Gorka Zozaia
Kimikaria
3 BEGIRADA:

Dikotomiak gainditzeko zientzia bat

Errealitate ankerraren objektu eta subjektu gara aldi berean.
Errealitate ankerraren objektu eta subjektu gara aldi berean. (GETTY IMAGES)

Pasa den artikuluan zientziaren ibilbidearen erakusle den adibide bat ekarri nuen lerrootara, ehun urtez indarrean izan den kimika organikoko arau bat gainditzea lortu denean. Azken asteotako zientzia berriak aztertzen ari nintzela, arreta eman dit espainiar hedabide batean irakurritako titularrak. “Demokrazia” garaitik Gobernuak izango omen dituen lehen aholkulari zientifikoak aurkeztean, zera azpimarratzen du: «Gure lana ez da politika egitea». Kontraste galanta duela iruditu zait Elhuyarrek Javier Armentia Fructuosori (Gasteiz, 1962) egin elkarrizketan jasotako titularrarekin: «Zientziaren balio soziala berreskuratu behar dugu». 1990. urtean sortu zenetik udazken honetara arte Iruñeko planetarioko zuzendaria izan denak uste du zientziak kapitalismoaren anaia ergelaren rola jokatu duela maiz. «Ni ez naiz arazo politikoetan sartzen, nik ikerketa egiten dut» litzateke, zientzialarien ahotan, jarrera horren lekukotasun ohiko bat.

Dikotomiaz josia da zientziaren ibilbidea, bere sorrera beretik, Mithos eta Logos bereiztetik. Sinesmenak eta Ezagutzak bereizten hasi ginen, eta dikotomiak pilatzen dihardugu ordutik: Ikertu eta Militatu, Jakintza eta Boterea, Zientzia eta Politika, Akademia eta Zentzu komuna... Subjektua eta Objektua bera litzateke, apika, dikotomiarik nagusiena. Objektu bat erabiltzen ahal den gauza bat da, eta zientziak dena neurtu, aurreikusi eta kontrolatu nahi izan du. Lurra desakralizatu eta erloju baten gisara aztertzean, mekanismo bat bezala, legeen bidez deskribatzera jo dugu. Eta legeak zergatik, zertarako? Bada, esplotatzeko, kontrolatzeko... Alegia, ezin da zientziaren ibilbidea helburu politikoetatik bereizi. XVI. mendeko “iraultza zientifikoa” kapitalismoaren hastapenekin etorri zen bezala, beharrezkoa da kapitalismoaren logika apurtuko duen zientzia bat artikulatzea. Are, borroka bakoitzaren zerbitzura egongo den zientzia bana artikulatzea da erronka, errealitatea irauli nahi badugu.

Espainiar gobernuaren aholkulari arituko diren ikertzaileak inongo alderdi politikotako militanteak ez direla aldarrikatu egiten da, balio positibo gisa, baina nola erregulatuko dute haien jarduera irizpide politikorik gabe? Denboraz estu dabiltzan egun horietako batean, adibidez, gobernuarentzako txostena edo bere inpaktu-indizea zaintzeko ikerketa izango dira lehentasun? Ikertzaileok gobernuarentzat ekoitziko duten lana publikoa izango dela aldarrikatu da, era berean, esan nahi baita zientzia, egun, editorialen preso bilakatu den sistema pribatu bat dela. Zer esanik ez, zientzia komunitatearen jatorriaz, generoaz, klaseaz... Kontua ez da, baina, akademiatik ekoitzi den jakintza ukatzea, kantzelatzea; herriarekin dialogoan sartzea da kontua, jakintzatik haratago joatea, elkarrizketa hutsetik haratago, harremanean eraikitzea dikotomiak gainditzeko moduko zientzia hori. Zergatik? Bada, errealitate ankerraren objektu eta subjektu garelako aldi berean. Zertarako? Bada, bizitzak erdigunean jartzeko eta mundua iraultzeko! •