Eguzkiaren sarrerak
San Vicente de la Barqueratik gertu bada Oyambre izeneko paraje bat, non talaia batetik eguzki sarrerak ikustea ohitura bilakatu den. Udan zehar jendetza biltzen omen da eta udazkenean ere jarraitu egiten du errituak. Orain gutxi izan ginen eta hogeita hamar bat bikote zeuden, gehienak gazteak, isiltasun erabatekoan eguzkiaren azken esprintaren zain. Ikuskizun gutxi daude izadian, ilargi betea da beste bat; hainbeste metafora eta esamesa poetiko eragin dituenik. Osagarri ezberdinak erabiliz, neu ere bat asmatzera ausartu nintzen denbora-pasa, eta eguzkiak une horretan arrautza gaizki frijitu baten antza zuela erabaki nuen, zeruko plater urdinean behera hirugiharraren koloreko lainoen atzean ezkutatzen, metafora izateko luze samarra atera bazitzaidan ere. Aparkalekuetan “Rayo verde” kartelak ikus bazitezkeen ere, udazkenean eguzkia lurmutur baten atzean sartzen da eta han ez genuen ikusi ez izpi berderik, ez urdinik.
Sarrera horri begira, gogoratu nintzen behinola Mertxe Aizpuruak esan zidala ea zergatik ez nuen eguzkia sartzen ikusteko euskal kostak zituen talaiarik ederrenen inguruan orrialde bat idazten. Egun poetikoa izango zuen emakumeak eta, ni beti esaneko, han hasi nintzen Biarriztik abiatu eta kostan zehar begiralekuen deskribapenak egiten. Zumaiako Itzuruni aparte bat egin nion, ezagun kuadrilla bat zegoelako arratsero eguzkia sartzen ikusteko hondartza gain horretan biltzen zena.
Jarraitu nuen Bizkaiko kostatik barrena talaia edo tala izena zuten lekuen bila eta kazetaritza literarioari zirriztu bat irekiz, neure gogoan iltzaturik neraman irudi batekin bukatu nuen erreportaje interes gutxiko hura, kontatu bainuen behin neguko arrats batean ikusi nuela Aixerrotatik edo Punta Galeatik, ez naiz gogoratzen, eguzkia zerutik behera Muskizko Petronorren tximinia nagusiaren ahotik sartzen, edo sartzeko keinua egiten gutxienez. Artean ez zen hitz egiten trantsizio energetikoaz, baina irudi indartsua zela iruditu zitzaidan eguzkia energia fosilaren ikur den tximinia bat menderatzen. Kontua da zalantza handiak ditudala orain inoiz halakorik ikusi ote dudan. Oyambreko talaiatik eguzki sarrerari begira nengoen bitartean zin egin nuen negu honetan egingo dudala buelta bat Aixerrotatik Punta Galeara, ea ikusten dudan Petronorreko tximinia nagusia eguzkia jaten. Hori izpi berde bat ikustea baino iradokitzaileagoa iruditzen zait. •