Ondo haserretzearen artea
Ez haserretu, ez kezkatu, ez egon triste... emozioak dominatzea nahiko samurra da parekoaren azalean tentetzen direnean. Norberaren azalean, baina, azkura gehixeago sortzen dute. Haserrea, adibidez, erupzioan lehertzen den sumendia da norbere gorputzean. Eztarria sokaz estutzen du, sabelean ukabila iltzatu, burura igoarazten du taupada zaratatsua. Haserrea sentsazio gogorra da, zamatsua. Poltsikoak harriz beteta ibiltzea bezala da, presentzia etengabea buruan, pentsamenduak lokazten dituen zera likatsu bat.
Mundu honetatik joatea erabaki zuen lagun batek eta asko haserretu nintzen, gogor haserretu nintzen. Nire haserrearen lubakian, serio, kopetilun. «Erraza da haserretzea. Zailagoa da triste egotea», esan zidan ahots jakintsu batek. Ez nuen inoiz pentsatu haserretzea zaila edo erraza ote den. Baina bai, haserretzea ez da batere zaila.
Beharrezkoa omen da haserretzea. Hori diote psikologoek, mugak jartzeko balio duela. Desegokia, injustua, iraingarria... iruditu zaizunaren aurreko erreakzio beharrezkoa omen da.
Aristotelesek esan zuen: «Edonor haserretu daiteke, hori oso erraza da. Baina pertsona egokiarekin haserretzea, maila zehatzean, une egokian, helburu zuzenarekin eta modu egokian, hori, egia esan, ez da hain erraza». Hemen ere, neurrian omen gakoa.
«Zergatik haserretzen gara hainbeste?», irakurri dut kezka hor barna, sare sozialetan. Haserrearen erresuma dira sare sozialak, anonimatoaren gozoan. Nago batzuk bizio hutsez haserretzen direla, droga horren mendeko bihurtuta. Ondokoak gaizki aparkatu duelako, udalak kalea itxi duelako konponketa batzuk egiteko, arrandegian ilara luzea dagoelako edota seme-alabari ez zaiolako tokirik egokitu musika-eskolan ordutegi jakinean. Beti, haserre.
Haserretzea beharrezkoa da, jendea eta jendartea bizirik, adi, tenk mantentzeko modua da. Baina haserretik hanka altxa eta hurrengo eskailerara igaro beharra dago; eraikitzeko, deseraikitzeko, aurrera segitzeko edo zerotik hasteko. Haserretutako herritarrekin ezin herri bizigarririk eraiki. •