Mikel, iritzi publikoak behar zuen heroia
Berrogei urte igarota «Mikelen heriotza» (Imanol Uribe, 1984) filma estreinatu zenetik, zinema munduan dabilen lagun batek bidali zidan «El Correo»-ko erreportajea, gogoraraziz elkarrekin gaiaren inguruan idatzi genuela behinola: «Euskadi aldatu zuen filma». Bueno, aldatu, aldatu... zeozer aldatu bazuen aurreko urteetatik Herri Batasunaren inguruan eraikitzen ari zen estereotipoa izan zen: intolerante, biolento, sobietarren agente, nazionalista erradikal, faxista, frankoren sasikume eta, handik aurrera, homofoboak ere bai.
Pack osoa du pelikulako benetako gaiztoak. Kontu handiz baitago eraikita hileta elizkizunaren eszena, filmaren hasieran, erdian eta bukaeran banatuta. Bertan argi eta garbi adierazten da benetako gaiztoa -guardia zibil torturatzaileak edo ama kontserbadoreak gorabehera, orduko denborak-, herritik aparte dagoena, Mikelen heriotzaz aprobetxatu nahi duena, Herri Batasuna dela. Herria triste edo damututa eliza barnean dagoen bitartean Mikelek bere hautu sexualen ondorioz jasandako sufrimendua barneratzen, beste horiek ez, beraien asuntoetan ari dira, eliza kanpoan eta manifestazioak egiten. Astun eta aprobetxatu horiek.
Erreportajeak azpitituluan zehazten zuenez, «ezker abertzalearen homofobia salatzen ausartu» zen Imanol Uribe. Baina ondoren zehazten du Mikelen pertsonaia erabat asmatua zela, droga-mendekotasuna zuen norbait baztertu zutela izan zela erreferentzia. Hau da, berriro ere, lehenik estereotipoa.
Ukaezina da disidentzia sexualak bazterketa eta ezkutua sentitu eta bizi zituela, zalantza barik, baita independentisten artean ere. Hori bai, «ezker abertzalearen homofobia» zerbait ezaguna eta argia balitz bezala aurkeztea ez da zilegi. Hain zuzen ere, “Mikelen heriotza” filmatzen ari ziren urtean, 1983an, Jarraik eta Gestorek Bilbon eta Donostian ekainean gay harrotasunaren egunerako deitu ziren manifestazioak babestu zituztelako. Are gehiago, urrian, Herri Batasunak dei egin zuen homosexualen aurkako errepresioa salatzeko Donostian deitu zen manifestazioan parte hartzera.
Egun filmaren ekarpen nagusitzat gizonezkoen homosexualitatearen ikusgarritasuna lortu izana azpimarratzen den arren, zentzu horretan ere filma ez da salbuespena. Urte batzuk lehenago, homosexualitatea eta politika modu askoz ere interesgarriagoan lotzen zituzten filmak egin ziren: “Udazkeneko lore deitzen zen gizona” (Pedro Olea, 1978) eta “Diputatua” (Eloy de la Iglesia, 1978).
Biek ala biek adierazten dute zergatik ez ziren izan Imanol Uriberen filma bezain arrakastatsuak. Horietan, gaiztoak diktadura edo diktaduraren ondorengo estatuaren estolderiak dira. Gainera, disidentzia sexuala nolabaiteko naturaltasunez azaltzen dute, pertsonaiekin enpatia sentitzea askoz ere hobeto lortuz. “Mikelen Heriotza” lanean, aldiz, ezinezkoa da askotan protagonistarekin enpatia sentitzea, bera ez baitzen benetako filmeko protagonista. 1983ko iritzi publikoak behar zuen gaiztoa da filmak azpimarratzen zuena, eta hortik bere arrakasta: erreforma onartzen ez zuen ezker abertzalea. •