Ekaina
Ekainean ortzia, lasto ta belarrez naikoa.*
Ekaineko lur busti, gure aita nigarti.
Ekaina bustitsu, gure nausia kexu.
Ekaina eder, uda halaber.
(* Zavala, Antonio. Esaera zaharren bilduma berria (I))
Maiatza gris joaten denean, apetatsu hartzen dugu ekaina. Eta ekainak apetatsu hartu gaitu gu aurten, haize finez, eguzki estaliz, euri langarrez. Ekaineko errituak erritu dira baina, euri zein eguzki. Urtarrilekoa omen da malda, eta maiatza-ekainekoa aldapa. Sukaldeko egutegia letraz, borobilez, geziz eta ordutegiz zirrimarratzen dugu.
Musika eskolako aretoa emanaldia luze egiten zaien gurasoz mukuru dago. Norberarena grabatu eta batzuek alde egiten dute emanalditik, askok kieto itxaroten dute amaitu arte, errespetuagatik plazeragatik baino gehiago. Hamar, hamabi, hamabost urte bueltako haurrak eta ez haurrak 60-70eko hamarkadako kantu britishak jotzen, pleistozenokoak haientzat. Agian noizbait euskaraz sortutako kantak amnistiatuko dituzte. Pantailan abestiaren izena, autorearena eta ikaslearena, ez fundamentuzko aurkezpen bat, ez urtean zehar egindako lanaren aitortzarik… oholtzara igo eta jo. Norentzat egiten ote diren entzunaldiak. Askotan pentsatzen dut ez dagoela musika eskolak baino leku antipedagogikoagorik.
Udako lehen bestak, gure inguruan auzo txikietan. Batzuek badute izana eta izena, hurbiltzen da jendea. Auzokideek lan eskerga egiten dute egitarau oparoa lotzeko. Ororentzat, anonymentzat eta popularrentzat, haurrentzat zein helduentzat. Jan-edana eskura eta euri erauntsiei eusteko toldoak eta sonbrilla zabalak. Arratsa ongi sartua delarik jendea irriz dantzan, erromerian. Ikusmira ederra da, eta «hau da formula» erran dit belarrira musikari zaharrak.
Batzarretarako zitak Alexia bidez hartzen ditugu orain ikastolan. Ikusi zeintzuk diren egun posibleak, zein tarte dauden libre, eta hautatu. Batzarrak aurrez aurre. Maratoiak izaten dira tutoreentzat zuzenketa mardulak bukatu berritan. Bi ofizio ezberdin dira tutorearena eta tutore ez den irakaslearena.
Ikasturte bukaerako irteerak eta ikasbidaiak. Pisu bihurtu dira irakasleentzat, sekulako ardura da. Sinetsita nago talde kohesioan eta harremanen joan-etorrietan funtsezkoak direla. Zenbat gauza ikusten dituen horrelakoetan adi dagoenak. Gurasoek gustuko dituzte, baina nork zaintzen ditu irteeretara joateko prest dauden irakasleak? ‘Zaindu’ diodan lekuan, ‘babestu’ ere jarri beharko nuke. Gai horrek artikulu oso bat beharko luke etorkizunean. DBHn gero eta gehiago egiten dira bidaiatxo horiek begiraleekin, enpresekin… jada ez dira proiektu pedagogikoaren parte. Zergatik ez dute dantzarik egiten DBHko irakasleek ikasturte bukaerako jaialdian? Agian, bi gaiak lotuta daude.
San Joan edo Donibane bezperakoa izaten da errituetan errituen bagilean. Kea, sua, landareak… Suak eguzki berria indartzen omen du, jendearen eta jendilajearen bekatuak garbitu. Auzoan su erraldoia pizten dute arima guztien arazgarri. Ezin da salto egin gainetik, eta ez dakit apunte zaharrak bota daitezkeen bertara. Twitter utzi nuenetik lasaiago bizi dut egunerokoa, baina irratia eta prentsa idatzia bakarrik jarraituta ere, ezinezkoa da arnasesturik gabe begiratzea inguru hurbil eta urrunari. Suak egin dezala intsentsuaren lana, garbi ditzala erdiguneak eta bazterrak. Har gaitzala ekainaren bigarren erdiak eguzki gozoz eta itsasoko brisaz. •
San Juan dala, sugea ta zapoa kanpora,
artoa ta garie barrura.