Miren AZKARATE BADIOLA

Putreak nonahi

Banco Santanderrek urte hasierarik onena izan du: 2.52 milioi irabazi ditu martxora arte, iaz baino %11 gehiago”. “Espainiako bankuak 7.860 milioiko irabaziak izan ditu”. “Caixabank-ek 1.005 milioi irabazi ditu urteko lehen hiruhilekoan, iaz baino %17 gehiago”.

Horrelako lerroburuak irakurri eta irakurri nire harridura eta haserrea pareko dauden honetan, balantzaren beste aldean horrelakoak: “Haur jaioberri bat duen familia bat etxegabetze arriskuan dagoela salatu dute Gasteizen”. “Azken 10 urteetan frutaren kontsumoa ia %20 jaitsi da Hego Euskal Herrian. Fruta %65 garestitu da 2014tik 2023ra”. Bi adibide txiki baina era berean argigarri, diruaren banaketa ez-orekatua erakusten digutenak.

Honek argi erakusten du aberastasuna gutxi batzuen eskuetan dagoela, eta bitartean, gehiengoak -eta gehiengo horren barruan zati zaurgarri handi batek (gero eta handiagoa denak)- bizitza duin bat izateko ahaleginak eginda ere gorriak ikusten ditu hilabete bukaerara iristeko.

Ez da berria orain esaten ari naizena, urtero errepikatzen diren datu eta lerroburuak dira. Baina honek ez du esan nahi berriz ere lehen lerrora ekarri behar ez dugunik gaia. Batzuen aberastasunak besteen pobrezia dakar, aspaldiko leloa da, baina arrakala hori gero eta handiagoa da eta arrakala horretan gero eta gehiago dira zailtasun handiak dituztenak oinarrizkoak diren giza eskubideak aseta izateko, dela janaria, etxebizitza, hezkuntza edo osasuna.

Bankuek funts putreak dituzte, baina putreak ez daude soilik bankuetan. •