Azkena txiste bihurtzen da
Azkena nor ez izan, hori jartzen du jokoan neoliberalismoak. Turbokapitalismoan bizi dugun fasea ez da lehena izateari buruzkoa, guztiz kontrakoa baizik. Azkena ez geratzeko lehiak egikaritzen du. Bestela, zer dela eta pentsatuko du orain hilabete batzuk herrialde berri batera iritsi den mutikoak bere etsairik handienak emakume feministak direla? Zergatik edukiko du horrelako ezinikusia guraso latinoak dituen neska horrek ez gazteleraz ez euskaraz ikasteko denborarik izan ez duen beste neska afrikar harekiko? Nolatan hedatzen da hain erraz, langile prekarioen artean, lan hobea lortzeko oztoporik handiena euskal hiztunak garelako ideia? Zer dela-eta usteko du erosketak egiteko ozta-ozta duen familiak lapurrik handienak banku bulego ohia okupatu duten babesgabe gazteak direla?
Neoliberalismoak uko egiten dio testuingurua existitzen dela onartzeari. Eta testuingururik gabe, azkena gelditzeko beldurra besterik ez dago. Ez daude behar komunak, ez daude babestu beharreko pertsonak, ez dago antolatu eta elkar laguntzeko aukerarik. Horiek denak lehiarako trabak omen dira. Estaturik ere ez omen da behar. Galdetu valentziarrei, denborale arrisku erraldoiaren aurrean tokiko gobernuak testuinguruari ez ikusiarena egin izana pairatu baitute. Gogoratzen Kuba berrietan agertzen zenean, nola iristen zitzaigun urakan erraldoiak irlatik babes neurri guztiak hartu ondoren pasatu eta gero AEBetan ehunka biktima gertatzen zirela? Horratx.
Neoliberalismoak ez du behar estaturik, ez bada herritarrak erreprimitzeko edo sistemaren baloreetan hezteko. Nolako aieneak, mozal legea bertan behera gelditu daitekeela entzute hutsarekin. Nerabeen curriculumean, bestalde, gero eta gehiago azpimarratzen duten “ekintzailetza gaitasuna” delako hori sustatzeko ere behar dute eskola. Funtsezkotzat jotzen dute ekintzaile arrakastatsu izatea, gurasoen likidezia ahalmenaren eta familiaren harreman sarearen araberakoa izango ez balitz bezala. Diru piloa irabaztea irakatsi litekeen zerbait balitz, ziur egon eliteak bere tresna guztiak erabiliko lituzkeela hori langileon seme-alabek jakin ez dezagun. Aldiz, ederra da sartu diguten ziria: aberatsa ez bazara, dirua irabazten ikasi ez duzulako da. Ez al duzu oraindik zure “start-up”-a sortu? Ez al duzu jakin aprobetxatzen Glovok dirua irabazteko eskaini dizun aukera paregabea?
Merkatu kuota nahikorik ez duten identitateak ere zuloan nahi dituzte, ez dira errentagarriak. Galiziako irakasleak harrituta ageri dira, nerabeen artean aurreiritzi matxistak eta arrazistak hedatzearekin batera, galegoa espainieraren dialekto delako ideia zaharra gogor dabilela ikusita. Orain urte batzuk hain bizirik zirudien hizkuntza desagertzera bidean doa modu beldurgarriki azeleratuan. Gurean, “Vaya Semanita”-ren berragerpenarekin euskal identitatearen “txistifikazioa” indartu dute, klixez betetako umorerako betegarri bezala darabilte eta euskararen arnasguneak arrapaladan desagertzen ari dira, txiste bihurtuta. Euskal identitate gogorra eraiki genuen “konfliktoaren” urteetan, baina likidezia neoliberalaren garaiari neurria hartu ezinik gabiltza. •