Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Puntu more bat jaiaren zalapartan

Udako jaien koloretako soinu eta irudi zalapartaren erdian, puntu more bat, espazio seguru bat. Parrandara doanaren kontzientziari zimiko bat egitea da helburu bat; erasoa jasan duen emakumeari magala eskaintzea, bestea.

Maider Avaristo eta Asier Arizkorreta, Emagineko kideak, Donostiako Bulebarrean dagoen Puntu Morean.
Maider Avaristo eta Asier Arizkorreta, Emagineko kideak, Donostiako Bulebarrean dagoen Puntu Morean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Joan den astean Donostian. Aste honetan, Bilbon. Aurretik, Euskal Herriko hamaika herritan ibiliak dira eta datozen asteetan beste hamaikatan egotekoak. Azken urteotan jaietako parte bihurtu dira Puntu Moreak. Toki seguru bat festa den olatu zalapartatsu horretan. Eraso sexistarik gabeko jaiak helburu, informazioa eta sentsibilizazioa eskaintzen ditu Puntu Moreak. Eta, tamalez, erasoa gertatzen denean, akonpainamendua eta toki segurua. Donostian bi tokitan daude: Piraten Flamenka gunean eta Bulebarrean.

Bulebarreko kioskoko Puntu Morean txanda aldaketa egin berri dute arratsaldeko seietan. Maider Avaristo eta Asier Arizkorreta sartu dira, Emagineko kideak. Donostiako Puntu Moreak martxan daude egunean 21 orduz. Eguerdiko ordu bata eta goizeko bostak bitartean, Bulebarreko kioskoan eskaintzen du zerbitzua Puntu Moreak. Bostetatik hamarretara, Emakumeen Etxean.

Emaginek eskaintzen duen zerbitzua da, normalean udalei edota eragile sozialei. Herriko festetan ez ezik, jende asko biltzen duten jaialdi, kontzertu eta bestelakoetan ere izaten dira Puntu Moreak. Tokian tokiko mugimendu feministak edo bestelako eragile sozialek ere atontzen dituzte gune seguru horiek. Batzuen eta besteen artean elkarlana izan ohi da. «Mugimendu feministari oso lotuta egon da. Aspaldi hasi ziren karpa moreak atontzen eta toki seguruak sortzen eta eskatzen. Uste dut mugimendu feministaren lorpen bat dela jaietan Puntu Moreak izatea», iritzi dio Avaristok. Donostiaren kasuan, Piratek egindako lana jarri du mahai gainean: «Donostiak Piratei zor die egunean 21 orduz Puntu Morea martxan izatea, urtetan aldarrikatu duten zerbait izan da».

Baina, zer da Puntu Morea? «Jaietan bizi ditzakegun zapalkuntza eta diskriminazio egoeren aurrean, espazio seguru bat da. Eraso bat jasan duen emakumeari babesa, informazioa eta akonpainamendua eskaintzea da helburua. Sostengua, laguntza emozionala, entzun eta ondoan egotea... bakoitzari behar duena edo nahi duena ematea», azaldu du Avaristok.

Toki ederrean dago Bulebarreko Puntu Morea. Kioskoaren barruko aldetik, pantaila bat balitz bezala, festaren joan-etorriak ikusten dira. Orduak aurrera joan ahala, jendea, giroa, aldartea, pausajea... aldatzen ditu festak, jantzi eta erantzi. Arratsaldeko orduetan nerabeak gerturatzen ari dira, eraso sexisten kontrako txapak, pegatinak, pultserak hartzera. Jaiaren olatuan murgiltzeko bitxi garrantzitsuak dira. Haurrak ere pozik, familian, doan hartu ditzaketelako. «Urtero etortzen gara pultserak eta txapak hartzera», kontatu du neskato nerabe baten amak. Neskatoak kuadrilla osoarentzat pultserak hartu ote ditzakeen galdetu du. «Bai, noski». Pultsera bat, pegatina bat, txapa bat paparrean... indar sinboliko handiko osagarri txikiak dira. Su suabean interpelatzen dute jai giroan murgilduta dagoen jende olatua. «Gogoratu, ni ere eraso sexisten aurka» xuxurlatuko balute bezala.

Bulebarreko Puntu Morea egunean 21 orduz izaten da martxan. Jon URBE | FOKU

«Nik uste dut sinbolikoki Puntu Moreak giroa aldatzen duela. Pertsona askok eskertu egiten dute hor egotea bera. Puntu Morea egote hutsak zerbait mugitzen du», esan du Arizkorretak. Avaristoren esanean, gizonezko asko deseroso eta interpelatuta ere sentitzen dira Puntu Morearen presentzia hutsarekin. «Beraien iruditegian ‘feminaziek’ muntatutako zerbait da eta batzuetan modu desegokian gerturatzen dira gugana». Justu asteburuan gertatu zaie. Gizonezko bat paratu da kioskoaren aurrean. «Matxismoa ez dela existitzen eta nazkatuta dagoela diru publikoa horrelako ‘tontakerietan’ xahutzen delako. Horrelakoak esaten jardun zuen. Bilbotarra zela eta Bilbon ere seguru ikusi beharko dituela Puntu Moreak. Iskanbilatxoa sortu zuen, erantzun genion eta inguruan ere jendea batu zen, isiltzeko eta tontakeriarik ez esateko eskatuz gizonezko horri», kontatu du Arizkorretak. «Batzuetan, jai giroan piztuta, gizonezkoak gerturatzen zaizkigu, adin guztietakoak, gure presentziak molestatu egiten dituela adieraziz. Kontrakoa ere gertatzen da, zoriontzera eta gure lanari balioa ematera ere gerturatzen dira, gizon zein emakume», gaineratu du. «Jaian topatzen duguna gizartearen erreprodukzioa da eta gizartean ematen diren erresistentziak jai giroan ere ematen dira», gaineratu du Avaristok.

Lehen uneko harrera, funtsezkoa

Puntu Morea informazio eta arreta gunea da. Eraso bat sufritu duen emakumeak gune seguru bat topatuko du Puntu Moreari esker. Bulebarreko kioskotik gertu dagoen Emakumeen Etxean egin ohi da lehen harrera hori. «Erasoa gertatu ondoren, lehen une horiek oso garrantzitsuak dira. Harrera paternalista izateak, biktimari zer egin behar duen esateak, bere autonomia erabat kamusten du eta horrek asko zailtzen du gero egin behar duen bidea. Gure jarrera guztiz kontrakoa da: ‘Zuri gertatu zaizu eta zuk erabaki behar duzu zer egin nahi duzun. Hauek dira eskura dituzun baliabideak, gu hemen gaude entzuteko eta laguntzeko, baina legitimitate osoa daukazu zure prozesua zuk zeuk erabakitzeko’. Hori da ematen dugun mezua. Guk bere ondoan egingo dugu bidea, baina bidea emakumeak erabaki behar du», azaldu du Avaristok.

«Orain arte eskaintzen zen ia bide bakarra salaketarena zen, bide poliziala eta judiziala. Automatizatua dagoen mekanismo bat da. Hemen, Puntu Morean, beste aukera batzuk eskaintzen dizkiogu. Patxada hartzen eta lasaitasunez erabakitzen laguntzen saiatzen gara, nahiz eta egoerak ez diren samurrak», gaineratu du Arizkorretak.

Eraso baten berri jasotzen dutenean, larritasunaren edo intentsitatearen arabera sailkatzen dute. «Intentsitate altuko erasoa denean, badira zenbait zerbitzu: udaltzainak, gizarte langileak, Udalak eskaintzen duen taxi zerbitzua... ‘Intentsitate baxuagoko’ erasoa den kasuetan, urtean zehar martxan diren beste baliabide batzuk eskaintzen ditugu: Emakumeen Etxea, adibidez. Sexu indarkeriari lotutako zentro bat ere ireki dute Donostian eta hori ere eskaintzen diegu», esan du Avaristok.

Pentsatzekoa da erasoa jasan duen eta Puntu Morera gerturatzen den emakumeak patxada gutxi eta sentipen zurrunbilo indartsua dakartzala aldean. «Egoera gogorrak dira. Denetarik gertatzen da. Batzuetan amorrua da sentipena; batez ere, erasoa egin duena parean daukazunean. Nola ulertarazi parekoari eraso egin dizula, nola interpelatu, nola ulertarazi berak eragin duen indarkeria egoera horrek zer sentiarazi dizun. Duela gutxi izan dugu horrelako kasu bat, eta emakumeak eskatzen zuen erasoa egin zionak aitor zezala, onar zezala. Amorrua, ezintasuna, erruduntasuna, gurasoei kontatu edo ez, lotsa... emozio asko elkartzen dira», kontatu du Avaristok.

La Flamencako Puntu Morea, kontzertu jendetsu batean. Jon URBE | FOKU

Puntu Morean lanean dabiltzanak patxada emozionala ematen saiatzen dira. «Ondoan egon, entzun, batzuetan elkarrekin garrasi egin... gertatu zaiona askotan eta askori gertatzen zaiola ulertarazten saiatzen gara, berak ez duela ezer berezirik egin edo ez egin hori sufritzeko esaten, eta bere emozioei balioa ematen», azaldu du Avaristok. Gurasoak, lagunak, etxekoak... erasoa jasan duenaren bila etorri arte ondoan egoten dira. «Oso harrera ona izaten dugu normalean. Ondoan egon izana eta une horretan babesa eman izana eskertzen digute», jarraitu du Arizkorretak. Bere kasuan, gizonezkoa denez, lehen harrera hori desberdina izan daiteke. «Ni beste plano batean jartzen naiz, bigarren lerroan. Deiak egiteaz edo bestelako baliabideez arduratzen naiz normalean. Baina, batzuetan, niri ere lasai kontatzen didate gertatu zaiena eta harrituta geratzen naiz, kontatzearekin bakarrik lasaitzen hasten dira, pixka bat sendatzen».

Zerbitzua dagoeneko ezaguna da

Puntu Moreek badute dagoeneko ibilbide bat, eta Avaristok eta Arizkorretak ere badaramatzate urte batzuk eta herri asko aldean. «Gunea dagoeneko ezaguna da. Jendeak badaki zer nolako zerbitzua den Puntu Morea, gerturatzen da pegatinak eta txapak hartzera. Ezagutza aldetik, erreferente bat izatea lortu da», esan du Arizkorretak.

Jaietan ematen diren eraso sexistei dagokienez, ezin esan gora egin ote duten, gehiago salatzen ote diren... «Gizartean, oro har, gehiago hitz egiten da eraso sexisten inguruan. Beste gauza bat da norberak bere burua nola kokatzen duen horretan; berari gertatzen zaizkionak identifikatzen ote dituen, berak egiten dituenak... Gehiago hitz egiten da erasoen inguruan, baina ez dakit zenbateraino aldatu diren jarrerak. Zaila egiten zait zehaztea», iritzi dio Avaristok.

Erasoa jasan duen emakumea lehen baino errazago gerturatzen da Puntu Morera? Edo lehenbailehen etxera iristea da bere helburua? «Nik uste dut oraindik kostatu egiten zaigula. Batzuetan, gertatu eta denbora batera gerturatzen da emakumea, hau edo bestea pasatu zitzaiola kontatzera. Hori gertatu izan zaigu espazio honetan», kontatu du Avaristok.

Hainbeste ordu Puntu Morean pasatzen dituen langilea nolako pausajearekin etxeratzen da? Besteen minak daramatza bizkarrean? «Batzuetan giro ona egoten da, gerturatzen direnekin hitz egiten dugu, kontzientziazio pixka bat... dena ondo joaten da. Erasoren bat gertatzen denean, askoz okerrago etxeratzen gara. Ez dira egoera samurrak. Uste dut oso beharrezkoa dela lehen lerroan gauden horien artean sarea osatzea eta elkar zaintzea. Besteen sostengu lana egiteak norberari ere eragin egiten dio, besteen minari heltzeak mina egiten du», kontatu du Avaristok.

Emagineko bi kideak formatzaileak dira eta ikasturtean zehar saioak ematen dituzte han eta hemen. «Urtean zehar hezkidetzaren inguruko formakuntzak eskaintzen ditugu eta udan, kalera. Lan desberdina da, praktikan jartzen dugu formakuntzetan teorian landutakoa. Baina gustatzen zaigu gure lana, beharrezkoa iruditzen zaigu», gaineratu du Arizkorretak.

Kioskoan eraso sexisten inguruko eskuorriak topa daitezke; euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez. Eraso sexisten kontrako pultsera, pegatinak, txapak... Bulebarrean, festaren erdigunean, turista saldoaren joan-etorriaren lekuko, Puntu Morea Informazio Gunearekin nahasten dute turista askok. Buruhandiak eta erraldoiak nondik pasatuko diren; su artifizialak ez ote diren bertan behera geratuko; izozkirik saltzen ote duten... askotariko galderak pizten dira kioskoaren beste aldean. «Barkatu, hau eraso sexisten kontrako gunea da, ez da turismo bulegoa». Eta askok, nahiz eta propio horretarako ez gerturatu, pultsera edo txapa eramaten dute bueltan.

Andaluziatik etorritako turista batek grazia bereziz bota du galdera, ardura handikoa gainera: «Imajinatu gaurko gaua bakarrik daukazula Donostiako Aste Nagusiaz gozatzeko, zer egingo zenuke bai ala bai?». Isilunearen ondoren esan diote ez dela turismo bulegoa, Puntu Morea dela. «Barkatu akatsa, eta oso ondo joan daitezela jaiak, erasorik gabe».