IRRINTZIEN HARROBIA

Ausartzeko teknikak landu dituzte Aulestin, transmisioa eten ez dadin

Euskal identitatearekin estuki lotuta, berezko ezaugarriak dituen irrintziaren inguruko topaketak egin berri dituzte Aulestin. Irrintziak botatzeko teknikak erakutsi dituzte herriko hiru irrintzilariren eskutik, belaunaldien arteko transmisioa elikatuz eta egile berrien harrobia handituz.

Bariku arratsaldea da Aulestin. Laster hasiko da iluntzen eta oso jende gutxi dago kalean. Haurrekin dagoen guraso talde txiki bat dago herriko plazan. Liburutegiaren irekieraren zain daude gaztetxo bi; Irrintzi Topaketen hasierari itxaroten beste lagun batzuk, beranduago jakin genuenez. Plaza horretan bertan, udal bulegoak hartzen dituen eraikinean dago herriko liburutegia, eta solairu batzuk gorago, ekitaldia hartuko duen udal aretoa. Ehun lagun ingururentzako jarlekuak dituen areto txiki bat da, eszenatokia, argiztapena eta soinu ekipoak dituena.

Bertan dira Irrintzi Topaketak, gutxitan ikusten den hitzordu horietako bat, bitxia, ez baitira oso ohikoak irrintziari eskainitako deialdiak. Jakingura piztuta, beraz, Aulestira joan da GAUR8, topaketa horien nondik norakoak bertatik bertara jarraitzera, eta tradizioaren transmisiotik harago joan den esperientzia bat aurkitu du. Era xume batean, belaunaldi berriei irakatsi die eta komunikazio tresna zaharraren erroetaraino joan da jarduera; “Erraiak” dokumentalaren proiekzioaren bidez irrintziaren inguruan dauden sentimendu, testuinguru eta esanahi eta adierazpen ezberdinen azterketaraino. Izan ere, gaur egun jaiarekin lotzen dugu irrintzia, baina nabarmendu dutenez, guda, haserrea, inpotentzia edota mina izan daitezke sorburu eta testuinguru.

Sorpresaz hartu dute prentsaren presentzia. «Ekitaldi xume bat izango da, irrintziak botatzeko ikastaroa egingo da lehenik, eta ondoren, ‘Erraiak’ irrintziari buruzko dokumentala emitituko da», aipatu du Eli Azpiazu Aulestiko kultura zinegotziak, ekitaldiaren xumetasuna azpimarratuz, eta hau guztia zelan sortu zen galdetuta, kontatu du Ainara Ituiñoren proposamena izan zela «irrintziari bultzadatxo bat ematea». «Horri heldu eta udaletik lagundu dugu gauzatzen», gaineratu du.

Aulestin, irrintzi lehiaketa egiten dute Santa Eufemi jaietan, baina irrintziaren presentzia herrian data horietara mugatzen dela diote. Horren aurrean, asmoa zen interesa izan zezakeen herritar gehiagorengana zabaldu, hurrengo belaunaldiei transmititu eta irrintziari «lekua eta segida ematea», azaldu du.

Bide horretan, eskolaren bidez ume guztien etxeetara helarazi zen hitzorduaren gaineko informazioa, eta «edozein adinetako norbanakoei ere egin zitzaien gonbita», zehaztu du. Ez dugu oraindik esan, baina aulestiarrak dira ekimenean “irakasle” gisa parte hartzen duten hiru irrintzilariak: Nerea Agirre, Lorea Zarragoikoetxea eta Ainara Ituiño.

Korro batean jarrita hasi dira lehen azalpenak. Gorputzaren jarrerak duen garrantzia azaldu du Ituiñok: «Aurrera begira, paparra kanpora» azaldu die txikienei. Arnasketa da kontuan hartu beharreko bigarren urratsa, ez baita erraza.

Aipatu du Ituiñok bakoitzak era batera egiten duela eta, batzuek bularrarekin hartzen dutela, baina sabelean gordetzen dutela airea beste batzuek, biekin... Bakoitzari errazen egiten zaiona erabiltzea da aholkua, eta eskua buruan jartzea gomendatzen du, irrintzia sentitzeko. Praktikara eraman dute azaldutako hori, zaharrenetik adin txikienekora, hiru irrintzilarien laguntzarekin.

Nerea Agirre, Lorea Zarragoikoetxea eta Ainara Ituiño irakasleak, irrintzia botatzen (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Hirurak daude korroan, azalpen bat edo beste ematen, eta aurrean, hamar haur eta lau heldu inguruk hartzen dute parte ikastaroan. Ez diote barre egiteari utzi. Ez da oso egoera arrunta helduak eta haurrak batera ikasle aritzea, ezta herriko lagunen aurrean lehen irrintzi bat bota behar izatea ere. Saihestezina den gonbidatu ikusezin handi bat dago korroaren erdian, lotsa, irrintzilarien etsai nagusia dena, ahots guztien arabera. Irrintziak izan behar duen egitura ere azaldu dute Agirrek, Ituiñok eta Zarragoikoetxeak. Azalpenen arabera, arnasketa zabal batekin abiatzen da irrintzia, eta arnasketa horren barruko bultzada batekin hasten da doinua. Oihua denboran eustea da gakoetako bat, baita amaiera bat ematea ere, era ezberdinetakoa izan daitekeena, baina irrintziak amaiera behar du, nabarmendutakoaren arabera.

Eztarria berotzeko ariketa kolektiboak egin dituzte, denek batera, dezibelen markak hautsiz; eta banaka, irrintzilari gisa estreinaldia eginez. Txikien eta helduen ahaleginak txalotu dituzte, publikoaren aurrean ez baita erraza izatea askatzea eta irrintzika hastea. Gaitasun hori ere eginez entrenatzen dela diote. Horregatik, laguntzeko nahian edo, bizkarra emanez hasi dira lagunak irrintziak botatzen.

Panderoaren doinuak lagunduta egin dute beste erronda bat, eta hobetzen joan dira, irrintzilari txikiak batez ere. Ikastaroari amaiera emateko, udaletxeko leihoak zabaldu eta kanpora bideratu dute ikasitakoa, ekimenaren helburua bera betez, irrintzilari berriei plazarako bidea erakutsiz.

Agirrek, Ituiñok eta Zarragoikoetxeak ez zuten irrintziak botatzeko ikastarorik izan. Batzuek etxean zuten ikusita, eta era naturalean jarraitu zuten ama-amamaren ohitura; beste batzuentzat kalea izan da eskola, gogoa eta nahia. «Botatzen ikasten da eta bota ahala gero eta hobeto egiten duzu», dio Agirrek.

Lehen esperientzia horretaz ari garela, topaketa jarraitzen ibili den Ane Uriartek kontatu du etxean urte zaharrean botatzeko ohitura dutela. Urte batean argia joan zen urteko azken gauean, aitak irratia piztu eta 12 kanpai-hotsak katilu batekin jo zituen, eta era espontaneo batean hasi omen ziren irrintzika ama, ahizpa eta hirurak, bata bestearen atzetik. Ordutik, irrintziak botaz ematen diote ongietorria urte berriari. Kontakizun hori sortu da, eta erantzun sorta bat izan du irrintziak botatzen diren testuinguruaren inguruko galderak: jaiak, erromeriak, lagun artekoak... aipatu dira nagusiki, eta basoa agertu da, puntu berezia omen duelako mendian irrintzia botatzeak.

Bat-batekoa baina ez edonolakoa

Inprobisazio ukitu handi bat dauka irrintziak, barrutik sortzen den hori, doinua, tinbrea... aldatzen dira, baina egitura finko bat gorde du. «Irrintzi baten egiturak hasiera bat dauka, tarteko doinu bat, eta azkena. Doinu horrek tinbre ezberdinak izan ditzake, bira asko egin ahal dira, baina jarraitua izan behar du, ezin da moztu eta berriro hasi. Eta gero, amaiera da inportanteenetarikoa, zeren irrintzia oso polita eta luzea izan arren, azkenean behera egiten badu, ez bada mantentzen edo gorantz egiten badu, hor galdu egiten da», azaldu du Nerea Agirrek. Nabarmendu duenez, irrintziak «doinua, potentzia, tinbre polita eta azken puntu potente hori izan behar ditu».

Aulestiko topaketa hauek bezalako ekimenek duten garrantziaren inguruan galdetuta, hiru aulestiarrak deialdiaren helburuekin bat etorri dira eta nabarmendu dute irrintzilari berriak behar direla. Ekitaldiok garrantzitsuak dira herrian irrintzilariak beti pertsona berdinak izan ez daitezen, eta tradizioaren transmisiorako duten balioa azpimarratu du Agirrek. «Garrantzitsuak dira ez galtzeko gure identitatearen parte den hori, ez dakigu noiztik datorren hizkuntza hori... Hori gal ez dadin eta bere horretan segida izan dezan, eta batez ere, txikienek ikus dezaten eurek ere bota dezaketela».

Irrintziak emakumezkoen kontua diren ere komentatu dugu parte hartzaileekin. Diotenez, gaur egun emakume irrintzilari gehiago dagoela ematen du, edo gehiago animatzen dira akaso publikoki botatzen, baina gizonek ere botatzen dituztela adierazi dute. Izan ere, aipatu dute antzinan ohikoagoa zela gizonezkoen artean, eta historiak artzainen arteko komunikazioan kokatzen ditu oihu zaharraren erroetako batzuk.

Ikastaroan hartutako irudia. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Ikastaro batekin abiatu zen Irrintzi Topaketa, eta irrintziaren jatorri, esanahi eta erroetara egin zuen bidaia ondoren, helduentzako bigarren parte batekin, ”Erraiak” dokumentalarekin; hamarnaka irrintzilariren parte hartzea duen Ekain Martinez de Lizarduy Stürtzeren lana da.

Izenburuak berak dioen bezala, irrintziaren erraietara bidaiatzen duen ikus-entzunezkoak gogoeta eta interpretazio ezberdinak biltzen ditu 30 minutuko iraupena duen lanean. Izan ere, irrintzi baten inguruko neurketa eta haren analisi morfologikoa jasotzen ditu dokumentalak, harmonikoen morfologia eta sopranoen maila gaindi dezakeen frekuentzia altua azpimarratuz.

Aulestiko topaketan entzundako gogoeten ildo beretik, lanak jaso du nortasunarekin lotutako zerbait dela irrintzia, elkarrizketa izan daitekeela, baita bizipoza adierazten duen zerbait ere, edota, haserretik bota daitekeena. Lanak bildutako lekukotasun batek heriotzaren testuinguruan botatako irrintziak aipatzen ditu. Udal areto nagusian bildutako ikusleen artean, Nekane Akarregi ondarroarra dago, irrintzilaria eta dokumentalean bertan parte hartzen duen ahotsetako bat. Aipatu dio GAUR8ri gertuko pertsona baten hiletaren testuinguruan entzundako irrintzi bat dagoela ikus-entzunezko horren abiapuntuan. Bildutakoen testigantzen arabera, tristezia ere egon daiteke irrintzia botatzera eraman gaitzaketen sentimenduen artean, edota une horretako espiritualitatearekin lotutako zerbait. Ituiñok azpimarratu du barne-barnetik atera eta «gauza asko transmititu daitezkeela» irrintzi baten bidez. Gogoratu du horrelako momentu bat bizi izan zuela aitaren heriotzan: «Handi-handi bat bota nion joaten laguntzeko».

Transmisiori begira, nabarmendu du Akarregik, Euskal Herri osoko irrintzilariak biltzen dituen lanak erakusten duenez, egitura zehatz bat gordetzen du. «Irrintziaren kasuan, transmisio bat egon da, eta berdin dio Azkoiti, Lazkao, Ondarroa edo Etxarrikoa izateak... denok daukagu argi zelan bota behar den, arnasa bakarra izan behar dela eta amaitu egin behar dela. Sahararrenak ez dira amaitzen, eta tonua ere ez da gurea bezain altua, baxuagoa da. Horrek esaten du zein ondo egin dugun transmisioa, guztiok egiten dugu arnasa bakarra, eta bide horretan tonua gora edo behera joan daiteke, luzeagoa edo motzagoa izan, baina modu bat segitu dugu denok».

Lehen irrintzi topaketak izan dira Aulestin, eta datorren urtean «beharbada beste formatu batean jarraitu» ahal izango dute «irrintziari, ‘ijuixe’ Aulestin, garrantzia eman eta ezkutuko irrintzilari gehiagorengana heltzen», adierazi du Azpiazuk.