Euskaraokea
Ongi etorri gure etxera, zurea ere bada orain. Gaur arte sekula entzun ez duzun hizkuntza hau euskara da, euskara naiz. Eskolan, euskaltegian, iritsi berria zaren herriko plazan, non entzun nauzu lehen aldiz? Sua bezain zaharra naiz, beti bera eta berria beti. Txikia, baina ez eskasa! Eta orain zu ere bazara ni, euskara gara, uskara gira, euskera gera, euskara gare. Rodriguez, Sarr, Huang, Miller, zuen sustraiak askatu gabe besarkatzen zaituztet; baita zuek ere, Olaizola, Beaskoetxea eta Gaztelumendi. Orain zuen azalaren kolorea naiz, zuria, marroia, beltza, gorria, denak. Berriak zarete, iritsi berri edo hasiberriak, horregatik: berri. Elkarren etorkizuna gara, ni zuena eta zuek nirea, interdependenteak gara. Zuek hegoak emango dizkidazue, lau haizeetara bidaiatzeko aukera. Nik mundu ikuskera bat emango dizuet, oihaneko kresal usaina dastatuko duzue, etxe orratzetako etxeetako ateetan dauden eguzki-loreen zentzua ulertu, korrontearen kontra doan izokinak sentitzen duen zirrara sentiaraziko dizuet. Eta ohartzerako, sugarren pare berotuko duzue gure herria, baina erretzen ere jakingo duzue.
Kantu bat gara. Amak nor den hausnartu ez balu, bere aisialdian barnetegia hautatu, Oskorri eta Benito, ulertu gabe kantatu. Hasieran pixkanaka, ergatiboa dantzatu, aditzak nahastu, hitz berriak asmatu, izerdi egin, esaldiak osatu. “¿Fuentes abizen, euskara vas a dar tú?”, bekozkoa jarri, kokotsa altxatu, “bai, egingo dut”. Saiatu, hanka sartu, ahalegindu, trabatu, trebatu, lortu. Euskarak eman zizkizun betaurrekoak, ikusteko, ikasteko, sentitzeko, sinesteko. Izateko, sortzeko. Lehen zu zinen, oraindik zara zu eta, azkenik, gara gu. Hazi ez zinen horretan hezi, “agua” da ura eta “sueño” logura alabari, Nerea, bakoitzari berea. Behin ukatu zitzaiguna, mina, gorrotoa, amarrua, amorrua. “Berri” izanik zahartu eta beti, kantatu, pailazoak, Betagarri, Goxuan salsa, Huntza, Kilimak, Anari, Kortatu. Kantatu, kantatu, kantatu. Ez balitz aurreko guztia gertatu, nik ez nuke zertan kantu hau kantatu.
Aberriaren mugak. Honela abestu du Janus Lesterrek: noiz bihurtu da maitasuna tabu? Bada maite ez nauenik ere, desagertuta nahi nauena. Kantatzen duen herria ez dela inoiz hilko abestu zigun Negu Gorriak-ek, eta herri kantaria da gurea, hau zoriona. Kantatzen dugu bazkalosteko kafean, elurra mara-mara ari duenean, lehengo udan Compostelan erromes egon nintzela kontatzean, belar artean bakardadean biluzik dantzan, ilargiraino eta buelta maite zaitudala adieraztean, aldapan gora eta behera, mendikate honek lotuta, boga-boga, egunak hobeak baitira zurekin batera. Kaleetan, antzoki eta futbol-zelai handietan, manifestazioetan, zirkuan, eskolan eta jolasean. Baina zuekin egon nahiko nuke instituzio guztietan, gidabaimena prestatzean, ikasketetan, jatetxeetako menuetan, erosketak egitean ere. Beti nabil baimen eske: “Euskaraz, bai?”. Eta ezezkoa denean handi-mandiek hartzen dute nire lekua, gehiago diren aitzakiapean. Gu ere bagara ba batzuk! Bizi nahi dut libre. Eta sekula ez ahaztu, erre zituzten sorginen oinordekoak garela.
Jarrera bihurria. Asko hitz egin da nitaz, nire izaeraz, eta ez, ez naiz zaila, ez naiz desberdina. Naizen bezalakoa naiz, eta kasu honetan, bihurria! Ez baitira gauza bera, beroa eta berea, zerua, zorua, ziria, zera… saria, soroa, zoroa? Hara, ederra egin dugu. Eder, adar, idor edo lehor, leher, lehen, hemen, eten, ete, ote. Zaila edo soila, hizkuntza sailak dio arras erraz, ikus ikas daitekeela. Katu madarikatua, etxe txiki edo etxola, txoko txukuna txoria txikitzeko. Altzairua ez da altzaria, baina altzaria altzairuzkoa izan daiteke. Zatoz gurekin jolastera, jolas-molas, solas egin eta elkar gozatu, elkar goxatuz. Trabatuz trebatuko zara, egin akats, hartu arnas. Zure egiten nauzunean, gure bihurtzen baikara. Zuk zure erara, jalgi naiz plazara. •