Oier Gorosabel
Fisioterapeuta
3 BEGIRADA:

Komunikazioa

Irudian, puntzio lehorra, fisioterapian erabili ohi den teknika.
Irudian, puntzio lehorra, fisioterapian erabili ohi den teknika. (GETTY IMAGES)

Bizitzan esperientzia pixka bat izatea nahikoa da (ez dago unibertsitate ikasketen beharrik) konturatzeko eskatu ez dizkizuten mesedeak egitea esker txarrekoa izaten dela. Alegia, zure borondate onenarekin, besteari laguntzearren gauzak egiten dituzunean, ezin duzula esker onik espero. Erantzun txarra jasotzen ez baduzu, pozik! Osagileok, bistan denez, askotan ikusten dugu geure burua egoera horretan: gehienetan, pazientea guregana etortzen denean, ez baitu jakiten zehazki bere ondoezaren arrazoia. Horrelakoetan, geuri tokatzen zaigu iniziatiba hartzea, prospektiboa izatea, eskatu ez dizkiguten gauzak egitea. Ikerketa lana, finean. Arazoa konpontzea da gure helburua, eta horretarako bidea aurkitzea. Eta batzuetan, ez da pazientearen gustukoa izaten!

Lehengo eredu autoritario klasikoan, hori ez zen kontuan hartzen: osagileok agindu, pazienteak obeditu; hori zen araua. Baina denbora aurrera doa, zorionez, eta osasun paradigma berriekin batera ikusi dugu askoz ere emaitza hobeak lortzen direla elkarlanean. Horrek lehen aipatutako gaizki-ulertuak ekiditeko aukera handiagoa ematen digu; lana ere bada, ordea, eta nolabaiteko aurredisposizio bat eskatzen du bi aldeetatik. Izan ere, ez da gauza bera norbera “elkarlanaren alde” egotea, eta elkarlan hori gauzatzea! Era horretan, elkarrizketa klinikoak negoziazio itxura hartzen du: pazienteak nahi duena eskatzen du, osagileak egitekoa proposatzen du. Adostasun batera iritsiz gero, bapo! Ia segurua da tratamenduaren emaitzak onak izango direla. Hori beti ez da lortzen, baina.

Sarrien izaten den arazoa ezinezko helburuak ezartzea da. Esate baterako, 35 urteko kirolari batek mina bere bizitzatik ezabatu nahi duenean, edo bizkarreko arazo orokor bat, muskulu konkretu bat, hainbat minutuz igurtziz konpondu nahi denean, edo bizimodu sedentarioa eramanez gorputza sendo eta osasuntsu mantendu nahi denean... Ezinezko helburuak ezartzeak porrotera garamatza zuzenean. Gorputzak zenbait arau baititu, borondate hutsez alda ezin daitezkeenak («nahi baduzu, lortuko duzu», XX. mendeko gezurrik arrakastatsuenetakoa). Oro har, arau horiek hobeto ezagutzen dituzte fisioterapeutek pazienteek baino; beraz horiek haiek diotena onartu beharko lukete arazoa konpontzeko laguntza bilatzen dutenean. Baina denek ez dute egiten hori.

Beste arazo nagusietako bat horixe izaten baita: pazienteak zer behar duen ondo baino hobeto “jakitea”. Pertsona bat autodiagnostikatuta datorrenean -askotan zer eta non egin behar diozun zehaztuz-, poker aurpegirik onena jar dezakegu, baina barruan «jaungoiko maitea» pentsatzen ari gara: arazo seguruak datoz eta. Lelo ezagun baten arabera, «bezeroak beti arrazoi». Beno, osagiletzan inoiz bai (nire bizitza profesionalean, behin edo birritan tokatu zait), baina normalean, bezeroak gaiari buruzko ideia nahaste-borraste sui generis bat ekartzen du, zati handi batean interneteko bilaketa kaotikoek eraginda. Ulertuko den bezala, paziente horrek, ezagutza eta gidaritza osagileari aitortu ezean, nekez aurkituko du bere aurreiritziak aseko dituen baleko tratamendurik.

Baina kontrakoa ere gertatzen da, ez pentsa. Osagileok gure ezagutza baliatu nahi izaten dugu tratamendurik onenak aukeratzeko, batzuetan pazientearen nahiak kontuan hartu barik. Esate baterako, arazo batean puntzio lehorra edo elektrolisi perkutaneoa baliatu nahi badugu -horrelako kasuetan emaitza bikaina izaten dutelako-, baina pazienteak ez baditu teknika inbasiboak maite, nozebo efektuak haien ustezko onurak ezabatuko ditu. Komunikazioak bi norabidekoa izan behar du! •

www.abante.eus