eta bazterreko izateko, funtsezko funtsean kontzentratzeko baizik. Jaso dugunetik, geurea dena kontserbatuz, landuz, gezia urrutirago jaurti dadin. •