Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía
[DATORRENA]

Ez dugu asko aurreratu aberatsen zergapetzean

Udazkenerako aldaketa fiskal batzuk prestatzen ari direla dirudi. Ezer gutxi dakigu asmo horretaz eta zerga erreformaz hitz egitea gehiegizkoa izan daiteke. Eta ez dago argi zenbateraino eragingo dion aberastasunaren zergapetzeari. Thomas Pikettyk kapitalari buruzko bere liburuan gogorarazten du ondarearen gaineko lehen zergetako batean, jabetzaren balioa kalkulatzeko, legeak ezarri zuela leiho kopurua zenbatu behar zela. Eraikin baten balioa kalkulatzeko irtenbide erraza: zenbat eta leiho gehiago, orduan eta handiagoa, eta, beraz, baliotsuagoa. Gaur egun erabiltzen ez den baina duela oso gutxira arte negozio batzuen errendimendua kalkulatzeko erabilitako modulu sistemaren ideia da; esate baterako, jatetxe batek zenbat mahai zituen kontuan hartuta kalkulatzen ziren etekinak. Lehen begiratuan argi dago ez dirudiela oso sistema justua.

Orain, Ticket Bai sistema sartuta, ez da beharrezkoa horrelako amarruak erabiltzea, Ogasunak kalkulatu dezan zenbat irabazi duen negozio txiki baten jabeak. Ticket Baik edozein negozioren oinarrizko kontabilitatea eramateko eta mundu guztiari dagozkion zergak kalkulatzeko aukera ematen du, gutxi gorabeherako kalkulu egokietara jo gabe. Mundu guztiari? Bada, kontua da ezetz. Behetik Ogasunak diru sarrerak eta gastuak kontrolatzea lortu duen honetan, goitik ihes egiten dute gehien dutenek. Hori, bestalde, beti gertatu izan da.

Brasilek G20ko presidentetza du eta superaberatsen zergei buruzko txosten bat eskatu zion Gabriel Zucmani. Zucmanek uda hasieran aurkeztu zuen bere proposamena. Txostenak ondorio interesgarriak ditu. Lehenik eta behin, milmilioidunen ondarea urtean, batez beste, % 7,5 hazi dela ondorioztatu du, inflazioa kenduta. Urteko errentagarritasun ikaragarria da hori. Hala ere, superaberatsek ia ez dute zergarik ordaintzen, normalean oso errenta gutxi jasotzen dituztelako, eta horiek behatzen ditu, hain zuzen, sistema fiskalak. Irabaziak ondare higigarri eta higiezinaren errebalorizazioaren emaitza izaten dira. Arlo horretan, lege ingeniaritzak estrategia ugari eskaintzen ditu ondarea une bakoitzean egokienak diren tresnetan metatu ahal izateko. Horrela, superaberatsek beren ondarearen zati bat saldu eta irabazia agertu arte, ia ez dute ezer ordaintzen.

Zucmanen proposamenak superaberats batek benetan irabazi duenaren eta aitortzen duen errentaren arteko aldea gainditu nahi du. Horretarako, superaberatsen ondarearen balio osoaren gaineko urteko % 2ko zerga ezartzea proposatu du. Horrela, grosso modo, xehetasunetan sartu gabe. Zucmanek zenbait sistema proposatu ditu ustezko ondarea kalkulatzeko, gutxi gorabeherako kalkulua, jauregietako leihoak berriz zenbatzea bezalakoa. Hainbeste berrikuntza eta hainbeste sofistikazio hasieran bezala bukatzeko.

Aberastasuna etengabe pilatzen jarraitzen da, eta egungo sistema ez da eraginkorra superaberatsen ondarea zergapetzeko. Horregatik, adibidez, Oxfamek herritar ekimen bat (https://rb.gy/qk470t) abiarazi du superaberatsei Zucmanenaren moduko Europako zerga bat ezartzeko. Hemen ere aberastasuna zergapetzearen inguruko urratsak premiazkoak dira. •