Joxean AGIRRE

Etxepare

Gizonok ere aldi berean bi gauza egiteko gai garela frogatzeko edo, askotan ordenagailua mahai gainean dudala egunkarien PDFak irakurriz egin ohi dut bazkaria. Etxepareren semearen aurkikuntzarena GARAn irakurri nuenean ez nintzen batere harritu, “Emazten fabore” lehen aldiz irakurri nuenetik bainekien apaiz horrek maitaleak zituela. Etxepareren erotismoa zakar samarra izango da, bere garaikoa, cishetero-nahi duzuena, baina benetakoa da eta koxka ateratzen die, arlo horretan bederen, ondoren etorri ziren gure apaiz idazleei.

Okerragoa da gure ahozko tradizioan gertatu dena. Erotismoaren zantzuak ezabatuta iritsi zaizkigu, eta arrazoia biltzen ibili ziren apaizengan atzeman uste du Anjel Lertxundik, bere “Berbelitzen hiztegia”-ren “E” letran hau dioenean: «Nor ausartuko ezer erotikoa kantatzen edo kontatzen Azkue (edo Aita Donostia edo Antonio Zavala) sotana soinean zeraman apaiz ahots grabeari?».

Utzi nuen GARA eta pasatu nintzen “Berria”-ra eta, neska gazte feminista politologo bati egindako elkarrizketa gainetik begiratzen hasi orduko, honako esaldi honekin egin nuen topo: «Botere berdintasunak eskatzen du irudikatzea etorkizun bat zeinetan sexuak ez diren existituko». Izutu egin nintzen pixka bat. Erdi Aroan paradisuan aingeruek pixa egiten ote zuten eztabaidatzen ematen zituzten orduak eskolastikoek. Guk gaztetan klase diferentziarik gabeko etorkizun komunista bat posible ote zen eztabaidatzen galdu genuen denbora. Generoak diluituta bai, irudika nitzakeen etorkizunean, baina sexurik gabe? Egun horretan, emaztea etxean zegoela aprobetxatuz, joan eta irakurri nion esaldia, eta «zergatik irakurtzen dituzu gauza horiek?», aurpegiratu zidan, «etorkizunean beharbada politologorik ez da egongo, baina sexuak beti egongo dira», erantsi zuen, eta lasaiturik itzuli nintzen mahaira, eta jarraitu nuen Erronkariko gazta zati bat Arabako ardoarekin lagunduta jaten, 0 km-arekin batean lurraldetasuna ere izan behar baita kontuan, eta Etxepare irudikatu nuen auskalo Irulegi aldeko zein ardo mota edan ondoren “Jo beza dardoaz ere gorputzaren erditik/ ainguruiak bano hoboro ez lerrake gaizkirik/ baina dardoa ematurik, zauri ere sendoturik / bere graziaz ezartzen tu elgarrekin baketurik”, idazten. •