Juantxo EGAÑA

Bottechiaren garaipena Baionan, 1925eko Tourrean

(ROL AGENTZIA. FRANTZIAKO LIBURUTEGI NAZIONALA.)

1925ean, Frantziako Tourraren hemeretzigarren edizioa burutu zen. Zazpigarren etapa ekainaren 29an izan zen, Bordelen hasi eta Baionan amaitu zena. Komunikabideek Tourra Lapurdiko hiriburura iristeak piztu zuen ikusmina nabarmendu zuten. Euskal Herriko hainbat tokitako txirrindularitzazaleak bildu ziren etaparen amaiera Baionan ikusteko, batez ere Iparraldeko beste leku batzuetatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik gerturatutakoak. Lasterketa Bordeletik abiatu zen 07.10ean. Helmugatik 65 kilometrora, Octavio Bottechia txirrindulari italiarra buru zuen ihesaldi jendetsua gauzatu zen, baina azkenean zazpi txirrindularira murriztu zen taldea. 13.45ean, Bottechiak lehenengo postuan zeharkatu zuen helmuga: maillot horia lortu zuen eta ondoren, urte hartako Tourreko irabazle bihurtu zen. Irudian, Baionako helmugatik gertu bildutako jendetza ikus daiteke, Bottechiari txalo egiten.