Arrakasta ala arrastaka
Zure izaerak ez badu sozialki ongi enkajatzen, asmatu beste nortasun bat». Hau baino aholku txarragorik entzun duzu inoiz? Itsasoari gatza kentzera doazela kontatu didate, ez dakit zein eko-soluzio dela eta. Earki ba.
Zu zer moduz zabiltza?
Normal.
Bueno, normal-ek ez du ONDO esan nahi, ASKOK BEZALA esan nahi du.
Batzuetan eguraldi txarra egitea nahi dugu etxean geratzeko. Gustatzen zaigulako eta aitzakiarik gabe geratzen garelako, kaleko arrisku eta esposizioetatik aldentzeko. Arrastaka ibiltzeari beldurra diogu eta ez gara ausartzen gauzak probatzera, dastatzera, proposatzera, galdetzera, ikertzera… baina orduan, ez dugu arrakastarik.
Babes goxoan geratzen gara: zaharregia naiz 48 urterekin nire ideia matxistak aldatzeko, ez dago gizon jatorrik planeta osoan maitemindu ahal izateko, nola ikasiko dut ba hori zupatzen daukadan lan mordoarekin, ezetz esango dit ziur galdetzen badiot...
... Ezetz esaten badizu, bere errua izango da txortan egin ez izana, pelikula elkarrekin ikusi ez izana edo terapiara joan ez izana...
... Hiletetan ikusiko dugu elkar, ba.
Apaizak erlijioko ikasgaian 10 bat jarri zidan O.H.O.ko 8. mailan (egungo DBH 2). Nahiko harritzekoa izan zen; izan ere, nik ez nuen ikasgai hori ikasten. Fede eskaseko familietatik gentozen 2-3 ikasleak fotokopiagailu gelan uzten gintuzten bakarrik. Bertan, biraderadun makina bat zegoen, elektrizitaterik gabe zebilen, mekanikoa zen guztiz, Gutenberg-en inprentaren mini-oinordeko bat.
Gure pazienteekin egiten dugun lana ere horrelakoa da, kra-kra-kra egiten du poliki, oso pertsonalizatua da, aldaketak motelak dira. Ez dira bat-batean beldurrak desagertzen, ez da arratsalde bateko lana sinesmen mugatzaileak alboratzea edo norbere konfiantza eraikitzea. Pausoz pauso ematen da. Mini-inprenta horretan bezala. Lorpenak azaleratu egiten dira, maiz zalaparta handirik gabe. Besteetan transformazioak oso-oso begi-bistakoak dira, edonondik begiratuta ere.
Intimitatea pertsonen arteko espazio birtual bat dela esango dugu.
Eta eremu honetako lorpenak nire gustukoenetarikoak izaten dira.
Espazio birtual horretan, norbere zaurgarritasunak, kezkak, zalantzak eta ezintasunak ikusgai uzten dira, jakinda besteak ez dituela zure kontra erabiliko. Hala, bada, informazio hori jaurtitzeko arma bihurtu dugu eta intimitatea SUNTSITU da. Itxi egingo gara. Ez dugu konplizitaterik lortuko. Agur eguzkia, kaixo hotza.
Aldiz, bi kideek ikasten dutenean espazio hori bakerako, elkar ezagutzeko, elkar ONARTZEKO, ulertzeko, elkarbizitza errazteko, maitatzeko, elkar lamizkatzeko, gustuko jakiak partekatzeko, mesedeak egiteko, bizitza errazteko erabiltzen, TXAPELDUNAK DIRA. Niretzat, behintzat.
Txapeldunak, irabazleak, jakitunak eta xoragarriak.
Orduan, ezkontzea erabakitzen badute (ezkontzea diodanean, izan daiteke hipotekatzea, seme-alabak edukitzea, konpromisoa hartzea, ala ezkontzea bere horretan), jazoera edo ospakizun hori AUTENTIKOA izango da. Edozein gauza eraiki ahalko da hortik aurrera. Ez da EROSITAKO mugarri bat izango.
Eta honetan guztian JOLASA DA HAZIA.
Jolasa, bere horretan diot (ez lizuna, ez erotikoa...) !
Bi haurren moduan erlazionatzea, hortaz: asmakizunak, txisteak eta zurrumurruak partekatu (bai, hori kirol nazionala da eta bikoteei on egiten die, ainx). Konpetitu, adarra jo, aurpegia ala gurutzea aukeratu erabakiak hartzeko, etxeko tortillen txapelketak egin, nor lehenago iritsi erosketen poltsarekin igogailuraino, apustu txoroak egin, eta mahai jokoak berrestreinatu (partxisa, kartak, damak, dominoa, mikadoa, ping-pong,...), jolastoki giroa sortzen jarraitzeko. •