Beñat GAZTELUMENDI
Bertsolaria
3 BEGIRADA:

Otsoarena

Uluak entzun uste izaten nituen.
Uluak entzun uste izaten nituen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Borreroak mila aurpegi zituen, baina beldurrak bakarra. Otsoarena. Otso abstraktu bat, kolore beltzeko laino lauso baten gisakoa. Gauean sasi artean agertutako bi bonbillatxo txiki. Hortza zorrotzak elkar igurtziz, elkar are gehiago finduz. Gorputzik gabeko abere bat, formarik gabeko ikara bat zelatan, ezkutuan, mehatxuka. Egunez ez nintzen zurekin akordatu ere egiten, baina ilunabarra iritsi orduko inguruan sentitzen zintudan. Uluak entzun uste izaten nituen, ohepean zenbiltzala iruditzen zitzaidan, zure erpe zorrotzekin egurrezko lurrari kraska eta kraska.

Eskola liburuetan ere azaltzen zinen batzuetan, baina ez zinen zu. Liburuetako otsoak gorputz bat izaten zuen, mutur formako aurpegi bat, begirada finko bat. Irakasleak esaten zigun taldean bizi zinetela, elkar babesten zenutela, Euskal Herrian jada ez zela zuetako inor gelditzen. Estepan bizi zinetela, Siberian, sekula zapalduko ez genituen lurraldeetan. Eta halaxe, zurekin ahaztu egin ginen poliki-poliki; beste animalia batzuen forma hartu zuten gure ikarek eta zu liburuetan eta urruneko lurraldeetan geratu zinen.

Tarteka iritsi zaigu zure berri. Karrantzan agertu omen zara, Arabako mendialdean ere bai. Ganaduari eraso egin omen diozu, ardiak hil. Zure arrastoak utzi dituzu bide lokaztuetan. Porlanetan bizi gara gu ordea; urrunekoak zaizkigu ganaduak, ardiak eta lokatzak. Ia estepak eta Siberia adina. Albistegiek soilik ekartzen zaituzte gugana.

Eta zure ondoren beste munstro batzuk azaldu zaizkit pantailan. Uholdeak Valentzian eta Trump AEBetan; debekatutako afariak Donostian eta etxegabetze bat Astrabuduan. Gure aurreiritziak, irentsi ditugun gezurrak eta ahazten ari zaizkigun egiak. Lagunartean zabaldutako zurrumurruak, “ez nago kontra, baina ez diezadatela trabarik egin”. Hotzikarek umetan izutzen ninduen otso hura ekarri didate bueltan. Xabier Leterekin akordatu naiz; eskolan jartzen ziguten bideo batean nola azaltzen zen ureztaontzi bat buruz behera buruan jarrita, “otsoak, uuuu, jan ditu hamasei txerri” kantatuz. Eta nola korapilatzen zitzaizkidan barruak formarik gabeko otso hari begira, gure beldurrei kantatzen zien ahots hura entzunez. Ez baitzen otsoa beldurtzen ninduena, otso hark nire barruan pizten zuen sentsazioa baizik. Sabeleko hustasuna, mundua sekula ulertuko dudana baino zabalagoa denaren kontzientzia. Sasi artean zerbait dabilenaren susmoa. Eta hala irudikatu dut, ureztaontzia buruan sartutako norbait, muturretik ura dariola, gure beldurrei ura bota eta bota, ea lurretik zer erneko den zain.

Ez baitakit zerk izutzen nauen gehien, inguratzen nauen munduak, edo nire barruan dauzkadan zoko arakatu gabeek. •