Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
MAITE AZPIAZU ERRAZKIN, ARRATE GAZTELU AGIRRE eta AITZIBER LEOZ ETXARRI
OINHERRI, Euskal Herriko herri hezitzaileak sustatzeko elkartea

«Haurra ikus dezakegu aukera bat bezala, helduok ematen ez ditugun erantzunak ematen dituelako»

Gaur egun 14 eragile eta 50 udal biltzen ditu Oinherrik, eta kide berriei irekita dago. Hezkuntza bertze era batera bizitzen hasteko eta eskolaz eta familiaz gain eragile gehiago inplikatzeko bide bat da.

(Argazkiak: Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal Herriko herri hezitzaileak sustatzeko elkartea da Oinherri, irabazi asmorik gabekoa. Elkarte publiko-komunitarioa da, bi bazkide mota dituelako: batetik, bazkide sortzaile eta sustatzaileak, Oinherri sortu zuten 14 eragileak, batez ere aisia, hezkuntza, euskara eta kultura arloan aritzen direnak. Eta bertzetik, bazkide laguntzaileak, Oinherrik sustatzen duen herri hezitzaileen sare horretako kide diren udalak. Une honetan 50 bat udal dira.

2012. urtean jaio zen Oinherri, mundu mailan sortzen ari zen herri hezitzaileen filosofia Euskal Herrira eta euskarara ekartzeko eta hortik gure egiteko. Lau eragile elkartu ziren. Batetik, Hik Hasiko, Joxe Mari Auzmendi zenak Erromara bidaiatu zuen Francesco Tonucci elkarrizketatzeko eta haurren parte-hartzeak herriak nola eraldatu zitzakeen jakiteko. Aldi berean, Txatxilipurdi Arrasateko aisia eta euskara elkarteak Tonucciren “Haurren hiria” euskarara ekarri zuen. Oiartzualdean, OarsoIrriak egitasmoa sortu zen Irrien Lagunak-ekin batera, familien bertzelako aisiaren eredu parte-hartzaile eta euskaldun baten bila. Nafarroan ere Txusma Azkona eta Alfredo Hoyuelos haurtzaroaren kultura bertze era batera planteatzeko saiakerak egiten zebiltzan.

Euskal Herriko eragile horiek Kursaalen topaketa batzuk antolatu zituzten, hagitz arrakastatsuak, 500 bat pertsona bildu ziren: hezitzaileak, irakasleak, udal ordezkariak... eta erabaki zuten behar zela eragile bat Euskal Herrian herri hezitzaileen filosofia sustatuko zuena. Hala sortu zen Oinherri.

Hiru langile ditu egun, eta haiekin bildu gara Bergaran, egiten ari diren lana ezagutzeko asmoz.

Nola joan da elkartea garatzen? Nola antolatzen zarete?

Arrate Gaztelu: Gorakada nabarmena izan da herrien aldetik, eta, hauek batez ere Gipuzkoa eta Bizkaikoak badira ere, elkarteak nazio ikuspegia du. Iaz bereziki jarri genuen fokua Nafarroako sarea handitzean.

Maite Azpiazu: 14 eragileek sortu duten ezagutza hori herri hezitzaileen sarean lurreratzen dugu. Hiru-lau urtetik behin herrien beharren identifikazio bat egiten dugu, eta amankomunak direnak lan-ildo gisa hartzen ditugu. Adibidez, haurren parte-hartzea eta hirigintza jorratzen ari gara. Sexualitatearen lan taldea ere badugu. Gaiak aldatzen doaz beharren arabera.

Aitziber Leoz: Berriak datoz. Sare sozialen inguruko hausnarketa eta diagnostiko txiki bat egiteko asmoa dugu, ikusteko Euskal Herriko gazteak nola dauden aisiarekin eta sare sozialekin lotuta, orain herri hezitzailea fisikoa eta digitala baita.

Zein ibilbide egiten dute gai horiek?

A. G: Teoria sortzen dugu herrietako beharrei erantzuteko. Hamar liburuxka argitaratu ditugu. Formazioak, hitzaldiak, espazioak... Baliabideak sortzen ditugu.

M. A: Herriak topatzeko jardunaldiak ere egiten ditugu; zailagoa da jendeak horretarako egun bat hartzea, errazagoa da gu joatea herrietara. Baina oreka bat lortzen saiatzen gara bien artean, guretzat sare hori indartzea eta kohesionatzea delako funtsa.

Bide horretan, Nafarroako Herri Hezitzaileak Saretzen Topaketa egin zenuten ekainean. Zer moduz joan zen?

A. L: Esperientzia polita izan zen. Sareko kide batzuk eta interesa duten beste batzuk hurbildu ginen eta aurrera joateko benetako gogoa sumatu genuen; beraz, pozik. Konpartitzeko momentua izan zen. Orain, Nafarroako beste eragile batzuk saretu eta Oinherriren parte bilakatu nahi ditugu.

Hilabete berean, Oinherriren lehen Batzar Orokorra egin zenuten.

A. G: Udalei bazkidetzeko aukera ireki genien, eta elkarte publiko-komunitario bihurtu ginen. Egia da burokratikoki beharrezkoa zaigula batzar orokorra egitea, baina sentsazioa izan genuen herriak oso pozik atera zirela. Ekainean denez, urteko balorazioa egiteko aukera ematen digu, eta datozen kurtsoetan ere erabiliko dugu sortzen eta garatzen ari garen tresna berriak aurkezteko.

A. L: Tresna horiek sareko herrien esku daudelako gero. Hitzordua garrantzitsua izan zen zerbaiten parte garela sentitzeko eta esperientziak konpartitzeko ere, inspirazio iturri bezala, eta askotan errepikatzen direlako herrietako beharrak.

A. G: Bakoitza ez geratzeko bere frustrazioetan. Izan ere, erronkak ez dira samurrak, su motelekoak dira.

M. A: Ohitura aldaketa bat da: herrian elkarrekin lan egiteko ohitura hartzea hainbat eragilek, hezkuntza ikusteko modu zabalago bat... Bizi estiloa aldatzeko proposamen bat da. Bestalde, Euskal Herriko txoko pila batean ari dira gauza zoragarriak egiten. Egitasmo horiek balioan jarri, ezagutzera eman eta partekatu behar dira, eta saretzeak horretarako ere balio du.

A. L: Une batean modu autonomo batean funtzionatzen hasten dira herrietan sortutako elkargune horiek, nahiz eta gu ez joan.

Esperimentatzen ari zarete eta hori ez da erraza. Gainera, partaideek beren bizitzari eta lanari lapurtzen dioten denbora bat da.

A. G: Lehen aipatzen genuen frustrazioak badu hortik ere. Ez gaude ohituta esperimentatzera. Kasu honetan, “Parte-hartzea haurtzaroaren kulturatik birpentsatzen” markoaren inguruan esploratu dugu eta tresna bat sortu dugu herrietan haurren parte-hartze kanal iraunkorrak sortzeko. Hau lau herritan esperimentatu dugu: Hernani, Oiartzun, Segura eta Itziarren. Elkarrekin eseri dira oso gutxitan elkarrekin lan egin duten eragile batzuk, eta hortik ari gara garatzen. Laster aurkeztuko dugu behintzat lehen zatia, denentzat baliagarri izango den tresna honena.

Herrietan orokorrean oso balorazio ona egiten da, baina eredurik ez dugunean kosta egiten zaigu zerbait berria pentsatzea edo erabakitzea. Gure mezua izan da esatea “goazen ahal dugunetik hastera, zerbait sinplea, egingarria, emaitza ikusiko dena, eta gero joango gara garatzen”. Kanal iraunkorra izatea da asmoa, baina malgua, alda daitekeena.

M. A: Haurren parte-hartze sistematizatuaren eredu ia bakarrak Tonucciren “Haurren Kontseiluak” dira. Guretzat haur eta nerabeak txikitatik parte-hartzean heztea da herri hezitzaile bat eraikitzeko tresnarik garrantzitsuena, baina oso erraz erortzen gara haurrak helduen gisan parte hartzen jartzean, guk dakigun moduetan. Haurtzaroaren kulturako beharrak kontuan hartuko zituen bestelako parte-hartze eredu baten beharra sumatzen genuen: jolasa, ludikotasuna, mugimendua, elkarlana... Ez hainbeste hitzaren bidezko iritzi-ematea, bestelako adierazpen batzuk baizik.

Lau herri hartu genituen, laurak gipuzkoarrak, bertako Foru Aldundiaren laguntzaz egin dugulako hau. Lau kasuetan lantalde bana sortu genuen herri hezitzaileko lau eragileekin: udala, hezkuntza formala, ez formala eta herrigintza. Ikasturte osoko prozesua egin genuen: aurrena diagnosi bat, haurrek zertan parte hartzen duten, zer ekipamendu parte-hartzaile dituzten, zein haurtzaro existitzen diren herri horretan... Haurtzaroa ere aldagai ugarik zeharkatzen duten etapa bat delako. Ikusita zer aliatu eta aukera dauden, herrian aztertu genuen non koka genezakeen parte-hartze iraunkor hori, eta formakuntza bat ere jaso genuen metodologiaren eta behaketaren garrantziaren inguruan. Lau eredu ezberdin atera dira, eta aurtengo erronka da horiek martxan jartzea, ahal den neurrian. Atera dugun ezagutza guztiarekin tresna bat sortzen ari gara herri guztiek erabili ahalko dutena beraien herriko haurren parte-hartze kanal hori sortzeko.

A. G: Tresna digitala izango da. Azaroan aurkeztuko dugu lehenengo zatia eta herri batzuetan probatuko dugu.

M. A: Herriei berdina esaten diegu beti, eta hau da politena eta aldi berean zailena: ez dago makilatxo magikorik, “hau, hori eta hura nahastu eta herri hezitzaile bat zara”, bertakoek bertakoentzat bertako baliabideekin egin beharreko prozesu bat da. Egiteko moduak aldatzen ikastea da kontua.

Non parte har dezakete, adibidez, haurrek?

M. A: Guk planteatzen duguna da denean parte har dezaketela. Haurrak ez dira etorkizuneko herritarrak bakarrik, orain eta hemen ere herritarrak dira, eskubide eta betebehardunak. Herriko erabakietan parte hartzea beren eskubide aitortu bat dela esan zuen aspaldi Nazio Batuen Erakundeak. Agian gutxien garatu den haurtzaroaren eskubide bat da, ez dugulako ikusten haurra subjektu aktibo bezala, txikia ikusten da, guk babestu beharrekoa. Eskatzen du begirada aldaketa bat, haurra ikusten hastea aukera bat bezala, helduok ematen ez ditugun erantzunak ematen dituelako. Kontua da asmatu behar dugula nola galdetu, beraien hizkuntzara nola itzuli adibidez hirigintzako APOa, nola jaitsi beraiekin aurrez aurre hitz egitera. Guk hau aldarrikatzen dugu iruditzen zaigulako, parte-hartzea egiten denean herrietan, iristen garela iristen garenetara bakarrik, kanpoan jende asko gelditzen dela. Agian beste modu batera egin behar dugu betikoak ez diren horiek azaltzeko.

A. G: Bi aldekoa da. Haurrei ematea hitza edo egitea aitortza: beraiek ere badira erabakitzeko herritar. Bestalde, etorkizunera begira, haurretatik edo behetik hasten bagara parte-hartzean hezten, badakigu herri parte-hartzaile bat garatuko dugula.

Agian ez dakigu parte hartzen, ez dugulako ikasi.

A. G: Guk askotan egiten dugu dinamika bat galdetuz ea lehenengo aldiz noiz parte hartu duen jendeak zerbaitetan. Ez dugu zehazten zertan: bozka ematen edo jolasten. Hor ikusten da parte-hartzearen ideia oso konkretu bat dugula, eta bestalde, ikusten da txikiagotatik parte hartu duenak parte hartzen jarraitu duela nerabetan eta nagusiagotan.

M. A: Parte-hartzean heztea da familian edo haurraren lehen etxe horretan galdetu izana, eskolan taldearen parte eta entzuna sentitzea, bere motibazio eta erritmoak errespetatuta, eta hirugarrena izango litzateke komunitatean edo herrian parte hartzea. Prozesu bat bezala ikusten dugu. Parte hartzeko eredu bat edo bestelako metodologia bat sortzen badugu haurrak eroso sentituko direna, hizkuntza ulergarri batean egingo dena, hori denok ulertuko dugu, irisgarria izango da aitona-amonentzat, iritsi berria den batentzat, zaurgarrienentzat. Jaisten bagara metro eta erdira, horrek irekitzen ditu aukerak betiko parte-hartzaileak ez diren haiek erosoago aritzeko. Haurrekin herritik paseatzen dugu batzuetan eta haiek kontatzen joaten dira nola ikusten dituzten gauzak. Adibidez, “txoko hau pila gustatzen zaigu, baina zikina dago; gu prest geundeke etortzeko eta garbitzeko”. Parte hartzeko metodologiak bilatzea da, ahalik eta anitz eta desberdinenak, bakoitzak bila dezagun gurea.

A. L: Parketik harago joan behar du parte-hartzeak, baina parkea ere ateratzen da, hor dagoelako interesa. Herri batean esan ziguten parkeko banku bati buelta emango ziotela borobilean jartzeko eta elkarrekin hitz egiteko denek.

M. A: Proposamena da parte-hartze sozialetik protagonistara jauzi egitea: ados, banku honi buelta eman nahi diozue. Goazen elkarrekin egitera.

A. G: Oso garrantzitsua da ondo galdetzen ikastea ere. “Zer nahi duzu?” galdetzen badiozu haur bati, esango du igerilekua, tirolina... Aldiz, galdetzen badiozu zein den guztien premia, ezberdina da: “Neguan elkarrekin goxo egoteko leku bat”. Parte-hartzea balio hezitzaileen mugekin: ekologikoak, ekonomikoak...

Jaiak dira parte-hartzea probatzeko aukera bat.

M. A: Nik uste jaiak badirela gauza erakargarri bat, sinplea, egingarria. Adibidez, goazen haurrekin egitarauko ekintza bat adostera, poliki hasiz. Nerabeekin ere bai. Behin guri esan ziguten bezala, “ez-leku” sentitzen direlako. Kontua da parte-hartze ahalduntzaile eta protagonistak jarraitutasuna behar duela. Herri hezitzaileen sarean hezkuntza foro bat sortzen den gisan, haur eta nerabeekin ere sortzen hastea da ideia. Batzuetan ez da ezer berria sortu behar. Badaude gazte txokoak, gaztetxeak, aisialdi taldeak, edo eskola oso inplikatuak. Hor koka dezakegu.

A. L: Batzuetan haiekin batera ikusi behar dugu espazio bat nola eraldatu, dagoen bezala ez duelako funtzionatzen.

Zein erronka dituzue kurtso berrian?

A. L: Nafarroara begira, sarean dauden herriekin jarraitzea eta sartzeko interesa duten herriekin hastea eta taldea egitea. Gero, aisialdiko eta euskararekin lotutako eragileekin ea saretzea lortzen dugun eta lankidetzan jarraitzen dugun. Dena lotuta dago eta aukera asko daude. Gauzak sakabanatuta daude eta biltzeko puntu polita izan daiteke. Araban ere interesa badute herri batzuek eta mugitzen hasi nahi dugu.

A. G: Parte-hartzearen lan ildo hau lantzen jarraitzea, tresna hau aurkeztea. Gogoa daukagu zuek ikusteko! Bidean aurkitu dugu jende oso ona, EHUko ALHE Auzolana Hezkuntzan ikerketa taldearekin ari gara lanean, haiek lagunduko digute edukiz gehiago janzten.

M. A: Hirigintzan, Lekarozen aurkeztu genuen markoa, Hiritik At-ekoekin lanean daramatzagu urteak. Herri arteko hirigintzako foroan marko hori lurreratzeko lan koaderno bat osatu dugu. Nola eraldatu ditzakegu gure herriak haurren autonomia, jolasak eta topaguneak sortzetik eta bernaturalizaziotik? Lan koaderno hori probatuko dugu.

A. G: Sexualitatearen lan ildoan hezitzaileekin ari gara lanean. Asmoa da praktika on batzuen liburuxka bat sortzea, eta ikustea sexualitatea ez dela soilik erotismoarekin lotua dagoen zerbait, bizitzako esparru guztietan dagoela.

M. A: Sare sozialen proiektu bat ere osatu dugu Bizipoza eta Tapuntukoekin, erreferente euskaldun eta hezitzaileak sortzeko. Dirulaguntza baten mende dagoen egitasmo bat da. Ateratzen bada nerabeekin batera egingo dugu. Herrietan hezkuntza foroak dinamizatzen ere jarraituko dugu.