Erasotzaileen «me too» bat
Iñigo Errejon. Zientoka txio, post, analisi, iritzi artikulu idatzi dira azken egunotan. Erbiak salto egin du berriz ere. Nardak azalaren poro guztietatik alde egiten dit, digu, eta nik ere idatziko dut. Cristina Fallaras kazetariak sexu-erasoak argitaratu ditu Instagramen, ahanzturatik libratzeko, isilaraziak diren bizipenak kontatzeko, gizartea entzutera behartzeko, hala dio.
Maite Bidartek “Nik ere sufritu dut indarkeria matxista” idatzia plazaratu zuen 2017an. Hauek dira azken lerroak: «Beharbada, norbaitek pentsatuko du txikikeriak direla. Nik erantzungo diot ezetz. Biolentzia matxista dela. Eta ondoko emakumeari galdetzen badio, berak ere jarriko dizkiola beste 8 adibide erraz asko». #NikEreSufrituDutIndarkeriaMatxista traolaren pean bertze aunitzek idatzi zituzten haiei gertatutakoak. Gure “me too” partikularra. Nik ere idatz nezakeen, besteak beste, 15 urte nituela entrenatzailearen kotxean itzuli nintzela herrira, eta lurpeko aparkalekuan erran zidala: «Ez dakit nola fidatzen zareten. Nik hementxe bertan bortxa zaitzaket eta inor ez litzateke enteratuko». Irriño bat egin zuen, nik ere hala erantzun nion. Ez ninduen ukitu, baina orbaina ez zait joan.
Zientoka txio, post, iritzi artikulu, emazteek idatzitakoak ia gehienak. Euskal prentsari begiratu diot, eta nago gizonezkoek idatzi dituzten urriak analisiak direla, eta iritzi artikulu bakanek gaiaren irakurketa taktiko-politikoa egiten dutela, Iñigo Errejonen dimisio testuari erreparatu…
Inportantea da bortxa bistaratzea, onespena zer den azaltzeko bideo pedagogikoak egitea, “consent it´s simple as tea”, onespena tea bezain erraza da. Egun ezinbestekoa, antza, baina hemen denok dakigu zer gertatzen den, aspalditik dakigu, betidanik, ez da Pablo Iglesias zer gertatzen den, zen, dakien, zekien bakarra. Belarrietan tapoiak jartzea bertze kontu bat da, ez da Alex Sardui Euskal Herrian gor bakarra. Eta ispiluak… Nor jartzen da hemen ispiluaren aurrean? Badakit ez dela samurra izanen publikoki iritzi artikulu batean nik ere halako egin dut, erran dut… kontatzea, ez da erraza berdin, «jolaskerietan ibili ginen, azkenerako bere etxera joan nintzen. Ardo kopa bat eskuan zuela ireki zidan atea…». Badakigu nola bukatzen den, bai, badakigu.
Ez du zertan publikoki izan. Momentuan ez zenion ezer erran, neska bat bi kotxeren artean inguratu eta eskua sartu zionean, baina erran diezaiokezu orain. Ikasle bi hurbildu zitzaizkizun gelako mutilek ukituak egiten zizkietelako, eta «ziur gustuko duzuela» erantzun zenien, joan zaitezke haiekin hitz egitera; lasai, hogeita hamar urte pasa badira ere, oroitzen dituzte zure hitzak. Zure semearen jarrera salatzera joan ziren hamabi urteko neska haiei umekeriak zirela erantzun zenien, erraiezu hanka sartu zenuela, hondoraino. Onartu zuk ere estutu zenuela zure bikotekidea larrutan egiteko gogorik ez zuen momentu hartan, bai, bortxaketa deitzen da. Grazia putarik ez zuen txiste umiliagarri hori partekatu zenuela Whatsapp taldean…
Ez du zertan publikoki izan. Hitz egin, lagunartean, espazio seguru batean. Ispiluak non-nahi daude aurrean jarri nahi duenarentzat. Erasotzaile kontzienteak beti egongo dira, baina ez da nahikoa «gizon izateak lotsa ematen dit», «gizonek lotsatu egiten naute» adieraztea emakumeoi. Bandoa aukeratu behar da. Isiltasuna ekidistantzia da. •