Entrevue
Iñigo Arandia Galarraga
Kaixomaitia.eus atariaren sortzaile eta arduraduna

«Etapa bat itxiko dut eta pozik nago, nostalgia handirik gabe»

17 urteko ibilbidearen ondoren, Iñigo Arandia Galarragak (Tolosa, 1974) irailaren bukaeran Kaixomaitia.eus ataria ixtea erabaki du, nahiz eta proiektuari jarraipena eman nahi dion norbaiti aukera hori eskaintzea ez duen baztertzen. Urte amaiera jarri du epe moduan.

Lan egiten duen bulegoaren inguruetan bildu gara Iñigo Arandiarekin, Donostian. Horrenbeste denbora eta esfortzu eskaini dion Kaixomaitia.eus proiektuari amaiera emateak ez du askorik tristatzen, baina azkenaldian bidean aurkitu dituen traba eta zailtasun burokratikoekin apur bat gogaituta sumatu dugu tolosarra. «Webguneak aldaketa sakon bat behar du eta une honetan ni ez nago horretarako», onartu digu argi eta garbi. Hortik tiraka ekin diogu elkarrizketari.

Webguneak aldaketa batzuk behar dituela aipatzen duzu. Zer aldaketa?

Webgunea teknikoki zaharkituta dago. Zortzi urte bete dituen webgune bat da. Proiektuak 17 urte bete ditu, hau hirugarren bertsioa da. Zortzi urte hauetan webgunea “partxeatzen” joan naiz. Behar batzuk dituzu, horiek konpontzen saiatzen zara, gero beste zerbait egiten duzu... Baina proiektua bera, egitura, berrikusi egin behar zen: zerk funtzionatzen zuen ikusi, zerk ez, gaur egun dauden berrikuntzak aztertu... Eta teknikoki ere berritu beharra zegoen: aplikazio sendoago bat edo aplikazio natiboa egin... Badaude hainbat gauza mundu digitalean denbora pasa ahala egin behar direnak.

Izan zitekeen kooperatiba bat muntatzea, edo elkarte bat, eta erabiltzaile guztiekin esan “aizue, hemen beste zerbait egin behar dugu”. Pentsatu egin behar zen. Nahiz eta webguneak bere martxa daraman eta bere merkatua baduen, behar zen 2015-2016 urteetan egin zen moduko gogoeta sakon bat. Eta ni ez nago horretarako. 17 urte pasatu ditugu, eta orain beste nahi batzuk ditut. Ikasi egin nahi dut, lau urteko seme bat daukat eta berekin egon nahi dut, eta jaten ematen didan beste ogibide bat ere badaukat. Gauza askoren pilaketa bat da. Apple Store-ek jartzen zizkigun baldintzak ez ditugu betetzen eta ez gaude hor; GooglePlay-k ere berritzen dizkizu baldintzak eta eguneratzen joan behar duzu, gero eta zailagoa da eta gero eta kostu ekonomiko handiagoa dauka. Hor dirua joaten zaizu, eta ez webgunea hobetzeko, dagoen bezala mantentzeko baizik. Inbertitzen dituzu 2.000 euro eta erabiltzaileak ez du nabaritzen hobekuntzarik. Visa etortzen zaizu eta beste hainbat eskakizun, asegurua, prima... Momentu honetan ez dit merezi horrela ibiltzea.

Era berean, egia da, merkatu bat badagoela, eta ezer gutxi eginda, urtero erabiltzaile berriak heltzen direla. Ahoz-ahokoarekin, komunikabideetan ateratzen joaten denarekin, blogean dauzkagun 500 eduki horiekin... ia organikoki izaten ditu bisitak. Eskaintza hor dago eta jendeari iristen zaio.

Une honetan zenbat erabiltzaile ditu atariak?

Une honetan izena emanda 10.000 erabiltzaile inguru ditugu. Aktiboak gutxiago, tartean daudelako bere garaian izena emandakoak eta ez dutenak baja eman. Baina uste dut hor badagoela oinarri bat aurrera jarraitzeko. Eta gaur egungo teknologiaren desabantaila batzuk aipatu ditudan bezala, egia da teknologia horrek beste gauza asko erraztu ditzakeela ere. Adimen Artifizialak ematen dituen erraztasunak, adibidez, bideo sorkuntzarako, edukien sorkuntzarako, automatizaziorako... Ondo posizionatuz gero trafikoa ekar dezake modu nahiko automatikoan, lan gehiegirik gabe.

Nik lehen gauza batzuk azpikontratatzen nituen, edukiak eskatzen nituen, edo erosi egiten nituen. Hori gaur egun modu nahiko autonomoan egin daiteke. Zeren bezeroak badaude. Eskaintza diferentzial bezala, proposamen diferentzial bezala, euskarazko bakarra izateak jendea erakartzen du. Badago komunitate sentimendu bat, badago interes bat, zure modukoekin euskaraz harremantzeko.

Baina argi duzu edonori eta edonola ez diozula utziko proiektuaren jarraipena.

Egia esango dizut, ez dut uste erraza izango denik, baina ate hori irekita utzi dut badagoelako komunitate bat eta badagoelako nire ustez merkatuan behar bat. Eta badelako euskalgintzako proiektu bat jarraitzea merezi duena. Euskal komunitateak daukan euskarazko harremanetarako webgune bakarra da. Ni ez egoteak ez du esan nahi ez duenik proiektuak jarraitu behar. Baina era berean badaukat erantzukizun bat komunitate horrekiko, jada sortuta dagoen komunitate horrekiko. Hor badago datu sorta bat, ongi gordeta eta ongi babestuta dagoena, behartzen nauena proiektua edonori eta edonola ez uztera. Proiektu sendo batek egon behar du atzean, berme batzuk emango dizkidana niri eta batez ere erabiltzaile horiei guztiei, behar bezala tratatuak izan daitezen. Hori da baldintza nagusia. Norbanako bat etortzen bada ez daukana ibilbide bat egina, edo ez dena euskalgintzakoa, erreferentziarik ez daukana... Behar dugu kontrol minimo bat.

Eta bestea litzateke ekonomikoki nola jarraitzen dugun, zein baldintzatan. Printzipioz dohainik emateko asmorik ez daukat. Hemen inbertsio batzuk eginak daude, horrek balio bat dauka, eta gainera nik ere balio hori eman nahi diot. Hau ez da ezer balio ez duen zerbait. Norbaitek jaso nahi badu balio hori aitortu beharko dio. Hor gaude, horretan gabiltza. Irail bukaerara arte online mantenduko dugu dena, orain arte bezala. Orain egin duguna da adierazpen bat bidali erabiltzaileei, eta komunikabideen bitartez jakinarazi irail amaieran webgunea itxi egingo dugula. Baina gauza bat da webgunea eta bestea enpresa eta webgunearen aktibo hori. Eta arlo horretan nire buruari urte bukaerara arteko epea jarri diot. Tarte horretan zerbait aterako balitz, demagun proiektuari jarraipena emango dion norbait aurkitzen dudala, beste komunikatu bat egingo nuke esanez: “Aizue, urte amaierara arte jarraituko dugu aktibo”. Eta elkarrizketak nola doazen ikusirik hartuko dugu erabakia. Oraingoz bizpahiru mezu iritsi zaizkit interesa agertuz. Aste hauetan jarriko naiz beraiekin harremanetan eta ikusiko dugu elkarrizketa horiek nora eramaten gaituzten.

17 urte, azkar esaten da. Atzera begiratzean zer etortzen zaizu burura? Jarritako helburuak bete dira?

Ba orduan 32 urte nituen, eta orain 50. Nik uste nuen agian arrakasta ekonomiko gehixeago izango zuela, bere gastuak estaltzeko etekinak emango zituela, eta esango nuke hortxe-hortxe ibili dela. Egia da euskal komunitatea txikia dela, eta negozioa oso nitxoa da. Niri esan balidate orduan 17 urteko ibilbidea izango zuela sinatuko nuke, eta alde horretatik egindako ibilbidearekin pozik eta harro nago.

Ez da webgunea bakarrik, gauza asko egin ditugu: euskal herritarren harreman sexual eta afektiboen inguruko galdeketak, adibidez. Bi olatutan egin dira, olatu bakoitzean 8.000 pertsonak erantzun dute galdeketa oso luze bat gai horien inguruan. Nik uste Euskal Herrian egin den euskarazko inkesta potenteenetako bat izan dela, online egindakoa ziur baietz. Kontaketa lehiaketak ere badu bere garrantzia, hiru edizio egin dira.

Eta oro har webguneak bere maila teknikoa eduki du. Prestigio bat izan du euskalgintzako proiektu bezala eta esango nuke euskarari ere prestigio bat eman diola. Kalitate handiko webgune bat izan da. Honek guztiak niri pertsonalki eman didana da ikasketa prozesu handi bat, bai teknikoki bai marketin digitalean. Mundu digitalean eskarmentu handia izan da. Eta horrek era berean lagundu dit formazioan jarraitzen, ehundaka ikastaro egin ditut, master bat ere bai tartean, 2018an...

Horrek denak bide bat ireki dit, eta nire asmoa da orain bide hori jorratzen jarraitzea, aholkularitza munduarena, alegia. Nahiko ezaguna izan naiz aipatutako komunitate txiki horretan eta horrek eman dit aukera aholkularitza lanak egiteko marketin digitalean. Horri heldu nahi diot orain albo-lan bezala. Hori guztia eman dit eta pozik nago. Kontrak ere badaude: gastuak, inbertsioak... Etapa bat itxiko dut honekin eta pozik nago, nostalgia handirik gabe.

Garaiak oso bestelakoak ziren 2007an. Zer erreferentzia zenituen orduan?

Nik karrera amaitu nuenean urte dezente eman nituen kanpoan bizitzen. Bost urtez Alemanian egon nintzen bizitzen eta beste hiru Ingalaterran. Eta handik nekarren interneteko esperientzia, interneteko ezagutza, internetek nola funtzionatzen zuen. Proiektu batzuetan parte hartu nuen General Motors enpresan. Hor konturatu nintzen interneten proiektuak garatzeko ez zegoela sekulako aditua izan beharrik, bazegoela aukera gauza apalagoak baina txukunak egiteko. Ordurako bazeuden ingelesez match.com eta meetic.com webguneak martxan. Eta dokumental batean ikusi nuen produktore amerikar bat online ligatzeko eta bikoteak aurkitzeko proiektu batez hitz egiten. Eta hor pentsatu nuen lehen aldiz interesgarria izan zitekeela. 2003an Euskal Herrira etorri nintzen jada ideia hori garatzeko asmoarekin. Ingalaterran ezagutu nuen lagun bat informatikaria zena, eta berekin hasi nintzen pixkanaka lanean. Egia da urte hauetan ia guztietan Lotura garatzailearekin egin dugula lan eta oso potentea dela, garai hartarako jada hala zen. Eduki dut aukera buruan neukana txukun garatzeko.

Garai hartan, eta ez Euskal Herrian bakarrik, internetez ligatzea oso frikien kontua zen, gai tabua zen. Inork ez zuen onartzen internet bidez, txat batean edo foro batean ligatu nahian zebilenik. Euskal Herrian are gutxiago. Eta hori nabaritu dut batez ere 2015-2016ko gogoeta estrategikoan. Bloga ateratzearena nahiko argi zegoen, eta ekintzak antolatzearena ere bai. Baina ekintzekin ikusi zen antolatzeak lan handia eskatzen zuela eta emaitzak oso kaskarrak zirela. Jendeari asko kostatzen zitzaion parte hartzea. Ez dakit, agian komunitatea ez zegoen behar bezala landuta.

Alde horretatik, argi dago gaur egun askoz ohikoagoa dela harremanak internet bidez egitea.

Gaur egun dena egiten da askoz gehiago internet bidez. Eta gauza asko soilik internet bidez egiten dira. E-comerce edo erosketak, banka, komunikazioa... Fax bat nork bidaltzen du? Eta harremantzeko esango nuke lehenengo edo bigarren modua izango dela. Eta garai batean, berriz, ez zen existitzen. Denboran atzera egingo bagenu, 60 urte zerbait esatearren, eliza zen harremanak egiteko gune nagusia, ikerketak daude horren inguruan. Orain internet da harremanak egiteko gune nagusietako bat. Eta ez bereziki harremanetarako propio sortutako aplikazioak erabiliz, baizik eta sareak erabiliz. Instagram-en argazki bati like eman, mezu pribatu bat bidali... Beste kode batzuk erabiltzen ditu gaurko gazte jendeak. Adin batekoek agian horretarako propio sortutako zerbitzuak erabiliko dituzte, baina natibo digital deritzegun horiek, internetekin hazi direnek, kode horiek erabat barneratuta dituzte. Eta noski, ez daude prest horrelako aplikazio bat ordaintzeko.