Garazi GOIA
Idazlea
3 BEGIRADA:

Futbola eta etorkizuna

Ingalaterrak Eurokopan Esloveniaren aurka jokatutako partida.
Ingalaterrak Eurokopan Esloveniaren aurka jokatutako partida. (EUROPA PRESS)

Nazioa elkartzeko zein indarra duen erakutsiz, gizonezkoen futbol Eurokopa audientzia errekorrak hausten ari da Erresuma Batuan. BBC eta ITV etxeek dituzte eskubideak eta txapelketa inoiz ez bezalako jarraipen zabala izaten ari da. Ingalaterrako taldeak jokatu dituen partidak 15 milioiko audientziak eta %60ko ikusle kuotak izatera iritsi dira; Eskozia kanporatua izan zen partida 10 milioi pertsonak ikusi zuten zuzenean.

Aldi berean, hauteskundeetarako zortzi egun baino gelditzen ez direnean, Rishi Sunak eta Keir Starmerrek buruz-buruko hiru debate egin dituzte; sinesgarritasun gutxiko aldarrikapenek, karisma faltak eta erdipurdiko hitzaldiek hautagaien lidergorako gaitasuna behin eta berriz zalantzan jarri dute. Agerikoak dira jendearen frustrazioa eta nekea, eta oro har jendartean areagotzen ari den eszeptikotasuna benetan kezkagarria da. Aldaketa politiko handi baten atarian gaudenean, Ingalaterrako futbol taldearen entrenatzaile Gareth Southgaten etorkizuna garrantzitsuago dela dirudi.

Aste honetako debatean, platoan zegoen ikusle batek «zuek biok al zarete nazio honek dauzkan hautagai onenak? Benetan, hau al da daukagun onena?», galdetu zuen zuzeneko saioan. Sunakek eman zion erantzun kaskarrak eta Stamerren jarrera erasokorrak, hain zuzen ere, baieztatu zuten, aldaketa bakarrik ez, funtsezko eraldaketa baten beharra dagoela.

Emakumezkoen futbolaren profesionalizazioa bultzatzeko hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera izan dut azken hilabeteetan. Ingalaterran benetako urratsak egiten ari dira berdintasunaren bidean, oinarrizko plataforma berri batzuk sortu eta beharrezkoak diren parametro eta marko komertzialak ezarriz.

Erakunde independente bat sortu da, Ingalaterrako futbola gobernatzen duen Football Association (FA)-etik kanpo esparru hori gobernatuko duena, baina aldi berean FAren bermea izango duena. Gizonezkoek definitutako eta egindako arauetatik sortutako dinamiketatik ateratzeko bi modu zeuden: aldaketa etxe barruan egin, itzalean egoteak ematen dituen zailtasun guztiekin, edo, beste modu batera egin eta “berriro hasi”. Itxaropentsua da mihise zuri batek ematen dituen askatasuna, indarra eta desira nabaritzea. •