Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
IKUSMIRA

Ayotzinapako ikasleak, hamar urte egiaren bila

(Carlos SANTIAGO | EUROPA PRESS)

Irailaren 26an hamar urte beteko dira Ayotzinapako 43 ikasleen desagerpenetik. Mexikoko hiriburura zihoazen 1968ko Tlatelolcoko sarraskia gogoratzeko antolatutako manifestazioan parte hartzera. Hamar urte beranduago, asko dira oraindik erantzunik gabeko galderak; egia, justizia eta erreparazioa ez dira bete inondik inora. Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak esaten du Armadak ikasleen hilketan eta desagerpenean ez zuela esku hartu. Hala berretsi zien berriro ere senideei pasa den astelehenean haiekin hitzartu ostean. Diziplinarteko Aditu Independenteen Taldeak iazko uztailean argitara eman zuen bere azken txostena, seigarrena. Ikerketak bertan behera uztea eta Mexikotik joateko erabakia hartu zuen «informazioa sistematikoki ezkutatzen» zitzaiela argudiatuz. Lopez Obradorrek «huts egin» diela nabarmendu zuten senideek. «Jakin badakigu Armada erruduna dela; presidenteak, ordea, militarren kontra frogarik ez dagoela dio», nabarmendu zuen Clemente Rodriguezek. Esperantzak, orain, Claudia Sheinbaumengan jarrita dituzte.