A zer-nolako astea!
Erdi prestatuta nuen. Kurtsoa hezkuntzari buruz idazten hasi nahi nuen. Baina ikasleak iritsi aurretik gela atontzen ari nintzela (egia esan, zakilen marrazkiak ezabatzen kortxo, mahai eta apaletatik...) konturatu naiz jeltzalismoa ari dela benetan kurtso hasiera potentea eskaintzen. Gogor ibili ziren udan zehar ere, txosna herritarrak negozio zirela okurrentzia zabalduz lau haizeetara, gero eta ostatu gehiago kontrolatzen dituzten jabe handien interesak defendatuz, nola ez. Esan zuten aspaldi uda eta aisialdia haien esku uzteko, dena kontrolpean zutela, ez zela inoiz gertatuko Donostian aurretik Bartzelonan gertatu dena. Aitite Arzallusen fana ez nintzen inoiz izan, baina arrazoi handia zuen esaten zuenean turismoak “zerbitzari-herrialdea” zekarrela eta ez aberastasuna hedatzea.
Iraila hastear dela, harro aldarrikatu dute haien ideologia. Euskadi maite dute. Ikurrina handiak. Hortxe daude eroso. Arazoak, ordea, Euskadi delako horren errealitatea ikusten dutenean sortzen zaizkie. Ez baitzaie batere gustatzen Euskadiren zati handia. Ez zaizkie Gasteizko txosnak gustatzen, ez zaizkie Bilboko konpartsak gustatzen, ez zaizkie beste aukerarik ezean kalean batetik bestera deskantsu eta eskubiderik gabe saltzen dabiltzan gazteak gustatzen, langileen protestek kalea itsusten dutela iruditzen zaie, udaletxe aurrean pentsiodunak agertzea onartezin zaie. 1970eko hamarkadaren bukaerarako sortu zuten diskurtsoari jarraiki, Euskadi ofiziala, instituzionala, beraiek kontrolatua ez den orori diktadura eta faxismo kutsua ikusten diote. Gutxi batzuk, oraindik -eta horiek dira nire iritzi-emaile jeltzale gustukoenak- Gerra Hotzaren garaian iltzatuta daude, mundua kontrolatzeko konspirazio komunistaren kritikari zorrotzak dira. Bilboko alkatearen parodia jarri dutela txosna batean... faxismoa! Urdaibai turismogune intentsibo bihurtzerik ez dutela nahi bizilagunek... itsukeria totalitarista!
Ez zaizkie batere gustatzen parodiak eta protestak eta, oro har, iritzi askatasunaz ez dira osoki fio. Hori bai, aukera duten bakoitzean, parodiaren karikatura erabatekoa den telebista saioa biziberritzen dute. Euskal Herria espainiar eskualde pintoresko eta barregarri bihurtu zuen artefaktu kultural definitiboa. Vaya semanita, a zer-nolako astea! Kasu horretan dena oso barregarria iruditzen zaie. Barakaldoko gazteak, ezker abertzaleko militanteak, gazteleraz gaizki moldatzen diren poteatzaileak... Hori bai barregarria! Prudentzio izeneko arabar bat! Pisu batean bizi diren lau gazte, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetakoak, haien artean gazteleraz. Ederra broma.
Ez nuke esango gidoilari eta aktoreek fede txarrez egiten duten saioa denik. Baina ederra litzake denboraldi berrian protestek gogaituta nerbioak galtzen dituen alkatea, jeltzaleek kontrolatzen ez dituzten udaletan diktadura komunista dagoela obsesioz pentsatzen duen kazetaria, inoiz bukatuko ez duten trenaren obrekin aberasten den enpresaria, Donostian ikasleak bota eta pisua turistei alokatuta beste hiru pisu erosi dituena... eta halako pertsonaiak ere gehitzea. Helburua ez al zen euskal herritarrok gure buruaz barre egitea? •