Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
AFRIKATIK EUROPARA

Indarkeria dago itsasoz migratzen duten andreen jatorrian, bidean eta helmugan

Txalaparta argitaletxeak Camille Schmoll kazetari frantsesaren “Les damnés de la mer. Femmes et frontières en Méditerranée” ikerketa liburua argitaratu du gazteleraz, Cristina Lizarbek itzulita. Afrikatik Europara Mediterraneoa zeharkatuz migratzen duten emakumeei ukatu izan zaien kontakizun konplexua dakar lan honek.

Emakume eta haur migratzaile talde bat, zain.
Emakume eta haur migratzaile talde bat, zain. (Cecilia FABIANO | EUROPA PRESS)

Migrazioen errelato handietatik kanpo utzi izan dira maiz emakumeak, eta zor hori kitatzera dator Camille Schmoll (1977) idazle eta kazetari frantsesa, “Les damnés de la mer. Femmes et frontières en Méditerranée” (2020) lanarekin. Ikuspegi feministarekin eta dramari jantzi ohi zaion morbo negar-eragilea erantzita aurkeztu ditu ertzaren (Afrikatik Europara Mediterraneotik migratzen duten pertsonak) ertzak (emakumeak). Orain, Txalaparta argitaletxeak gazteleraz irakurtzeko aukera zabaldu du, Cristina Lizarberen itzulpenari esker.

Migrazio gaietan aditua den beste kazetari batek jarri dio lanpasa liburuari, hitzaurre modura. Ane Irazabalek idatzi duenez, «migrazioaren narratibaren ertzak» protagonista bilakatzen ditu liburu honek, eta ez ditu ezkutatzen mugak biziraun dituztenen errealitate konplexuak eta, batzuetan, «deserosoak». Biktima eta heroirik gabeko errelato erantzia da Schmollena.

Bere lanerako, Afrika ekialde eta mendebaldetik nahiz Magrebetik Europara bizirik iritsi diren andrazko asko elkarrizketatu ditu Schmollek. «Europara ematen duten itsasoko eta lurreko bideak ezagutzen dituzte guztiek, eta indarkeria eta beldurra ere ezagutu dituzte», dio idazleak liburuan. Baina bidaia egiten duten emakume horiek ez dira itsasoko korronteen edo desertuko haizeteen edo “mafien” interesen meneko trapu soil, maiz hala idatzi eta irakurri bada ere.

Honela azaltzen du kazetari frantsesak: «Bai, denbora luzez, emakumeak migrazioen errelato handian falta izan dira. Penelope afrikar gisa ikusten ziren, beti haien gizonen zain, sedentario eta pazient. Kasurik onenean, beraiekin elkartzen ziren, urte askoren ostean, artaldera itzultzen diren ardiak bezala, gizonaren ondoan duten lekua berriz hartuz, batzuetan haur sorta batez inguratuta. Baina, denbora askoan, ez da hitz egin bakarrik edo, behintzat, senarrik gabe, emigratzen zutenen inguruan. Are gutxiago, Mediterraneoa gurutzatzeko arriskua hartzen zutenen inguruan: beharrezkoa da esatea gure errepresentazioak, gizon gazteak Ceuta eta Melillako alanbre-hesietan edo barkuetan pilatuta erakusten dituzten irudi mediatikoek itsututa, joera maskulinoek markatzen dituztela».

Errelato horren kontrara, «bidean, emakumeek erabakiak hartzen dituzte, antolatu egiten dira, beren egunerokotasuna hobetzen saiatzen dira. Bizirauleak dira, bai, baina abenturazaleak eta estrategak ere bai eta, batzuetan, liderrak», zehazten du kazetariak. Schmollentzat, garrantzitsua da zehaztapen hori egitea, ibilbide horietatik migratzen duten emakumeei sarri «ukatu» egin baitzaie haien migrazio historia «klandestinoek» daukaten sakontasuna.

Mediterraneoan zehar hegoaldeko Europara iristea lortzen duten pertsonen artean, %20 inguru dira emakumeak, Migrazioen Nazioarteko Erakundearen (MNE) arabera. Baina bidea egiten saiatzen diren emakumeen kopurua, portzentualki, handiagoa da, Schmollen ustez, hala iradokitzen baitute mugetan mobilizatuta dauden pertsonek. Horrek zera esan nahi du, idazlearen hitzetan: emakumeen hilkortasun tasa, itsasoan, gizonezkoena baino altuagoa dela. Kasurako, 2016an, Mediterraneoan topatutako bi gorputatik bat emakume batena zen, sexua identifikatzeko aukera zuten kasu gutxietan. Datu gutxi dagoen arren, berdin gertatzen da itsasoko zeharbidea hartu aurretik ere: emakumeek gehiago eteten dute bidea, hilik edo segitu ezinik, desertuan edo Libiako espetxeetan, besteak beste.

Europarako sarreren eta migrazioei dagozkien auzi politiko eta sozialen lehen lerroan daudelako, eta esperientzia hartzeko leku izan direlako, Italia eta Malta hartu ditu oinarri idazleak. Itsasoko bideen artean, Siziliako kanala da hilgarriena: 1993tik 2019ra Mediterraneoan hil ziren 40.000 pertsonen artean, erdiak bide horretan hil ziren, eta horietako 14.000 azken sei urteetan.

Camille Schmoll-en liburuaren gazteleratutako edizioa, Txalaparta argitaletxearen eskutik. GAUR8

Zerk bultzatu duen ihesa

Sarri europarren usteak sinplistak diren arren, migrazio proiektu bati ekiteko arrazoiak askotarikoak dira, eta ez dira izaten pobreetan pobreenak hautu horren alde egiten dutenak. Egiaz, normalki, txiroenek ez dute baliabiderik bidaiaren kostu ekonomikoari aurre egiteko. Schmollek dio, adibidez, migrazio bideetan ezagutu dituela jatorrizko herrialdean, ekonomikoki, bizi-maila «egokia» zuten pertsonak.

Hala ere, hautazko eta nahitaezko migrazioen hasiera guztiek elementu bat konpartitzen dute: indarkeria, edozein dela ere bere jatorria.

Badira gatazka armatuetatik, gerra zibiletatik edo ezegonkortasun politikoetatik ihesi dabiltzan sudandar, eritrear, somaliar, kamerundar, nigeriar, burkinafasoar eta libiarrak. Kasu askotan senideak galdu dituzte eta, sarri, alarguntzak eragiten du abiatzea emakumeen kasuan, baitezpadako ezkontzen mehatxua bizi delarik. Halako egoerek herrialdetik urgentziaz ateratzera behartzen dituzte zenbait pertsona, eta senide eta lagunen banaketak arrailgarriak izaten dira.

Beste batzuek, aldiz, beraien bizimodu apala hobetzeko ideiarekin abiatzen dute bidaia. Baina «abiatzeko arrazoiak ez dira inoiz osoki eta soilik ekonomikoak», Schmollen arabera: «Motibazio politikoz beteta daude, nola jatorriko gizarteetan emakumeek okupatzen duten lekuagatik, hala autonomia eta aitortzaren bilaketak hauspotuta». Askotan, beraz, generoaren araberako diskriminazio eta indarkeriek eramaten dituzte andrazkoak erbesteratzera. Behartutako ezkontzen eta mutilazio genitalen mehatxua, poligamia edo tratu txarrak izan daitezke zioetako batzuk, besteak beste.

Istorio bat, ez bakarra

Indarkeriatik ihesi dabiltzala, indarkeriekin topo egiten dute migrante afrikarrek. Egoera hori ondo ulertzeko, Julienne kamerundarraren kontakizuna osorik erreproduzitu du Schmollek. Gordinak bizi izan zituen, baina, idazleak dioenez, bere bizipenek beste pertsona askorenak ordezkatzen dituzte: «Julienne asko daude».

Ezkontzera behartu zuten, hamasei urterekin, eta haurdun geratu zen. «Orduan hasi zen tortura: gizon hark asko edaten zuen, agresiboa zen», gogoratzen du Juliennek. Hamar urte egin zituen horrela, harik eta gizonaren enegarren jipoiak ospitalera eraman zuen arte, hanka apurtuta eta sabelean zuen haurra galduta. Malira joan zen, Nigeria, Benin eta Burkinatik pasatuta, eta jatetxe batean lan egin zuen bertan, herrialde horretara iristen lagundu zion andreari zorra ordaintzeko.

«Baina egun batean, nire gizona Malira iritsi zen ni berreskuratzeko», kontatzen du kamerundarrak. Atzera ere ezkutatu egin behar izan zuen. Ordurako jendea ezagutzen zuen Malin, eta lagun baten etxean gorde zen, beste sei pertsonarekin batera. Libiara joateaz hitz egiten zuten haiek, eta bidaiara batu zen Julienne, 25.000 frankorekin (40 euro inguru) eta bidea jakin gabe.

Sei egun eman zituzten desertua zeharkatzen. Deshidratazioak bi gizon hil zituen, eta gainontzekoek gameluen txiza edanez lortu zuten bizirik irautea. Libiara iristeko mugan, «dena» kendu zieten fusilak bizkarrean zeramatzaten gizon batzuek. «Jende ona zela uste genuen, baina egiaz dena kendu ziguten. Dena: dirua, telefonoak, dena».

Astebetera, beste talde batek hartu eta 400dik gora pertsona zegoen leku batera eraman zituen. «Etxe erraldoi bat zen», dio Juliennek. Igandeetan pasta jaten zuten; gainontzean, ogi-opil erdia goizez eta botila erdi ur. Gauez, gauero, emakumeak bortxatzen zituzten. Tuberkulosiarekin gaixotu zen Julienne eta, horregatik, etxe erraldoi hartatik bota zuten, errepide bazterrera.

Lagundu nahi zuen emakume baten eta esplotatu nahi zuen bere semearen etxean pasatu zuen astebete. Semeari harentzat lan egiteagatik dirua eskatu zionean, Julienne hiltzeko agindua eman zuen hark. Kotxe batean sartu zuten bi gizonekin, eta horietako batek zera esan zion: «Zer egin diozu gizon horri hona ekar zaitzaten? Hiltzeko bidali zaitu hona. Lagundu egingo dizut. Zu hiltzeko esan didate, baina nik ez dakit zer egin diozun gizon horri, lagundu nahi dizut. Gogorra zara. Italiara joango zara eta sendatu egingo zaituzte».

«Uretan sartu ninduen», dio Juliennek.

Gurutze Gorriko langileak, Tenerifeko Santa Cruzeko portura iritsi berri diren pertsonak artatzen. 112 CANARIAS

Libia beldurgarria

«Afrika gurutzatzea garestia, luzea -hainbat hilabete edo hainbat urte- eta arriskutsua da. Desertuko amesgaiztoak ez du ondorengo etaparen, Mediterraneokoaren, antzik: gosea, egarria, akidura, bidaideak galtzea... Muga bakoitza arriskutsua da», ohartarazten du liburuaren egileak.

Idazlearen esanetan, itsasoaz gain, bada bidaian beste leku bat zeharkatu nahi duenari era berezian eragiten diona: Libia. Indarkerien lurraldea da migranteentzat, eta han bizi izandakoak ez dituzte ahazten. «Ezagutu ditudan emakume guztien artean, Libiako oroitzapena izaten da gogorrena, mingarriena», dio Schmollek. 2009ko gertaera batek ondo baino hobeto islatzen ditu hango lazturak: Tripolitik (Libia) abiatu zen 65 pertsonadun ontzi bat Italiako Capo Passerora iristear zela, atxilo hartu zituen poliziak eta Libiara itzuli zituen. Bidaiariek adierazi zuten, Libiako espetxeetara itzuli baino, nahiago zutela Somaliako gerratera bueltatu. Denetarik kontatu diote Schmoll-i: bahiketak, torturak, anestesiarik gabeko operazioak, jendez betetako zeldak, non ur edangarria eta jana apenas dagoen... Kartzelatik ateratzeko bide bakarra dirua da, eta ez da merkea: mila euroko kostua izan dezake.

Ez dira gutxi, Libiatik ateratzea lortu dutenean -hala gertatzen da bidaiaren gainontzeko puntuetan ere-, haurdun edo haur txiki batekin itsasora egin behar duten emakumeak, jasan dituzten bortxaketen ondorioz.

Azken (aurreko) pausoa

«Barkuak hauskorrak dira: etxe horietako batean zaudenean, zaintzen zaituzten libiarrek esaten dizute barku handi batean bidaiatuko duzula. Baina itsasbazterrera iristen zarenean, eztula ere ezin duzu egin. Izan ere, ez bazara zodiakera igotzen, hil egiten zaituzte. Bai baitakite, kontatzen baduzu, etxean dauden besteek oihu egingo dutela, esan zaielako barku handia izango zela. Itsasertzera iristen zarenean, ez dago halakorik. Eta uretan oinez ibiltzen zara igo aurretik. Esaten baduzu ez zarela igoko, hil egiten zaituzte», kontatu zion Juliennek Camille Schmoll kazetariari.

Ontzi txiki hartan sartu zenean ikusi zuen Juliennek lehenengo aldiz itsasoa, eta telebistan agertzen zitzaion horren antzik ez zion hartu. Goizeko 03.00etan sartu zuten barkura eta 07.30ean iritsi ziren Pozzallora zodiakean bidaiatzen ari ziren 110 pertsonak. «Emakume gehiago zegoen gizonak baino. Asko ginen», oroitzen du. Eta iritsi zen Julienne ere, nahiz eta izan zitekeen beste modu batera: 2024ko lehen sei hilabeteetan 800 pertsona hil dira Mediterraneoan.

Libiako infernutik ihesi dabiltzan emakumeentzat, Mediterraneoa gurutzatzeko erabakia hartzea ez da erraza, Schmoll-en arabera. Aldakorra da prezioa, baina mila euro ordaintzera iristen dira batzuk.

Emakumeen kasuan, baina, gero eta ohikoagoa da “dohainik” bidaiatzea, idazleak jakin ahal izan duenez. «Zergatik bidaiatzen duten doan oraindik ez dago argi, baina ikusi ahal izan dut ezen, sarritan, bortxatu egin baitzituzten abiatu aurretik [...]. Zeharbidea ordaindutzat ematen da abiatu aurretik emakumeek prostituzio lanak egiten badituzte; batzuetan hainbat astez egin behar izaten dute», azaltzen du.

Nola edo hala, Julienne bezala, ontzira igo eta Mediterraneoa zeharkatzea lortu duten andrazkoek infernu gisa deskribatzen dute ur masa erraldoi hori. Gosea, beroa, egarria, hotza, estura... pasatzen dituzte. «Itsasoa zoratu egin zen; beldur handia pasatu genuen»; «guztiz harro zegoen itsasoa, hainbat emakume uretara erori ziren»; «bidaiak bost egun iraun zituen bi iraun beharrean, oso gogorra izan zen». Halakoak eta beste entzun ditu Schmoll-ek bizirauleen ahotan.

Zeharkaldian jasan behar dituzten beldur eta minek, baina, ez dute beti itsasoa sorburu izaten. Zenbait emakumek, ontzi berean itsasoa gurutzatu eta gero, anekdota bat kontatu zioten kazetariari: «Ehun pertsona baino gehiago geunden barkuan. Afrikarrek, nigeriarrek, somaliarrok uretara bota nahi gintuzten. Liskar handia izan zen, baina azkenean denok geratu ginen ontzian».

Are gehiago, itsasotik eta ontzitik bakarrik ez, airetik ere iritsi daiteke indarkeria. «Hamar egunez ibili ginen jitoan, helikoptero bat pasatu zen eta ez zen geratu; NATOko barku batek ikusi gintuen, baina ez zuen alerta jo», kontatu zion Eritreako Djumak Schmoll-i.

Itsasoaren kondenatuek, gorputzak mugen orbainez zeharkatuta, batzuetan lortzen dute Europa iristea. Baina oinak lurrean jartzeak, kasu batzuetan, ez du orekarik bermatzen, eta iristeak ez du halabeharrez bidaia bukatzen.

Jendez betetako ontzia, Libiako kostaldetik gertu. EUROPA PRESS

Ongi etorri Europara

Kontinente zaharrera, borderland-era -Europak ez ditu mugak, Europa bera muga da, hainbat adituren arabera, eta hortik ‘borderland’ izendatzea-, joaten diren pertsonek ez dute bidaia bat egiten, zeharkaldi luze bat baizik. Beraientzat, ez da existitzen zirkulazio librerako Schengen espaziorik, ez da existitzen “Europarik”, ezpada milaka zatitan egindako artxipelago bat. 2000. urtetik hona Europar Batasunak ezarri duen kontrol migratorioaren ondorioz, muga, mugak, ezleku bilakatzen dira beraientzat: ez daude guztiz “hemen”, ezta beste inon ere. Hainbesteko denbora pasatzen dute ezlekuan bizitzen, ezen haien bizitzak betiko transformatzen baitira. Hori dela eta, pertsona migranteentzat, «arazoa, ‘muga nola zeharkatu?’ izatetik, ‘mugan nola biziraun?’ izatera pasatu da», Schmollen arabera.

Europako kostaldera iritsi orduko, zuzenean ospitalera bideratzen ez badituzte, migranteak atxikitzeko zentroetan giltzaperatzen dituzte, izan Maltan edo Italian, besteak beste. Identifikatu, atxilotu eta kanporatu edo urruntzera dedikatzen dira leku horietan, eta praktikan, «kartzelak dira», baieztatzen du Schmoll-ek. Leku horietan ere ohikoak dira andreen kontrako indarkeria kasuak, eta autonomia edo intimitate zantzu oro ukatzen zaie.

Zentro horietan gertatzen diren indarkeriak normalizatuta daudela ohartarazten du “Les damnés de la mer” liburuaren egileak, baina horrek ez du esan nahi presoek ez dutenik erantzuten. «Migranteen manifestazio eta mobilizazioek, baina baita egunerokotasunean egiten diren erresistentzia txikiek ere, ‘gaizkiaren hutsalkeria’ horren kontra egiten dute [...]. Hala, nahiz eta estatuek leku horiek ingeniaritza politikoa egiteko erabiltzen dituzten, erresistentzia moldeak esperimentatzeko tokiak ere badira», dio kazetariak. Kasurako, 2013ko uztailean, Eritreako 200 emakume, gizon eta haur manifestazioan atera ziren Lampedusan, hatz-aztarna eman gabe irlatik ateratzeko eskubidea aldarrikatzeko, “No fingerprint!” oihukatuz

Funtsean, migrante afrikarrak Europa iristen direnean, Europak ahal besteko indarra egiten du herritar horiek kanporatzeko edo beraien mugikortasun aukerak mugatzeko. Hala, mugetan egiten diren sailkapen eta aukeraketa prozeduren helburua da asiloa lortuko duten pertsonak gainontzekoengandik bereiztea, azken horiek kanporatuak edo urrunduak izateko.

Hori egiteko tresna instituzional ugari daude: borondatezko aberriratzea -egin daiteke jatorriko herrialderantz edo bideko lehenengo herrialde segururantz-, birkokatzea -Europako «asiloaren zama» estatuen artean banatzea du helburu-, edo Europarako sarrera herrialdera itzultzea, Dublingo araudiaren bidez.

Horratx, beraz, kontinente zaharraren apeu erakargarria: ongi etorri borderland-era, bidaiak amaierarik ez duen lekura, mugarik gabeko mugara; ongi etorri Europara.