Bakea eraikitzen El Salvadorren, Guatemalan eta Kolonbian
Morena Herrera, Yeni Jiron, Sonia Elizabeth Moreno, Dora Miron, Constanza Ramirez, Luz Marina Monzon eta Luz Marina Hache El Salvador, Guatemala eta Kolonbiako ekintzaileak eta giza eskubideen defendatzaileak dira. Euskal Herrian izan dira berriki Mugen Gainetik gobernuz kanpoko erakundearen eskutik. GAUR8 beraiekin mintzatu da gatazka armatuek emakumeengan, haurrengan eta, oro har, gizarteengan dituzten ondorioei buruz.
El Salvadorretik, Guatemalatik eta Kolonbiatik etorri berritan, Morena Herrera, Yeni Jiron, Sonia Elizabeth Moreno, Dora Miron, Constanza Ramirez, Luz Marina Monzon eta Luz Marina Hache GAUR8rekin mintzatu ziren ordubete luzez bidaiaren nekea alde batera utziz. Mahai gainean gai potoloak: gatazka armatuen ondorio zabalak, desagerpenak, biolentzia sexuala gerra arma gisa, “marak”, bakearen eraikuntza, zaintza, erresilientzia…
Bakoitzak bere errealitatetik eta bizipenetatik, iragana, oraina eta etorkizuna uztartu dituzte. Helburua eta ametsa, bakearen eta mundu hobe baten eraikuntza, gerraren zauriak egia, justizia eta aitortzaren bidez osatuz.
Gatazka eta emakumeak
«El Salvadorko Egiaren Batzordeak ez zituen kontuan hartu gatazka armatuaren barnean egon ziren bortxaketak. Sexu erasoak egon ziren, baita salaketak ere, baina Egiaren Batzordeak ez zituen aintzat hartu bere txostenean 1993. urtean. Ez zen ezjakintasunagatik izan, zeren gerran biolentzia sexuala egon zela jakina zen. Baina ez zuten emakumearen diskriminazioarekin eta berdintasun ezarekin lotuta dagoen arazo estruktural bat bezala aztertu», adierazi du El Salvadorko Morena Herrerak, gerrillari ohia eta giza eskubideen aldeko ekintzailea denak.
1990ean Las Dignas erakunde feministaren fundatzailea izan zen. Egun, Abortuaren Despenalizazioaren aldeko Herritarren Elkarteko presidentea da, eta Toki Garapenerako Kolektibo Feministako kide ere bada. 2023an Europako Parlamentuak giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen defentsan laguntzen duten pertsonei eta erakundeei ematen dien Sakharov sarirako izendatu zuten Herrera.
Iaz, gerra beteranoez osatutako bi emakume elkartek biolentzia sexualaren gaineko ikerketa bat aurkeztu zuten. «Kide batzuentzat gogorra izan zen, ez hainbeste Indar Armatuek egindako bortxaketengatik, baizik eta gizonezko gerrillariek beraien kide gerrillarien kontra egindako sexu erasoengatik. Bestelako jokabidea eta zaintza espero zuten gizon gerrillarien aldetik. Gerrillaren aldetik biolentzia sexuala ez zen arma gerra bat izan, bai, ordea, Indar Armatuentzat, baina arazoaren aurrean kezka handiago bat egon behar izan zen».
«Guatemalan -gaineratu du Sonia Elizabeth Morenok, San Carlos Unibertsitateko Historia Eskolan Antropologian lizentziadunak- norberarenaz hitz egin aurretik maila orokorrean hitz egiten hasi ginen, batzuetan norberarenak min egiten baitu. Morenak esan duena oso garrantzitsua da, zeren gatazka armatu batean emakumeak, eta bereziki emakume indigenak eta mestizoak, sexu biolentziaren biktima dira, sexu-indarkeria arma gerra bat bihurtzen baita. Guatemalan, Historia Argitzeko Batzordearen eta Eliza katolikoaren txostenetan, bortxaketak aipatzen badira ere, ez dira gerra arma gisa identifikatzen», nabarmendu du.
Giza eskubideetan, herri indigenen, emakumeen, haurren eta gazteen eskubideetan, ingurumenaren eta lurraldearen defendatzaileak babesteko neurrietan, biktimologian, gatazka armatuek eragindako biktimen eta biziraun dutenen auziak giza eskubideen ikuspegitik sistematizatzen eta Egiaren Batzordeetan trebatu da Moreno.
Izabal departamentuko Q´eqchis herri indigenako emakumeak aipagai ditu. Bi emakume taldek giza eskubideen defentsan ari diren mugimenduekin eta abokatuekin batera militarren kontrako prozedura judizial bat abiatu zuten esklabotza sexualarengatik. Hainbat soldadu eta militar zigortu zituzten. Epaiketan, agerian gelditu zen sistematikoki bortxatuak izan zirela eta emakumeak esklabo sexual gisa erabili zituztela.
«Epai honek garrantzi handia du Erdialdeko Amerikarentzat eta Latinoamerikarentzat, zeren lehen aldiz munduan indarkeria sexuala gerra-arma gisa auzitegi nazionaletan epaitu zen. Ruanda edo Jugoslaviaren kasuan prozesu judizialak sistema judizial nazionaletatik kanpo egin ziren. Guatemalako sistema judizialak eman zuen epaia, eta onartu zuen Sepur Zarco komunitateko emakumeek esklabotza eta sexu-indarkeria jasan zituztela gerra arma gisa», azpimarratu du Morenok.
1982ko abuztuan Sepur Zarco komunitateko emakumeak sexualki bortxatu zituzten soldaduek euren etxeetan, seme-alaben aurrean. Egun batzuk lehenago, Armadako kideek emakumeen senarrak bahitu eta desagerrarazi zituzten. Beren lurren jabetza tituluak lortzeko antolatu ziren nekazari soilak ziren. Une horretatik aurrera, emakumeek esklabotza sexuala eta etxeko esklabotza jasan behar izan zuten destakamentu militarrean, sei hilabete eta sei urte tartean.
«Txandaka» antolatuta, bi egunean behin destakamentura aurkeztera behartzen zituzten, eta sistematikoki eta modu askotara bortxatu zituzten. Esklabotza sexualari etxeko esklabotza gehitu zitzaion, janaria prestatzeko eta soldaduen uniformeak garbitzeko betebeharra baitzuten.
Morenok nabarmendu duenez, «auzitegi batek indarkeria sexuala gerra arma gisa aitortu izana munduko emakumeen borrokari» esker lortu da, batez ere «gatazka armatuak bizi izan ditugun eta Armaden logika ‘kontrainsurgentetik’ indarkeriak pairatzen jarraitzen dugun gizarteei esker».
«Emakume indigenak kanporatuak direnean, haien etxeak, animaliak, artoa, arropa… erretzen dituzte. Eta horretaz guztiaz gain, bortxatu egiten dituzte gaur egun ere. Iragana gogorarazten digu».
Bere hitzetan, «herrien eta emakumeen borrokarako oso garrantzitsua da gatazka armatuek emakumeengan izan dituzten ondorioak aitortzea, eta sexu-indarkeria ardatza da. Historia Argitzeko Nazio Batuetako Batzordeak ondorioztatu zuenez, 1981etik 1983ra Guatemalan Indar Armatuek genozidio ekintzak egin zituzten».
Luz Marina Hache kolonbiarra da. 1986ko azaroaren 20an bere bikotekide Eduardo Loffsner Torres desagerrarazi zuten. 2005ean Estatu Krimenen Biktimen Mugimenduaren (MOVICE) sorrera bultzatu zuen eta hango bozeramaile bihurtu zen. Bortxazko desagerpenen, epaiketaz kanpoko exekuzioen eta Kolonbiako desplazamenduen biktimen 200 erakunde baino gehiago ordezkatzen ditu plataformak. Paramilitarren atentatu bat jasan ostean, 2000. urtean, Jose Alvear Restrepo Abokatuen Kolektiboari eta Amnesty Internationali esker, Lyonen erbesteratu zen.
«2016an Gobernuak FARC-EP gerrillarekin sinatu zuen bake akordioak esperantzaz bete gintuen. Baina Kolonbian ez dago bakerik, Estatuak ez du bete sinatutakoa eta legez kanpoko eragile armatuek existitzen jarraitu dute, horien artean, paramilitarrak, Estatuaren parte direnak», gaitzetsi du Hachek.
«Estatua gizarte kolonbiarrak pairatu dituen krimenen erantzulea da, bai ekintzaz bai omisioz ere. Paramilitarrak Indar Armatuek egin ezin dezaketen lan zikinaz arduratzen dira. Bake akordioei esker, sexu-indarkeria azaleratu da. Baina Kolonbian zortzi milioi desplazatu ditugu, gehienak emakumeak eta horietatik %60 sexu biolentzia pairatu dutenak, bai beraien kontra baita beraien seme-alaben kontra ere. Biolentzia horren erantzulerik ez dago, zeren errazena horrelakorik ez dela gertatu esatea da», dio kolonbiarrak.
«Kezkagarriena», Hacheren hitzetan, gatazka armatuaren jarraipena da. «Paramilitarren, FARC-en disidentzien, beste gerrilla batzuen eta narkotrafikoaren biktimak izaten jarraitzen dugu. Narkotrafikoa Kolonbiako sektore guztietan sartuta dago. Eta Gobernua aldatu den arren eta Gustavo Petro presidenteak emakumeoi aitortza eta ikusgarritasuna eman nahi izan digun arren, ez gaituzte errespetatzen. Urratuenak, jazarrienak eta baztertuenak izaten jarraitzen dugu. Estatuko krimenen biktimen kasuan, MOVICE taldeko %90 emakumeak gara, gure senarrak, semeak, bikotekideak... hil edo desagerrarazi baitituzte eta inork ez baitu haiengatik erantzun nahi. Estatuari erantzule egitea eskatzen diogu. Biktimizazio horretan, sexu erasoak jasan dituzten kideak ditugu», azaldu du Hachek.
Luz Marina Monzon ere kolonbiarra da. Giza eskubideen aldeko abokatua da. Memoria-prozesuak babestu ditu. Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionalaren «Justiziarako eskubidea, ez errepikapenaren berme gisa» ikerketa txostena koordinatu zuen. 2017ko irailean, Habanako bake akordioen ostean sortutako Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Unitatearen (DBEA) lehen zuzendari izendatu zuten. Kargu horretan aritu zen 2018 eta 2023 artean. Egun, Senatu kolonbiarraren aholkulari lanetan dabil.
«Nire kideek esan dutenari ondorengoa erantsiko nioke. Gerrari aurre egiteko emakumeek eraiki duten lidergoa zigortu nahi dute; horregatik, emakumeok erasoen eta mehatxuen jo puntuan gaude. Seme-alabak errekrutatzearekin eta desplazamenduarekin mehatxatzen gaituzte», adierazi du Luzek.
Hala ere, «indarkeria horren erdian», emakumeek «bake-akordioak gidatu eta bultzatu» dituztela eta «bakea eraikitzeko bidea irekitzen» ari direla ere nabarmendu du Monzonek. «Indarkeria handia da, baina bizi-baldintza hobeen alde egiten duten emakumeen ausardia eta erresistentzia ere handia da», azpimarratu du.
Constanza Ramirez kolonbiarra Otras Voces elkarteko komunikazio arloko arduraduna da. Francia Marquez presidente ordea Kolonbian emakumeek jasaten duten bazterketaren sinbolo dela dio. «Kargu horretan dagoen lehenengo emakumea da, afro-amerikarren ondorengoa, beltza. Berdintasunaren eta Emakumearen Ministerioa sortu du, baina Kongresuak bere funtzionamendua sabotatu du eta ez du ahalmenik izan Ministerioa garatzeko».
«Marquezek berak bazterketa, diskriminazioa, ahanztura eta mehatxuak pairatu ditu. Presidente ordea izan arren, ezin du bere jaioterrira joan mehatxatuta dagoelako. Duela gutxi bere aitaren kontrako atentatu bat egin zuten».
Hacheren antzera, Petroren garaipenak piztu zuen itxaropena aipatzen du. Lehen aldia baitzen Kolonbiako demokrazian ezkerrak eta gerrillari ohi batek hauteskundeak irabazten zituela. «Ez dugu inoiz diktadura militarrik izan, baina horren beharrik ez delako izan. Diktadura militar baten ordez, Segurtasun Estatutua izan dugu eta horren babespean militarrek gobernatu dute. Eskubideak aitortu badizkigute ere, praktikan ezin ditugu egikaritu, eskubideak paper hutsean gelditzen dira».
Francia Marquezen izendapena
Ramirezen hitzetan, Marquezen «izendapena inklusioaren itxaropenarekin hartu genuen. Itxaropen bat da, baina praktikan erabateko diskriminazioa eta blokeoa ikusten dugu. Gurea bezalako herrialde desberdin batean, oposizioak uste du ez dela Emakumearen eta Berdintasunaren Ministeriorik egon behar».
Monzonentzat, «Marquezek Kolonbian ukatu eta baztertu diren gauza asko ordezkatzen ditu. Emakumea, afroa, umila, ingurumenaren defendatzailea... da. Hori guztia da gatazkaren oinarria. Franciak hori dena ordezkatzen du. Gu guztiok ordezkatzen gaitu, aldaketaren agendaren itxaropena sinbolizatzen du».
Rigoberta Menchu, sinboloa
Dora Miron Guatemalako gizarte langilea Rigoberta Menchuren idazkari pertsonala izan zen 2000ra arte. Aita, ama, senarra eta aitaginarreba desagertuta ditu. 1976az geroztik, Guatemalako landa-eremuko emakume indigenei eta ez-indigenei laguntza humanitarioa, soziala eta politikoa eskaintzen die. 1982tik 1995era erbestean bizi izan zen.
«Herri indigenen eta emakumeen borrokak ordezkatzen ditu Rigoberta Menchuk, ez soilik Guatemalan, baita Latinoamerikan ere. Bere izena daraman fundazioak hezkuntza, bakerako kultura… lantzen eta sustatzen laguntzen du», dio. Puntu honi buruz, ondorengoa dio Sonia Elizabeth Morenok: «Bakearen Nobel sarirako kanpainak eta fundazioaren lanak Guatemalako gatazka armatuaren eta genozidioaren izaera jarri ditu mahai gainean. Gure herrialdeetan egon diren gatazken muinean arrazakeriaren aurkako borroka dago. Gure estatuak erabat arrazistak, diskriminatzaileak eta baztertzaileak dira, batez ere jatorrizko herriekiko, baina baita establishment-ak ezartzen dituen irizpideak betetzen ez dituzten gizarteko sektoreekiko ere. Jatorrizko herriek, emakume pobreek, beltzek... indarkeria sistematikoa bizi izan dute historikoki».
«Elkarrizketa honetan parte hartzen ari garen emakumeok biolentzia politikoa desagertzea nahi dugu. Biolentzia politikoa genero indarkeriarekin nahaspilatzen da. Emakume indigena bati, Francia Marquezen kasuan bezala, bere lidergoa gauzatzeagatik, gizarteak ezartzen dizkion kostu emozionalak, afektiboak eta familiarrak handiak dira. Guk guztiok egunero aurre egiten diegu kostu eta indarkeria horiei. Lurraren, lurraldearen, ingurumenaren, memoria historikoaren eta epaiketen alde egiteak eta desagertuak bilatzearen alde borrokatzeak kostu afektiboa, emozionala eta ekonomikoa eragiten digu emakumeoi. Gizonen eta emakumeen lidergoak desberdin ikusten ditu gizarteak. Kriminalizatuak eta judizializatuak dira eta espetxean daude horietako asko. Espetxealdia ere desberdin bizi dute gizon eta emakume liderrek», gogoratu du.
Yeni Jiron salvadortarra Suchitoton bizi da eta Concertako emakumeen kooperatibarekin egiten du lan. Bi urterekin militarren operatibo batean galdu zen, soldaduek eraman zuten eta umezurtzentzako leku batean utzi zuten. Pertsona ezagun batzuek aurkitu zuten, baina geroago umezurtzen eta/edo gerrillarien seme-alaben beste zentro batera eraman zuten. Gaztetan amarekin eta familiarekin harremana berreskuratzea lortu zuen.
Emakumeen zaurgarritasuna nabarmentzen du Jironek. Rigoberta Menchuren ondarea oso garrantzitsutzat jotzen du, hura jaso eta patriarkatuaren kontra borrokatzen jarraitzeko beharra azpimarratzen ditu. «Genero-arrakala gutxitzeko eta guztiontzako genero berdintasuna aldarrikatzeko antolatzen ari gara. Latinoamerikaren mapa politikoari erreparatzen badiogu, agintari gehienak, salbuespenak salbuespen, gizonezkoak dira. Emakumeak ikusezin bihurtzen gaituzte».
Najib Bukeleren politikak
El Salvadorko egungo egoeraz eta Najib Bukelen agintaldiari buruz galdetuta, Morena Herrerak argi du: «Bukelerena eredu zigortzailea eta autoritarioa da. El Salvadorren eraikitzen ari ginen demokrazia hauskorra suntsitzeko borondatea du. Hilketak gelditzearen aitzakiapean justifikatu du bere segurtasun eredua. Politika zigortzaile horrek hilketen kopurua jaistea lortu du, baina ez guztiak. Aurten, gutxienez, 27 feminizidio gertatu dira El Salvadorren, baina Estatuak bakarra onartu du. Emakumeen aurkako indarkeriak ez du baliorik Gobernuarentzat».
Bere hitzetan, «informazio eta komunikazio aparatu bikaina du; Latinoamerikak dituen segurtasun-gabezia arazoak konpontzeko eredua hori dela etengabe errepikatzen du. Baina Bukeleren ereduak ez ditu ez herritarren eskubideak ez eskubide konstituzionalak bermatzen. Ez dago adierazpen askatasunik. Botereen banaketa paper bustian gelditu da, aparatu judizial osoa kontrolatzen baitu».
Jeny Jironek hitza hartzen du: «El Salvadorren ez dago inolako bermerik. Bukelek ez ditu giza eskubideen aldeko ekintzaileak, gatazka armatua bera, memoria historikoa, pobrezia edo feminizidioak aitortzen. Inor gutxi doa komunitateetara, periferiara… bertako errealitatea lehen eskutik ezagutzera eta Bukeleren sistemak haiengan duen eragina ikertzera».
«Ez dugu askatasunik: meatzaritzaren, berotze globalaren, kutsaduraren ... aurka borrokatzeko eskubidea ukatzen digute. Zaurgarritasun handian bizi gara. Erakundeok estrategiak bilatu behar ditugu geure burua antolatzeko eta ahotsa altxatzeko, ez gara isilik geratu behar. Gure komunitateetan eta udalerrietan antolatu behar gara. Ez dugu beldurrik erakutsi behar munstro honen aurrean», dio Jironek.
El Salvadorko Gobernuak indarrean jarri duen lege baten arabera, atxilotutako norbait presoaldi prebentiboan espetxeratu dezakete leporatzen dioten delituaren gehienezko zigorraren erdiagatik.
«Abortuagatik eta larrialdi obstetrikoengatik preso dauden emakumeak, adibidez, 30 eta 40 urte bitarteko zigorra jaso dezakete; beraz, lege honekin 15 edo 20 urte arte egon daitezke kartzelan epaiketarik gabe. Horixe da Gobernua egiten ari dena, baina ez da publiko egiten», ohartarazi du Morena Herrerak.
Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrean (GEAI) «Beatriz auziagatik» prozedura judizial bat hasi zuten hainbat giza eskubideen aldeko elkartek eta abokatuk, tartean Morena Herrerak. Nahiz eta gaixotasun sendaezina eta larria pairatu eta fetua bizitzarekin bateragarria ez izan, entzefalorik gabekoa zelako, haurdunaldiarekin jarraitzea behartu zuen Estatuak. Jaio eta bost ordutara hil zen Beatriz alaba.
«San Josen, Costa Rican, Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarraren egoitzan, botere-talde horiek pankarta handiak zabaldu berri ditu Beatrizen auziaz arduratzen diren epaileei abortuaren industrian ez erortzeko eskatuz. Talde horiek defentsa legala ordaindu diote Estatuari. Nola ezin duten kasua irabazi, giza eskubideen urraketak egon zirela erakusten dugulako, xantaiaren, presioaren eta Gortearentzako izen txarraren bidetik irabazi nahi dute», salatu du Herrerak.
Gatazkaren eragina haurrengan
Gatazka armatuek haurrengan eta gazteengan duten eragina mahai gainean jarri nahi dute. Luz Marina Hache da lehena: «Gizarte kolonbiarra gaixorik dago. 60 urte baino gehiagoan biolentzia politikoa pairatu dugu. Umeei gatazkak beraien artean konpontzea eskatzen zaie eta oso ohikoa da horretarako biolentzia erabiltzea. Kolonbian bizitzak ez du baliorik. Desberdin pentsatzeagatik hiltzen zaituzte, mila peso kentzearren hiltzen zaituzte, mila peso ez edukitzeagatik hiltzen zaituzte… Giza baloreak aldatzen saiatu behar gara, baina tamalez gurea kultura biolentoa da. Egunero ikusten ditugu horren adibideak zoritxarrez».
2021. urtean gazteen protestak bortizki erreprimitu zituztela gogoratu du. «Lan, osasun eta hezkuntza eskubideak besterik ez zituzten aldarrikatzen. Errepresioa eremu guztietan hedatu zen. Eta nola erantzun zuen gazteriak? Ba armen eta biolentziaren bidez, zeren ez zuten bestelako aterabiderik. Belaunaldi hau eta hurrengoaren hurrengoak ere pasa beharko dira, beste balore batzuk izango dituen gizarte bat eraikitzeko. Bizitza da daukagun gauzarik sakratuena eta, hala ere, gutxien axola zaiguna. Beste bati bizitza kentzeak ez du inporta. Nola liteke hamalau urteko mutiko bat hiltzea anana bat hartu duelako? Hori ulertezina da Ez dugu lortu hitz egitera eseriko den gizarte bat eraikitzea; horregatik, gure aldarrikapenetako bat da desberdin pentsatzeak ez gaitzala hil».
Guatemalari buruz, Dora Mironek gizartea oso «konfrontatuta» dagoela dio, «bizi izan dugun gatazka izugarri eta irrazionalaren ondorio gisa. Horrek ez digu aurrerapausorik ematen uzten. Eta haurtzaroaren kasuan, maren atzaparretan erortzen dira asko. Edozer gauzagatik norbait hiltzeko prest dauden gaztetxoak dira. Horri neskatoen kontrako biolentzia gehitu behar diogu. Gerora hilik agertzen diren 13 urteko neskak bahitzen ari dira Guatemalan. Eta hor ez dago klase sozialik, denei eragiten ari die eta. Biolentzia arazo larria dugu»
«Gatazka armatu baten ondorioak askotarikoak eta anitzak dira. Kolonbiaren kasuan, gainera, ez da amaitu». Luz Marina Hachek aipatu du 60 urte baino gehiago daramatzatela gerran. «Kontua ez da behin bakea sinatuta gatazkarik ez dagoela. Orain beste modalitate batzuk daude. Gatazka armatu batek desitxuratu egiten ditu bizitza, errespetua eta duintasuna lehenesten dituzten balioak eraikitzeko oinarriak. Gatazkak irauten duen bitartean, bizitzak ez du baliorik eta arrakasta besteen gainetik pasatuz lortzen delako ideia gailentzen da», gaineratu du Luz Marina Monzonek.
«Gatazka armatuaren jarraipenak etorkizunerako aukerak ukatzen dizkie gazteei. Desplazamendu handia sortzen duelako; gatazkaren aktoreek lurraldearen boterea hartzen dute, eta gazteek testuinguru horretan ez dute inolako aukerarik. Edo soldata bat ematen dieten horiekin hasten dira lanean, edo are aukera gutxiago dituzten hiriguneetara joan behar izaten dute. Hori erronka handia da Kolonbian itxaropena eta bakea eraikitzearekin amesten dugunontzat».
Honen harira, Sonia Elizabeth Morenok hausnarketa kritiko bat egin du. «Orain arte Egiaren Batzordeek ez dute aintzat hartu gatazka armatuek haurrengan duten eragina. Fokua ez da haiengan ipini inoiz. Gerra garaian umeak zirenen eta egun helduak diren pertsona horiengan ez da inoiz fokua jarri. Komunitateetan, emakumeengan, lekualdatzeetan, desagertze behartuetan izan dituen eraginak ikertu ditugu, baina oso ikerketa gutxi daude gatazka armatuak militanteen, gerrillarien, liderren... seme-alabengan izan zituen ondorio eta kalteei buruz. Egun, ume horiek ama eta aita dira. Agian, familian edo bakarka, eragin horiei heldu zaie, baina gizarte gisa ez da egin eta egiteke dago oraindik».
«Hemen gauden guztion herrialdeetan gerra garaian galdutako, lapurtutako edo adopzioan emandako haurren bila dauden elkarteak ditugu. Orain jada helduak dira haur horiek. Zer bizi izan zuten gure seme-alabek gu gure militantziagatik haien ondoan ez geundenean? Agian gure seme-alabekin hitz egin dugu, baina geure buruarekin eta osatze prozesuekin kritiko bagara, gizarte bezala gabezia hori aitortu behar dugu».
Dora Mironek migrazioaren fenomenoari erreparatzen dio. «Haurrak bakarrik doaz, ‘coyote’-ari ordainduta. Eta narkoak haurrak errekrutatzen ditu».
El Salvadorko egoerari dagokionez, Morena Herrerak haurdunaldi goiztiarra aipatzen du. «Bortxaketen ondorioz haurdun gelditzen diren 9 urteko neskatoak ditugu. Ikerketen arabera, Latinoamerikan hiru emakumetik batek bortxaketa bat jasaten du bere bizitzan. El Salvadorren, hiru emakumetik bik nolabaiteko sexu biolentzia pairatzen du. Kasu batzuetan, bortxaketa horien ondorioz haurdun gelditzen dira neskatoak. Estatuak haurdunaldiarekin jarraitzea soilik eskaintzen die».
«Eta baldintza prekarioetan. Haien etorkizuna zapuztuta geratzen da, jada ezin dutelako ikasten jarraitu. Haurdunaldi horretaraino iritsi dira neskato horren ametsak eta itxaropenak. Haur horrek beste haurtxo bat zaindu behar du eta ez Estatuak ez inork ez du gero ama bihurtu den neskato hori zaintzen. Horrek pobrezia gehiago, zaurgarritasun gehiago, frustrazio gehiago eta giza eskubideen urraketa gehiago eragiten ditu», gaineratu Yeni Jironek.
Constanza Ramirezentzat «gizarte bat ez bada izutzen bere haurrei hori gertatzen zaielako, gizarte hori oso gaixo dagoenaren seinale da».
Testuinguru ezkor horretan, «emakumeok esperantza ereiten dugu mundu desberdin bat utzi behar dugula pentsatzen dugulako. Gure seme-alabei, bilobei... gizatasun gizatiarragoa utzi behar diegu. Beste giza balio batzuk eraiki behar ditugu. Hau da dugun etxe bakarra. Ezin diogu itxaropenari uko egin egoera txarra bada ere», dio Luz Marina Hachek.
Erresilientziaren esanahia
Erresilientzia hitzari buruz galdetuta, lehena erantzuten Constanza Ramirez da. «Niretzat gehiegi erabiltzen den kontzeptu bat da. Edukia galdu du. Errekuperazio hitza nahiago dut. Elkartean badugu lan plan bat, emakume zaintzaileak barne hartzen dituena, historikoki emakumeak izan direlako familietan zaintza lanak egin dituztenak. Belaunaldien arteko elkarrizketa horietan oinazeak eta beldurrak azaleratzen dira».
Luz Marina Monzonentzat, erresilientzia «erresistentzia prozesu bat da. «Zoritxarraren eta indarkeriaren aurkako erresistentzia gisa ikusten dut. Esan bezala, bizitzaren eta gizateriaren aldeko apustua da niretzat. Gizatasunaz hitz egitea ez da nolanahiko gaia genozidio bat ikusten ari garen une honetan. Gizateriaren etapa honetan, uste genuenean honezkero ez genuela genozidio bat biziko, egunero ari gara Gazako genozidioa ikusten, eta hura eskalatzeko arriskua».
«Niretzat -gaineratzen du Yeni Jironek- borrokarako dei bat da erresilientzia. Elkartzeko eta isilik ez geratzeko beharra islatzen du».
Sonia Elizabeth Morenorentzat, «zaintza ama lurraren zaintzarekin hertsiki lotuta dago, izaki eta espezie guztiena, dela fauna, flora, harriak, lakuak, ibaiak, ura, leku sakratuak. Gizateria gisa beste izaki horiek zaintzen ez baditugu, gure oreka eta bizitza hil egingo dira».
«Gizakiaren adimenaren eraldaketa bat da, eta iraganeko eta oraingo beste izaki horiekin duen harremana, borrokak jarraitzea ahalbidetzen duena, eta hor ulertzen duzu herri indigenek beren lurraldeen defentsan egin duten borroka historiko eta etengabe hori. Erresilientzia kontzeptua motz gelditzen zait».
Luz Marina Hachek nabarmentzen duenez, hitz horrek «bestelako giza balio batzuk aldarrikatzen ditu. Biktima garenok ez dugu mendekurik nahi, ez dugu nahi mina egin zigun pertsona horri gure berdina gertatzerik. Elkartasuna, zaintza eta elkarri laguntzea lehenesten ditugu. Gure artean familia desberdin bat eraiki dugu. Estatuak behartutako desagerpenetan duen erantzukizuna bere gain hartzen ez duen bitartean, gure senideen desagerpenaren erantzulea nor izan zen ez dakigun bitartean... Nor barkatuko dugu? Norekin adiskidetuko gara? Ez dugu aukera hori. Egiarako eskubidea ukatzen bazaigu, adiskidetzea prozesu zaila da».
«Egiarik eta aitorpenik gabe ez dago adiskide prozesurik», diote guztiek aho batez solasaldia amaitu aurretik.