Itzea URKIZU ARSUAGA

Leka egin berrien usaina

Puska txikitan ebaki ditut osagai guztiak, ura, olioa eta gatza bota, eta martxan jarri dut presio-eltzea, muturra noiz igoko zaion itxaroteko. Eta leihotik begira jarri naiz bitartean.

Goizean goiz maitale izan duen argiak pareko leihoak berotzen ditu orain. Bosgarreneko amonak bere egongelako begiratokia hartu du besaulki, eta eguzkiari bizkarra emanda goxatu ditu bere artilezko jertsea eta gorputza, kristalean.

Hunkitu egin nau irudiak, bizitzea zerk izan behar lukeen erakutsi didalako amona horrek, hitzik egin gabe. Moteltasun epel horretara batu nahiko nuke, bere leiho hegian eseri, eguzkiak bizkarra berotzen digun bitartean, bizitzak pilatu dion jakintzatik hitz egin diezadan.

Dei batek jaitsarazi nau laino idealizatu horretatik. Spam dei horietako bat zen, banketxearen izenean, ez dudan diru kopuru bat berehala eta baldintza perfektuetan izan dezakedala esanez, eta telefonoz eta arrapaladan inork gutxik barnera ditzakeen letra-txikidun ohartarazpenak zerrendatuz.

Duda egin dut: beste batzuetan bezala, eskaini behar didana ez zaidala batere interesatzen tinko azaldu eta deia ahalik eta azkarren moztu, ala telefonoaren bestaldean nire antzeko bizitza bat izan lezakeen pertsona bat dagoela pentsatu, eta esatea tokatzen zaion hori esaten utzi.

Bigarrena aukeratu dut, eta hogeita hamar segundoan azaldu diot eskertzen diodala, baina une honetan ez dudala halako ezer behar. «Eskerrik asko entzuteagatik» batekin eten du deia, eta pareko leihora egin didate berriz begiek. Hara, hasi da eltzea txistuka; usain honetan egingo nuke etxe bat.

Akaso, bizitzak egon beharko luke gertuxeago leka egin berrien usainaz eta beste zenbait egunerokotasun poetikoz gozatzen ikastetik. •