Etxabetarren uda arrakastatsua
Juan Mari Etxabe entrenatzaileak eta Lorea bere alaba arraunlariak orain arte jokatutako bandera guztiak irabazi dituzte Arraun Lagunak-ekin, eta Kontxakoa ere ederki bideratuta dute. Mikel Etxabek, Juan Mariren seme eta Lorearen nebak, KAE1 Ligan jokatutako 13 estropadetatik 11 irabazi ditu San Juanekin. Hirurekin izan gara.
Aurtengoa uda benetan gozoa izaten ari da Etxabetarren etxean arraunari dagokionez. Juan Marik, Donostia Arraun Lagunakeko entrenatzaileak, eta Lorea alabak, talde bereko arraunlariak, orain arte jokoan ipini diren bandera guztiak irabazi dituzte, eta Kontxakoa, azkena eta garrantzitsuena, ederki bideratuta dute. Mikelek, Juan Mariren seme eta Lorearen nebak, KAE1 Ligako lehen postua eskuratu du San Juaneko arraunlari moduan, jokoan ipinitako 13 banderetatik 11 irabazita.
«Zoragarria», laburbildu digu Juan Mari Etxabek aste honetan Pasai Donibanen egindako elkarrizketan. «Semea behin afaltzera etorri zen eta horixe esan zidan, 30 bandera etxean. Hori izugarria da. Ni bizitza osoan ibili naiz arraunean eta horrelako denboraldirik ez dut inoiz ezagutu. Guk Arraunekin lortutakoa izugarria da, eta semeak San Juanekin lortutakoa ere bai. Kristoren poza da. Asko gozatzen ari gara, amaitzeko penetan. Amets bat bete dugu eta oso pozik», gehitu du urteen poderioz sanjuandartzen joan den oiartzuarrak.
«Kristoren balantzea, oso positiboa», bat dator Lorea. «Lehen estropadetan, jaitsieretan, ongi ibili ginen, San Pedrokoan bakarrik egin genuen kale. Gero txapelketa guztiak irabazi genituen: Gipuzkoakoa, Euskadikoa eta Espainiakoa. Ligan ere ezin gehiago eskatu, Zarauzko bigarren jardunaldi hori akaso -Tolosaldeak aurrea hartu zien-. Kontxan ere lehen jardunaldia irabazi dugu, abantaila txiki bat lortuta, eta ea ginga jartzen dugun denboraldia borobila izan dadin».
Eta Mikelekin itxi dugu balantzeen txanda. «Ezin dugu ezer gehiago eskatu. Gure ligan ia dena irabazi dugu, bi estropadak bakarrik egin digute ihes. Kontxari begira egia da lehen zazpi postu horietan sartu nahi genuela, baina kanpoan geratu ginen eta ezin dugu ezer esan. Eta orain jada play-offera begira, azkeneko bi estropadak izango dira eta bi horietan dena ematera», aurreratu digu.
Arraun Lagunaken nagusitasuna
Aipamen berezia merezi du Arraun Lagunaken denboraldiak. Bandera guztiak irabaztea ez dago edonoren esku, eta irudipena da taldeak ez duela faborito izatearen edo irabazi beharraren presioa sentitu, taldea alai eta irribarretsu ikusi dugu une oro, gozatzen.
Lorea Etxabek aipatu duenez, azken urteetako esperientziak asko lagundu die horretan. «Urte oso gogorra izan zen 2022koa. 2021ean Liga eta Kontxa irabazi genituen, eta 2022an bigarren postuan geratu ginen. Postu ona, baina egia da geure buruarengan jarri genuen presioak ez zuela zentzurik eta gure aurka jokatu zuela. Talde oso ona geneukan, esango nuke agian azken urteotan izan dugun onena, baina ez genuen irabazi ez Liga ez Kontxa. Estropada gutxi batzuk irabazi genituen: Bilbokoa eta Euskadiko Txapelketa. Modu oso txarrean ikasi genuen presio horrek ez duela batere laguntzen, ez duela ezertarako balio. Beraz, argi dugu irabazitako guztia ongietorria izango dela eta galtzen dugunak ikasteko balioko duela», hausnartu du.
«Taldeak sendotasun handia erakutsi du une txarrak kudeatzen», gehitu du Juan Marik. «Orioko estropada datorkit burura, adibidez: atzetik ibili ginen, baina hala ere, lanean jarraitu eta irabazi egin genuen. Bi minutu ongi landuak nahikoak dituzte diferentziak markatzeko. Alderdi hori garrantzitsua izan da aurten».
Eta taldearen «heldutasuna» ere goraipatu du. «Adinean aurrera doaz, borroka asko dira jada, segundo bategatik irabazitakoak izan ditugu... Orain askotan nabaritzen dut hori. Sei segundogatik irabazten duzu eta esaten dizute: ‘Puff, larri ginen’. Larri? Duela bi urte segundo bategatik edo bigatik irabazten zenuen. Haiek ziren ‘larri’».
Dohain garrantzitsuak, Kontxako bigarren jardunaldian bandera ziurtatu ahal izateko. «Uste dut bikain jarri zaigula; lehen baino errazago, bai, behintzat», dio Juan Marik Oriorekiko 9.12 segundoko aldeaz. «Abantaila bat dugu, baina hala ere, ezin dugu horretan pentsatu. Igandean gozatzera irten behar dugu, txanda irabaztera, eta etorri beharrekoa etorriko da».
San Juanen ametsa, gertu
«Kontxara urtero joan izan naiz, baina aurten justu play-offerako entrenamendua geneukan eta hemen geratu nintzen, San Juanen. Telebistatik ikusi nuen», erantzun digu Mikelek lehen jardunaldian senideak animatzera Donostiara joan ote zen galdetuta. Izan ere, sanjuandarrek maila nagusira itzultzeko helburua jarri diote beren buruari eta mimoz ari dira igoera play-off hori prestatzen. San Pedro aurkari historikoaz gain, Santurtzi, Ares eta Chapela arituko dira lehian, Eusko Label Ligan sartzeko bi txartelak eskuratzeko, datorren astean Bermeon eta Portugaleten.
«Taldea oso motibatuta dago. Uste dut denok gaudela San Juan ligarik onenean ikusteko gogoarekin, eta horretarako aukera ona dugu», azaldu du Mikelek, aitak urte luzez egin zuen moduan "Erreka" ontziko hankeko dabilen arraunlariak. «Luze egiten da itxaronaldia -ia hilabete KAE Ligako azken estropadaren eta play-offaren artean-, eta gainera dena bi estropadatan erabakitzen da. Baina estropada guztietan ari gara esaten helburua hori dela eta denok argi dugu», gaineratu du.
Arrosek apustu handia egin zuten aurtengo denboraldirako, Joseba Fernandez etxeko arraunlari eta entrenatzaile beteranoaren itzulerarekin, eta emaitzak azkar iritsi dira. «Jakin genuenean Joseba zetorrela denok eduki genuen esperantza puntu hori gauzak ongi joango zirela. Seriotasun puntu hori emango zigula. Badakigu nolako entrenatzailea den, zer maila duen, eta denboraldi txar batetik etorrita horrek esperantza handia eman zigun», aitortu du Mikelek.
Juan Mari eta Lorea ere baikor dira play-offari begira. «Bi estropadatara bakarrik joan ahal izan dut. Bat Hondarribikoa, justu irabazi ez dutenetako bat -barre artean gogoratu dute zorte txar hura-, eta bestea, Plentziakoa. Ikusi da oso maila ona eman dutela. Uste dut igoera lortzeko aukera handia dutela eta herria ere desiratzen ari da trainerua goiko mailan ikustea. Presioa? Beraiek ikusi beharko dute nola kudeatu. Uste dut esperientzia dagoela talde horretan. Aita naizen aldetik semea goiko mailan ikusi nahi nuke, eta herriko trainerua ere bai», azaldu du Juan Mari Etxabek.
Eta Lorea bat dator: «Sekulako liga egin dute. Nagusitasunez irabazten ibili dira; esan nahi dut ez direla justu-justu ibili. Kontxako sailkapen estropadan ere hori ikusi genuen. Ares goian ibili da, baina uste dut beraiek ere koska bat gorago daudela play-offeko beste taldeekin konparatuta. Ni irrikan nago Bermeo eta Portugaletera joateko eta, lortzen bada, igoera hori ospatzeko, herriarentzat handia izango litzatekeelako San Juan berriz ere TKE Ligan ikustea».
«Arrauna gorroto genuen»
Haren denboraldia amaituta, arreba bertatik bertara izango du bultzaka Mikelek: «Ni taldean joango naiz play-offa ikustera. Ohitura dugu denboraldia amaitu eta play-offa ikustera joateko. Bermeon etxe bat hartu dugu eta Mikel animatzera joango gara. Gainera, nire taldekide askok bere alde egingo dute, asko animatzen dute».
Alde batetik, ez da harritzekoa, arraunari oso lotuta bizi den familia delako. Ez da ahaztu behar Ines Etxeberria, Juan Mariren emazte eta Lorea eta Mikelen ama, arraunlaria izan zela eta aulki mugikorrean emaitza oso onak lortu zituela. Emakumezkoen traineruari laguntzen ere aritu zen urteren batean. Eta Lander Etxabe ere, etxeko hiru seme-alabetan gazteena, arraunlaria da San Juaneko gazte mailan.
Baina etxean arraunari buruz asko hitz egiten duten galdetuta, ezetz dio Juan Marik. «Etxean, hitzak kontatuta. Apenas hitz egiten dugun arraunaz. Elkar zoriondu, bai, animatu, denboraldi amaierara iritsita garrantzitsua delako helburuak lortzea, baina arraunaz, egunean zehar, oso gutxi. Urte bukaeran, eguberrietan eta antzeko ospakizunetan, familiarekin pixka bat hitz egingo dugu. Harrotasun puntu bat ere aterako zaigu horrenbeste lorpen izanda».
Arraunari buruz gehiegi ez hitz egiteko arrazoietako bat Loreak azaldu digu. «Ironikoki, ez gara inoiz benetan arraunzaleak izan. Mikel eta biok arraunean hasi gara, baina ia errebotez. Aitarengatik arrauna bizi izan dugu, baina ez dugu estropadarik apenas ikusi. Hori jendeak ez du sinetsiko, baina egia da. Guk arrauna gorroto genuen. Ez genuen ez estropadarik ikusi nahi, ez harreretara joan nahi. Ni arraunean oso berandu hasi nintzen, 18 urterekin, San Juanen neskak talderik gabe geratu zirelako. Nik judoa egiten nuen eta kuadrillan hiru arraunlari zeudenez, haiei laguntzeagatik hasi nintzen. Eta Mikel ere berdin, 19 urterekin».
Juan Marik baietz dio buruarekin, eta semea arraunean hasi zeneko anekdota ere kontatu digu. «Lorea judoan ibili izan da txikitatik, eta egia esan, oso maila onean. Eta Mikel korrika ibili izan da. Korrikalari trebea zen, ona, baina azkenean bere buruarekin haserretu zen. Eta egun batean Endika Zalduak, arraunean bere lehen entrenatzailea izan zenak, deitu zidan. Harremana bagenuen eta esan zidan: ‘aizu, Juan Mari, sekulako fitxaketa egin dut’. Nik, harrituta, badaezpada esan nion: ‘Endika, badakizu nirekin ari zarela, ez dakit komeni den niri horrelako informazioa ematea’. Eta berak baietz, niri esan behar zidala: ‘Zure semea hasi da arraunean’. Hamar egun pasatuko ziren berak etxean esaterako», gogoratu du barrez.
Mikelek ere umorez gogoratzen du une hura, eta azalpena eman digu. «Nire kuadrillako askok arrauna egiten dute eta une hartan entrenatzailea Endika Zaldua zen. Egun batean haiekin nengoela, Endikak galdetu zidan: ‘Zer, Mikel, hasiko al zara zu ere arraunean?’. Eta nik gehiegi pentsatu gabe baietz erantzun nion, beroaldian. Kontua da hamar bat entrenamendu egin nituela eta oraindik etxean ezer esan gabe nengoela, ezustekoa eman nahian. Baina Endikak aitari deitu zion eta ezustekorik gabe geratu nintzen», dio berak ere barrez.
«Ez dira inoiz arraunzaleak izan. Ni asko mugitu nintzen: Castro, Bermeo, Santurtzi... Eta beraiek, apur bat maleta moduan, beti atzetik. Etxean ere ez gara izan salan trofeoak jartzekoak eta gure bideoak ikustekoak. Ez diogu garrantzi handiagorik eman», onartu du Juan Marik.
Anai-arreben arteko apustua
Gainera, arraunaz gutxi hitz egite horri pare bat salbuespen jarri behar zaio. Batetik, familiako beste kideen aldetik izan duten tradizioa aipatu du Juan Marik. «Amaren aldetik, San Juan aldetik, arrauna topera bizi dute. Aitona zale amorratua zen. Egunkariko errekorte guztiak gorde, hau nongoa zen, bestea non bizi zen... Historia guztia ezagutzen zuen. Alde horretatik, San Juanen tradizio hori badago. Eta orain osaba-izebak berdin, asko emozionatzen dira ilobak ikusita».
«Polita da. Guk, adibidez, liga irabazi genuenean osaba-izebek pasea eduki zuten antolakuntzaren ontzian joateko. Liga irabazi, txapel eta maillot bila ontzira igo, eta izeba eta osaba bertan egotea... Hori oso polita da. Arrauna bizi dugu, baina sano, gauzak ongi doazenean ongi eta gaizki doazenean ere bai», berretsi du Loreak.
Ildo horretatik, aitak aholkuren bat ematen omen dio Mikeli. «Hasieran ikusten ninduen arraunean eta beti esaten zidan: ‘Hori ez egin horrela, egin beste modu honetara’. Bera zodiak-ean eta ni, traineruan. Eta oraindik ere bai».
«Baina ez dit kasurik egiten», argitu du barrez aitak. «Normala da», jarraitu du serioago. «Ni aita naiz, baina berak bere entrenatzaileak ditu eta nik ezin dut sartu beste entrenatzaileen lanean. Errespetatu egin behar da bakoitzaren lana. Ez diot egur handirik ematen alde horretatik. Baina janaria zaintzeko, lo gehiago egiteko... Hor ama izaten du beti gainean, eta askotan haserre gainera, gutxiegi jaten duelako».
Bestelakoa da Juan Mari eta Lorearen arteko harremana, aita-alabak izateaz gain talde bereko entrenatzaile eta arraunlaria direlako. Loreak dioenez, oso ongi desberdintzen dute harreman bakoitza eta une bakoitza. «Oso modu naturalean eramaten dugu. Etxean aita da, eta taldean, entrenatzailea. Bere izaerak laguntzen du: taldearentzat erraza da harremana berekin. Noski, emaitza onekin errazago eramaten da dena. Arraunlari guztiek asko miresten dute eta horrek dena errazago egiten du. Kritikatzen ibiliko balira niretzat askoz zailagoa litzateke, baina asko desberdintzen dugu rol bakoitza eta gainera, entrenatzailea begi onez ikusten denean, errazago egiten da dena».
Eta beste salbuespena Loreak berak kontatu digu, anaiari adarra joz. «Arraunaz gutxi hitz egiten dugu, baina hitz egiten dugunean zerbaitetarako izaten da. Aurten, lehen jardunaldietan, adibidez, pikea egon da. Hasieran, Mikel eta biok bandera guztiak irabazten ari ginen. Eta hor pixka bat haserretu egin zen, esaten zuelako: ‘Zuek estropada gehiago dituzuenez, zuk bandera gehiago irabaziko dituzu’. Eta bota zidan: ‘Argi dut ez naizela izango etxe honetako lehena estropada batean bandera ez irabazten’. Nik taldekideei kontatu nien eta denek baietz, hartzeko apustua. Eta Lekeitioko estropadan, bandera eskuetan geneukala, iritsi zen albistea: ‘San Juanek gaur kale egin omen du’. Mezua idatzi nion: ‘Zer sentitzen da bandera irabazi ez duen etxeko lehen kidea izaten?’ Pentsa zer pike polita den hori».
Mikelek ere umorez oroitu du gertaera: «Onena desio diogu elkarri. Pike kontuak ere agertzen dira, noski, txantxetan esaten diet ‘gaur agian ez duzue irabaziko’. Eta beraiek niri ere berdin. Baina txantxak besterik ez dira».
Horrelaxe eman dugu amaitutzat tertulia, eguraldi kaskarrarekin baina giro goxoan, eta guk ere onena opa diegu hirurei. Merezi dute.