Mahastien maitaleak
Badaude tokiak oso bereziak direnak. Xarma edo magia darie, eta zerbait berezia sorrarazten digute. Batzuetan, naturaren eta inguruaren ondorio dira, gizakiaren esku-hartze handirik gabeko eremu soilak. Bestetan, ordea, pertsonek ere parte hartzen dute, eta nabari ohi da maitasuna, edo emozioen dirdira. Horietako toki batean egon gara, Arabako mendialdean aurkitzen den Orbiso herriko mahasti batean.
«El abuelico» mahastia
Irla bat bezalakoa da mahastia. Inguru zabalean zereal sailak daude; zabal, itsaso baten moduan. Buelta guztian, mendilerroak: Kodes, Lokiz, Urbasa, Kantabria edo Toloño... eta gu, irla batean: “El abuelico” mahastian. Bista luzea da burua jiratzean, eta goian, zerua nagusi.
79 urte ditu mahastiak, belaunaldi desberdinak harremanetan jarri dituen txokoak. Gerraostean, Olegario Ganuza, Nafarroako Etaio herrikoa bera, Orbisora joaten zen tarteka, gudan ezagututako lagun mina bisitatzera. Bertan, horietako egun batean, Gabina Uriarterekin harremana sortu eta lasterrera, bizi proiektua bertan sustraitzea erabaki zuten. Istora amildegiaren inguruan, menditxo kasko batean, mahasti txiki bat landatu zuten, etxean mahatsa jateko eta ireki zuten dendan saltzeko.
Inguru haietan ohikoa zen mahastiak eta fruta arbolak izatea, batez ere fruitu moduan jateko. Izenak ere hartara eramaten gaitu: “Las viñas” deitzen zioten. Garai berriekin, ordea, mahasti haiek zereal sail zabalak bilakatu ziren, gaur arte. Historia horren erresistentzia edo salbuespena da “el abuelico” mahastia. Haien seme Jesus Marik ez zuen nahi izan mahasti hura kendu. Gurasoekin harremana mantentzeko modua zen, edota haien ilusioak errespetatzeko; zerbait emozionala, honenbestez. Hala, bere irakaskuntza lanbideaz gain, mahasti hari eusten zion, horretarako tartea zuenean. Aitzurtu, inausketa lanak egin aitak erakutsitako moduan... eta mahats ale batzuk jan tarteka; elikatzeko eta oroitzeko.
Pertsona egokiak
Erretiroa hartuta, mahasti hark behar zuen zaintzara ez zela iristen sentitzen zuen Jesus Marik. Gauzak honela, Arabako Foru Aldundiko teknikariengana jo zuen, laguntza eske. Hauek, berriz, mahastiaren ezaugarriak ikusita, bazekiten nork izan zezakeen interesa ondare den mahasti hau lantzeko, ez zuten zalantzarik izan horretan: Saul Gil Berzal eta bere familia.
Guardiako mahasti eta ardogilea bertaratzean, emozio berezi bat sentitu zuen gorputzean: «Energia berezia du tokiak, eta hori transmititu zidan lehen momentutik». Eta momentu horretatik, 2019. urtetik, bere zaintzan ibili dira: aitzurtu, belarrak moztu, inausketak egin urtero, tratamendu naturalak... eta halaxe, mahastia osasuntsu dagoela esan daiteke gaur.
Saul eta Benjamin anaiak mahasti eta ardo artean hazitakoak dira: aitona ikusten zuten upategi txikian lagunekin ardoa dastatzen. Gurasoek upategi propioa izateko ametsari ekin zioten, eta beraiek proiektura batu ziren gaztetan, mahastia eta ardogintza ikuspegi berriekin interpretatuz.
Saulek asko gozatzen du mahasti batean bizitza sentitzean: loretan den belar ingurua mahatsondo artean, erleak lorez lore, ezagutzen ez dituen intsektu arraroak inguruan... biodibertsitate hori da bizipoza ematen diona eta bere lanbidearekin jarraitzeko ilusioa pizten diona.
Mahasti hark sortu zion sentimendu hori botila batean transmititu zitekeela pentsatu zuen, eta Jesus Marik inoiz pentsatuko ez lukeen momentua bizitu zuen iaz: bere familiako mahasti hartatik sortutako ardo botila batekin ospatzea 79 urteko mahasti honen historia.
2024ko uztako mahats bilketan
Hego haizea nagusi den goiz batean dabiltza mahats bilketan, familian, ia erritu moduan. Irribarrea ateratzea ez da zaila, jada Guardiako mahastietako mahatsa upategian dago, eta Orbisokoa izango da azken mahats bilketa. Mahatsa moztu eta bertan kentzen dizkiete txoriek jandako aleak: aukeraketa ez da mahai batean egiten, baizik eta mahastian bertan. Lurrari itzuliko zaizkio balio ez duten mahatsak. Mahatsondoen bueltan, sare zuri baten ilarak daude: gainean izan dituzte, txoriek ez ditzaten mahats guztiak jan. Goizeko lehen orduan, birigarro bat zegoen trabatuta sarean: «Alua!» esan du Saulek, baina saretik askatu eta hegan egitera bultzatu du irribarre batekin. Despistatuz gero, mahats guztia jaten omen dute. Orkatzak eta basurdeak ere bisitari izaten dituzte. Sarea ez dela oso polita geratzen penatzen da Saul, baina sare horrek istorio hori du: inguru natural batekin harremana.
«Ze mahats daude, Saul?», galdetu diot. Garnatxa beltza, batik bat. Mahats bat hartu, begi aurrean ipini, eta bi behatzekin lehertu du, tinta gorri bat isurtzen duelarik. Ardoa dirudi. Ale bat hartu eta ahoan sartzean, bere leherketa sentitzen da, eta mikatz puntua duen zapore gozo bat nagusitzen da. Urte gutxi batzuk barru, ardo moduan dastatuko dugu. Mahats barietate hau da nagusi, baina badaude beste batzuk ere: moskatela, Grand Noir, tempranillo, viura...
Hego haizea gelditu, eta ipar haizea hasi da mugitzen: laino beltzak abiadura bizian hasi dira, eta urrunean ikusten ziren euri zaparradak laster ditugu gainean. Minutu batzuetan eutsi diote euria sentitu eta mahatsa biltzeari, baina momentu batean ezinezkoa bilakatu da jarraitzea: mahastiko txabola batean hartu dugu babes. Aire librean, beraien funtzioa betetzen dute halako momentuetan.
Tertulian gaudela, Benjamini arreta eman dio herdoildutako ferra batek: «Auskalo zenbat urte dituen horrek!». Duela hamarkada batzuk, behorrarekin eta gurdiarekin etorriko ziren egun pasa lanera herritik, eta gu gauden txabola txiki honetan edo zuhaitz baten gerizpean bazkaldu.
Ardo artisauak
2020ko uztako ardoa dago orain salmentan, duela 4 urteko mahats bilketako emaitza. 225 litroko egurrezko barrika batean ondu, eta botilan igaro du denbora, 79 urteko mahatsondo honen fruituekin.
Ardo berezia da, inguru berezia baita. Mendiko ardo bat, basoko freskura nabari zaiolarik, fruitu eta garraztasuna uztartuta, garnatxa beltzaren dotoreziaren ikur. Garnatxa ez da mahatsik eskertuena kantitate ikuspegitik, baina zaporean arreta jarrita, dastamena festa bilakatzen duen mahatsa da. Klima eta inguruaz gain, pertsonen esku hartze txikia ere tarteko, lurrak ere zeresan handia du: karetsua da, ingurua ez bezala.
Gustura sentitzen da Saul mahasti honetan, altxor txiki bat topatu balu bezala, hori nabari zaio begien pasio eta irribarrean. Istorio polit bat azaleratu du ardoa eginez, eta mundua egiteko beste modu bati balioa eman.
Emozioek ekintzak eragin ditzakete. Emozioen laguntzarekin, mahasti baten zainketa burutu da urte luzez. Emozioek mahasti bati bizi berri bat eman diezaiokete, eta ardo kopa batekin emozioak eragin. Emozioak bizipozaren taupadak izan daitezke. Ederrak dira ardo emozionalak!