Gilen TXINTXURRETA BEITIA -@GilenTxintxu
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Gogo onez preso

Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA
Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA

Pultsera bat erakutsi, segurtasun txekeo bat pasa eta arau eta jokabide partikularrak dituen hesitutako esparru batean sartzen zara. Ordu edota egun batzuetan zehar, egunerokotasunaren errutinatik ihes egiten duzu, eta interes bateratu batek elkartutako klase baten parte izango zara. Hiria desagertu da, hau festibal bat da.

Arkitektura honetaz hitz egiteko, Jose Miguel de Prada Poole-ek muntatutako Instant City aipatzen hastea ezinbestekoa da. 1971. urtean, Eivissan antolatu zen arkitektura bienal baten barnean, egitura puzgarriak erabiliz, ikasle eta irakasleentzako hiri bat eraiki zen. 10.000 pezeta soilik zituzten aurrekontu gisa, eta beharra bertute bilakatuz, historiako lehenengo hiri pneumatikoa eraikitzea lortu zuten. Proiektua bera manifestu bat zen, programarik gabeko hiri bat, komunitate bizimodua sustatzera eta jarduera artistikoak burutzera gonbidatzen zuen espazio bat; edozein lekuk edozertarako balio zezakeen. Metabolismoaren ideietatik edaten zuen: bihotz funtzioa egiten zuen espazio nagusi batetik, zain batzuk irteten ziren, eta hauek banatu egiten ziren kapsula txikiagoetan. Organismo bizi baten modura, eraikina beharren arabera hedatu edo uzkurtu zitekeen. Eivissako esperimentu hau 60ko hamarkadan nagusitu ziren eztabaida eta jolas arkitektonikoen gorpuzte bakanetako bat izango zen, baina saiakerak ez ziren gutxi izan.

Constant Niuwenhuys holandarrak 1956an New Babylon proiektu artistikoa abian jarri zuen. Haren helburua zen kapitalismoa gainditu duen gizarte baten itxura imajinatzea. Aurrekari “situazionista” zuen Constantek, ezegonkortasuna, momentuaren balioa eta mugimendu erratikoak goraipatzen zituen korrontea, eta horregatik, ordura arte ohikoak izan ziren utopia geometriko zurrunetatik urrun zeuden bere proposamenak. Gizakia teknologiari esker lanaren kateetatik aske geratuko zen etorkizunean, Homo Faber izatetik Homo Ludens izatera pasatuz, eta sorkuntza artistiko eta plazer puruari eskainiko zion bere burua. Hiri tradizionalek zentzua galduko zuten, lanean oinarritutako erreprodukzio sistema baten ondorio baitira, eta haien ordez, gizakiak paisaian zehar hedatzen ziren superrestruktura erraldoi eta arin batzuetan biziko ziren, nomada izaera primitibora itzulita. Proposamenaren bideragarritasunetik haratago, bizimodu arrunta errotik zalantzan jartzen zuen ideia landu zuen, bizitzaren zentzua arte eta plazeretan bilatzera gonbidatzen zuena.

Constanten garaikideak izan zen Archigram arkitekto taldea. Haien proiektuak, eztabaida teorikora eta jolasera bideratuta, teknologiari esker sortu zitezkeen balizko munduen irudiak besterik ez ziren. Fantasia horietako bat Walking City deiturikoa izango zen. Hirien ezaugarri nagusia da haien lekukotasuna, inguru fisikoari lotuta egotea, eta hortik datorkie haien forma eta antolakuntza. Jon Herron-ek ideia honi buelta eman nahi izan zion, hiriak hanka teleskopikoen gainean mugitzen ziren intsektu erraldoien pare irudikatuz. Guztiz utopikoak diruditen proiektu hauek eragin sakona izan dute arkitekturan, baina baita beste zelai askotan ere. 2001. urtean Mortan Engines deituriko nobela grafikoak kaleratu ziren. Haietan (eta 2018an egindako izen bereko pelikulan), Archigramek irudikatutako hiri mugikorren utopia abiadura bizian bata bestearen ehizan dabiltzan hiri-faktoria erraldoiek ordezkatu dute, gerra nuklear batek suntsitutako etorkizun ilun batean.

Antza, utopia ororen zoria distopia bihurtzea da, haren izenak berak kondenaturik edo. Ou-topos, Ez-lekua. Ezinezkoaren bilaketak munstroak sortzeko ditu.

Hamarkada optimista honi itxiera emanez, 1972. urtean Rem Koolhaas holandarrak, “Exodus arkitekturaren gogo onezko presoak” proiektu akademikoa aurkeztu zuen. Koolkasen lanean, gizakiak arkitektura erraldoiek definitutako eremu hesitu batean bizitzera joaten dira. Errealitate berri honetan sartzean, espazio sekuentzia baten bidez, iragana ahaztu eta mundu berriaren borondatezko preso bihurtzen dira. Mundu zaharraren mugak atzean geratu dira; muga berrien barruan, dena da posible.

Festibaletan, nolabait, gogo onez bihurtzen gara preso. Ordaindu egiten dugu mundua atzean utzi eta, “gutarrekin” batera, handik kanpora pentsaezinak diren gauzak egiteko. Kartzelatik botatzen gaituztenean, umezurtz, hesirik gabeko mundu mugatura itzultzen gara, jazotakoa amets bat izan ote den galdetuz. Kontu korrontea begiratzean zalantzak azkar argitzen dira: ametsaren faktura oso erreala da. Hurrengo baterako, hobe txosnan geratu… •