Giza portaerak gurutzagunean
Txundigarria da gizakion portaerek nola funtzionatzen duten begiztatzea; txundigarria esamolde positibo bat erabiltzearren. Beldurra da portaerak aldatu edo indartzeko aldagai garrantzitsuenetako bat; ezjakintasuna aurrekoarekin erabat lotuta dagoen beste bat; eta sinpletasuna zein korrontearen kontra igeri egin nahi ez izatea funtsezko beste bi.
Nik ez behintzat, baina badira giza portaerak zehaztasun osoz aztertu eta maneiatzen dituztenak; diru asko inbertitzen dute batzuek horretan, eta zinez diotsuet horiek askotan emaitza nabarmenak lortzen dituztela.
Esaterako, honetan oso trebatuta daude -eta gero eta gehiago trebatzen ari dira- eskuineko indarrak eta, oro har, aldaketak egotea gustuko ez duten eragile edo botere indarrak. Jakin badakite, beldurraz baliatuta, gizateria gai dela berezko ditugun elkartasunaren eta enpatiaren balioak ezabarazteko. Modu berean, informazioaren ordez entretenimendua solik jasotzen ohitzen bagaituzte, hori soilik eskatuko dugu, eta ez gara inola ere informatuta egongo, kontrakoa pentsatuko dugun arren. Hortaz, ezjakintasunean biziko gara; eta hori baliatuta, gorputzean beldurra askoz errazago sartu ahal izango digute, giza portaerak aldatu eta helburu zehatzak lortzeko.
Gizakiak sozialak gara izatez, eta horregatik, esfortzu handia eragiten digu gehiengoaren kontrara beste norabidean joateak, bestelako iritziak azaldu eta portaera desberdinak defendatzeak; are gehiago, sinpletasunak eta gatazka ezak ematen digun oreka eta lasaitasuna helburu, ez dugu nahi arrazoibideak azaldu eta eztabaidatan aritu behar izaterik; ihes egiten diogu horri.
Estrapolatu ditzakegu egitate hauek gurean mendeetan Eliza katolikoak eragin duen inposizio latzera, adibidez: «Bizi hemen beldurrez eta men eginez, agindutako guztia betez gero, hurrengo bizitzan saria jasoko duzulako». Eta baita azken epealdi luzean eskuin muturreko eragile askotarikoek kontrol polizialean oinarritutako “segurtasunera” zein ilargiari so egin beharrean atzamarrari begiratzeko erabiltzen duten arrazakeria latza areagotzeko lan erraldoira ere.
Eserlekuetatik altxatzen gaituztenak
Horren barnean, deigarria da, hain kapsulatuta eta mamututa bizi garen garai luze eta ilun hauetan, ikustea nola badiren gure eserlekuetatik altxarazten gaituzten arrazoi gutxienetako batzuk, elkartasun eta giza ongizate alorretatik erabat urrun daudenak, eta nonbait ulertzeko zailak diren klik-ak eragiten dituztenak pertsonetan.
Horietako gertuko bat aipatzearren, niretzat erabat harrigarria izan zen zaborrak jasotzeko “Atez Atekoa” sistema ezarri zenekoa. Edozein modu erabilita helburua EH Bildu Gipuzkoako erabakitze guneetatik botatzea izanik, zenbait indarrek herritar asko mobilizatu zituzten zabor mota desberdinen ateratzea egun desberdinetan banatzea inposatu zelako. Oraindik ere zur eta lur nago era guztietako proiektuak inposatzen diren lurralde honetan burmuin makiavelikoren batek asmatu zuelako zaborrarekiko ohitura aldaketa honek tamainako protesta eragingo zuela.
Halako portaera ugari ikusita, jada ez nintzateke harritu beharko, enpresa pribatuek haien negozioak egiteko gure ingurune publiko naturalak kudeatu eta hondatzen dituztela jakin arren, inork gutxik protestatzen duela jakinda. Baina, aldiz, beste enpresa pribatu batek, mendeetan egiaren eta beldurraren jaun eta jabe izan denak, bere boterea betikotuz Euskal Herriko mendi guztiak gurutze erraldoiez beteta dituelarik, ezezagun batzuek horietako bat kendu dutelako hainbat eta hainbat pertsona asaldatzeak barregura sorrarazi dit, eta zer pentsatua, jakina. Ez dugu ezer ezbaian jartzen, korronteak agintzen du erabat, eta inoiz baino politikoki zuzenagotzat daukagu gure burua. Jesus, Maria eta… gosea gizateria honek merezi duena, arraioa! •