Koldo SAGASTI

Palestinako mugak gorabehera

Pasa den asteartean Espainiako Lehen Ministroak, Pedro Sanchezek, agerraldi historiko batean, handikiro adierazi zuen Palestinako estatua aitortu egiten zuela; eta lehenago sekula ez bezala, gainera, zehaztu egin zuen zein mugatan: 1967ko gerraren aurretikoetan. Esan gabe doa onarpenak modu inplizituan dakarrela, era berean, Israelgo estatua ere onartzen duela, gainontzeko eremuetan, Palestina historikoaren lurraren %80an, alegia; eta horretan datza, hain zuzen, onarpenaren injustizia. “Bi estatuen konponbidea” deritzotenak bidegabekeria historikoa lekarke bere barnean, armen indarrez kolonizatutako lurraldea onartuko liokeelako indar okupatzaileari, eta talka zuzena egingo lukeelako zazpi milioi palestinar erbesteraturi NBEren 194. ebazpenak onartzen dien itzultzeko eskubidearekin. Baina zentzugabea izateaz gain, gaur egun bideraezina ere bada.

67ko mugak balizko bi estatuen arteko marratzat ezartzea ez da kontu berria. Isaac Rabinek eta Jaser Arafatek izenpetu zuten 1993an, Oslon. Eta zerogarren minututik israeldarrek argi erakutsi zuten sinatutakoa betetzeko inolako borondaterik ez zutela. Ondorengo hogeita hamaika urteotan eremuaren %80tik %90era pasa dira, orduko mugak errespetatu ez eta Zisjordaniako lurrak anexionatzen dituen harresia eraiki dute, eta milioi erdi kolonorentzako kokalekuak sakabanatu dituzte Jordanetik mendebaldera, behinolako konponbide proiektua erabat ezinezkoa bilakatu arte.

Duela hiru hamarkada hilda jaio zen egitasmo bat berriro mahai gainean jartzea ezin da esan bereziki ausarta denik, baina aurrerapauso bat izan liteke, baldin eta koherentziaz jokatzeko borondatea baldin balego. Eta jokabide koherentea litzateke onartu berri diren mugetatik harago indar okupatzailearekin negozioetan dabiltzan espainiar konpainiei kontu eskatzea, besteak beste CAFi. Espainiar Gobernuak Palestinari aitortu berri dizkion eremuetan azpiegitura iraunkor bat eraikiz, Beasaingo enpresa Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren aurkako krimen bat burutzen ari zen orain arte. Orain, horrez gain, Espainiako legezkotasuna ere urratzen ari da, eta Sanchezek legezkotasun horrekiko koherentziaz jokatu beharko luke, bere adierazpena sinesgarria izango bada. •