Desagertuen senideek «ez dute ahazten»
Argentinako presidenteorde Victoria Villarruelek -goiko irudian, Javier Mileirekin batera- diktaduran parte hartutako militarrekin duen lotura aski ezaguna da, baita Mileiren Gobernua gizateriaren aurkako krimenengatik zigortutako militarrei barkamena ematearen aldekoa dela ere. Uztailaren 11n, Libertad Avanza-ko sei diputatuk Ezeizako espetxean preso dauden errepresoreak bisitatu zituzten; tartean, Alfredo Astiz. Biziarteko bi kartzela zigor ditu Astizek, besteak beste, Maiatzeko Plazako Amen sortzaile izan ziren hiru emakumeren -Azucena Villaflor, Esther Ballestrino de Careaga eta Maria Ponce- eta bi moja frantsesen desagerpenagatik -Alice Domon eta Leonie Duket-. ESMAn torturatu ostean, “heriotzaren hegaldi” batean, itsasora bota zituzten. Libertad Avanzako diputatuen hitzetan, «ez dira errepresoreak, baizik eta subertsio marxistaren kontrako borrokalariak».
Bisitak berak eta adierazpenek haserrea piztu dute, ez soilik Argentinan baita Frantzian ere. Argentinan Desagertutako Frantziarren Elkartearen izenean, Jean-Pierre Lhandek eta, Argentinan eta Txilen desagertutakoen familien abokatuak, Sophie Thonon-Wesfreidek, bisita bera eta kondenak indargabetzeko saiakerak salatu dituzte, “Frantziak ez du ahazten” izenburuko gutun batean, 1994an, Frantziako orduko Atzerri ministroak, Alain Juppek, Argentina bisitatu zuenean esandakoa gogoratuz. Emmanuel Macronek gonbidatuta, Javier Milei Parisen egongo da Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldian. Gogoratu beharra dago 1990eko martxoaren 16an Frantziako epaitegiek Astizi betiko kartzela zigorra ezarri ziotela bi mojen desagerpenagatik.