Masan dago sekretua (eta IV)
Heldu gara masaren jatorria azaltzeko saiakera honen azken alera. Ikusi dugunez, materiaren propietate hau gorputz batek lurrera jausteko duen joerarekin lotu izan da Greziatik, inertzia mantentzeko joerarekin Errenazimentutik, eta energiaren ezaugarri emergente gisa azken ehun urteotan. Azaldu dugu indar ahuleko bosoiek masa nola irabazten duten Higgsen mekanismoaren bidez, eta soilik falta zaigu ikustea fermioiek, quark zein elektroiek, masa nola lortzen duten. Aurreko artikuluan garatu genuenez, partikulek polarizazioa izan dezakete, eremu baten perturbazioa diren heinean. Bada, horretaz gain, kiralitatea ere izan dezakete; hots, ispilu irudi baten aurrean ezberdinak izatea. Pizza bat simetrikoa izango da ispiluaren aurrean, baina ez eskumako eskua, edo ezkerra. Modu berean, quark eta elektroiak ezkerrak edo eskumak izan litezke; ezkerrek “karga ahula” dute eta elkarrekintza ahula “senti” dezakete (karga elektrikoak elkarrekintza elektromagnetikoa senti dezakeen bezala).
Higgsen eremuak ere badu karga ahula, eta beraz elkarrekintzan sar liteke partikula horiekin: elkar-ekiten duten bakoitzean partikula ezkerrak eskuin bilakatzen dira eta alderantziz. Higgsen eremua espazio osoa hartzen duen eremu aktiboa da (hutsunea iragazten duela esan ohi da), eta partikula kiralak bertan pinball batean bezala irudika ditzakegu, etengabe eremuarekin talkak izaten. Talken artean argiaren abiaduran higitzen diren arren, partikula horien batez besteko abiadura argiarena baina txikiagoa da, masa izango balute bezala! Pinballarena irudikatzen zaila bada, pentsa ezazue etxerantz danbaka doan mozkortiarengan: koordinazioa kaltetuta ez balu, lerro zuzenean ohiko abiaduran egingo luke bidea, baina zenbat eta alkoholemia handiagoa izan, orduan eta sigi-saga gehiago egingo ditu, bere batez besteko abiadura murriztuz, eta etxera beranduago helduko da. Zenbat eta elkarrekintza gehiago izan Higgsen eremuarekin, orduan eta masa handiagoa izango dute partikula horiek, beraz. Higgsen bosoiak berak elkarrekintza horren ondorioz irabazten du masa. Berriz ere, partikula espazio zati batean “harrapatzen” dugunean, masa agertzen da, propietate emergente gisa.
Fisikariek mekanismo horrekiko konfiantza izan dute urte luzez, baina esperimentalki frogatzea falta zen. Hain zuzen, Suitzako CERN azeleragailua asmo horrekin eraiki zuten, besteak beste, eta 2012ko uztailaren 4an lortu zuten Higgsen bosoia detektatzea, 1964ko proposamena frogatutzat emanda. Dena dela, masaren sekretua erabat argitzeke dago oraindik. Neutrinoen masaren jatorria misterioa da oraindik, izan ere, neutrino guztiak ezkerrak baitira, eta ezin baitute Higgsen eremuaren pinballean aritu. Nork daki neutrino eskuinak topatuko ote diren, edota masa irabazteko beste mekanismoren bat aurkeztuko ote den. Edo oraino goiz bada ere, eredu estandarra gaindituko duen fisika berri bat loratuko ote den! Horixe da zientziaren sekretua: ezer egiatzat hartu ezinik, ezin diogula galdetzeari utzi. •