Umetatik, kriminalen helburu

Tamam Abusalama gazatarrak bere lekukotasuna utzi zuen azaroan Bilbon, bere herrian palestinarra izate hutsagatik Israelen helburu kriminala zela txikitatik ulertu zuen errefuxiatu baten kontakizuna. Jokoan giza eskubideen garaipena dagoela gogorarazi zuen.

Tamam Abusalama errefuxiatu palestinarra Bilbon, “Gazako ahotsak: nazioarteko elkartasuna basakeriaren aurrean” topaketan.
Tamam Abusalama errefuxiatu palestinarra Bilbon, “Gazako ahotsak: nazioarteko elkartasuna basakeriaren aurrean” topaketan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gazan hazi zen. Aire zabaleko kartzela handiena bezala deskribatu dute Gaza. Errefuxiatuentzako zortzi kanpamentu ditu eta handiena da Jabalia. Bertan hazi zen Tamam Abusalama. Jabalian milaka pertsona bizirautera kondenatuta daude, Israelen ankerkeria eta zigorgabetasunaren atzaparren azpian. Handik bizirik ateratzea lortu zuen Abusalamak. Eta mikrofonoaren aurrean jarri zen Bilbon duela aste batzuk, iazko urriaren 7a baino askoz lehenago hasitako sarraskiaren erdian bizitzea zer den azaltzeko.

Aita preso politikoa izan da; aktibista feminista, ama. Etxetik alde egin eta itzultzerik izan ez zuen amama gogoan duen emakume gaztea da. «Horrek guztiak markatu egiten du», heriotza eta bidegabekeriaz inguratuta bizitzeak markatzen duen bezala. «Bizirik atera nintzen Israelen hainbat erasotatik, hamarkadatako setiotik bizirik atera naiz. Bizitza ez da inoiz normala izan Gazako palestinarrentzat», aitortu zuen. Bere familian, «amama izan zen etxetik kanporatu zuten lehenengoa. Urteak eta urteak pasatu dira eta bere horretan jarraitzen du honek: desplazamenduak, errefuxiatuak kanpamentuetan bizitzen inongo perspektibarik gabe, itxaropenik gabe... Beraz, hau ez zen urriaren 7an hasi, eta hori dioen oro eta giza eskubideak errespetatzea eskatzeagatik eta erresistentzia egiteagatik zapaldutakoei errua botatzen dien oro konplizea da». Kontakizun horren atzean, helburu argi bat dago, Abusalamaren esanetan: «Israelen aldeko propaganda makineria bizirik mantentzea», Israelek sortutako «koartada» moduko bat, haiek ere sarraskiaren biktima direla esateko.

Abusalama Bruselan bizi da orain. Europan aterpea aurkitu duen errefuxiatu palestinarra kazetaria eta blogaria da. Gertutik ezagutzen du, beraz, palestinarren egoeraren lekuko den Europaren jarrera. Nazioarteak genozidioari emandako erantzun epelaren erdian, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohia atxilotzeko agindua eman du Nazioarteko Zigor Auzitegiak, Gazan gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egitea egotzita. Horren inguruan galdetu dio Olga Rodriguez kazetariak, Bidebarrietako liburutegian izandako solasaldian.

Atxilotzeko agindua urrats garrantzitsua izanik ere, atxiloketak benetan gauzatuko diren ikusteke dagoela dio; gogoratu baino ez dago Israelek ez dituela bete Nazio Batuen Erakundeak (NBE) emandako 140 ebazpen baino gehiago, eta hala ere, ez dela ezer gertatu. Abusalamak dioenez, garrantzitsuena palestinarrek «itxaropena bizirik» mantentzea da, baina baita genozidioaren konplizeak zehaztea ere.

Ostiral arratsalde preziatua izateko, nahiko beteta dago aretoa Udalak antolatutako “Gazako ahotsak: nazioarteko elkartasuna basakeriaren aurrean” solasaldia jarraitzeko. Publikoan, adin guztietako pertsonak eta Palestinaren aurkako sarraskia salatzeko mobilizazio ugari bultzatu duen Gernika-Palestinako eta antzeko elkarteetako kideak. Galderen atalean atera da, noski, Euskal Herriko mobilizazioetan plazaratutako elkartasuna eta genozidioaren salaketen oihartzuna ailegatu ote zaien, euskal herritarren beroa sentitu ote duten, eta jakina, behin eta berriz errepikatuta, zer gehiago egin genezakeen.

Haur baten begietan iltzatutako irudiak

Abusalamaren hitzetan, ezinbestekoa da itxaropen izpiari heltzea borrokan jarraitzeko. Genozidioa bizi dutenen egoeran jarri zuen fokua: «Mentalki eta fisikoki higatzen gaituen egoera» horretan, eta horrez gain, ur eta oinarrizko elikagairik gabe bizitzeak suposatzen duen guztian.

«Gosez hiltzen ari dira eta ez dute ezta eusteko horma bat ere. Itxaropena erabili dezakegu jende horri laguntzeko. Europan, gure egoera pribilegiatutik itxaropen hori mantendu dezakegu. Itxaropen eza ezin baita aukera izan», adierazi zuen.

(Marisol RAMIREZ / FOKU)

Hunkituta hainbat momentutan, haurtzaroko oroitzapen bat ekarri zuen gogora. 2000. urtea zen eta ahizpekin telebista ikusten ari zen. Israelgo Armadak umea besoetan zeukan gizon bat tiroz hil zuen eta «zarataka» hasi zen umetxoa ere tirokatu zuten. Irudi haiek asaldatu egin zituzten. Gurasoek telebista itzaltzeko agindu arren, «momentu hartan, zortzi urterekin ulertu nuen palestinar guztiak, edozein zela adina edota generoa, kriminalen helburu ginela, guztiok garela helburu».

«Ez dago ezer Gazako iparraldean»

Familiaren bizipenak heriotzaz eta sinesgaitzak diruditen pasadizoz beterik daude. Osaba bati duela gutxi gertatutakoa gogorarazi zuen: «Errefuxiatu kanpamentu bateko eta klinika bateko sukaldaria izan da bizitza osoan zehar. Bizirik atera izan da hamaika erasotatik, mila aldiz atxilotu dute. 80 urterekin ere atxilotu zuten; desplazatua, zauritua, semea hil zioten, bere bilobak ikusmena galdu zuen.... Duela bi egun, osaba hori bere auzotik atera behar izan zuten. Israelgo Armada heldu eta auzoa goitik behera suntsitu zuen robot batzuekin. Bizilagun batzuek hondarretatik atera zuten osaba sorbalda gainean. Eraso hartan lehengusinaren senarra hil zuten. Ez dago ospitalerik, ez dago anbulantziarik, ez dago gurpildun aulkirik, ez dago ezer Gazako iparraldean».

Nabarmendu zuen ezin dela ahaztu zifren atzean pertsonak daudela: «Familiez ari gara, lehengusu eta lehengusinez, nire etxeaz, ezagutzen ditudan kaleez eta jolasguneez, ni joaten nintzen ospitaleez.... bizitzaz beteriko tokiak ziren horiek denak».

Eskubideen Europan biktimek duten estatus eta trataera ezberdina aipatu zuen, halaber: «Ukrainan pertsona bakar bat hiltzen badute misil errusiar batekin. albistegi guztietan agertzen da; Gazan 53.000tik gora hil dituzte jada, eta oraindik ere jende asko dago hondarren azpian. Hilerri handi bat bilakatu dute Gaza».

Adierazi zuenez, sarraskiaren erantzuleak ez dira Netayanhu eta Gallant bakarrik, genozidioak iraun bitartean asko izan baitira «erakunde kolonial horren proiektua babestu» duten, hari «baldintzarik gabeko» laguntza eskaini dioten eta giza eskubideen urraketa sistematikoagatik ezaguna den herrialde bat babestu duten eragileak. Nabarmendu zuen babes horiek ireki ziotela bidea genozidioari, eta bi pertsona horiengandik harago doala erantzukizuna: «Bai, bi horiek kriminalak dira, baina beraien konplize guztiak ere epaitu beharko lituzkete».

Gazatarrak azaldu zuen orain «bizitzak defendatu behar» direla, baina palestinarrek «duintasunez bizi behar» dutela, eta esan zuenez, okupazioak iraun bitartean palestinarrek ezin izango dute giza eskubideak errespetatzen dituen bizitza duin bat izan. Bien bitartean, genozidioa gerarazteko egin daitezkeen urratsen artean, armen enbargoa eta antzeko neurriak aipatu zituen, eta alderdi, sindikatu eta beste eragileei gobernuen aurreko presioa areagotzeko deia luzatu zien. Gogoratu zuenez, palestinarren aldekoa «liberazio baten aldeko borroka da, guztiok askatuko gaituen liberazioa».

«Giza eskubideak defendatzen jarraitu eta ez hutsik egin; Palestinan jazo dena Europan ere gerta litekeelako eta zuek ere ez zintuzketegu bakarrik utziko», dei egin zuen errefuxiatu palestinarrak.

Euskal Herriak adierazitako elkartasuna heldu zaie? Kontatu zuen aitak itxaropen txinparta txikienari ere eutsi eta kanpoan gertatzen denaz galdetzen diola. «Manifestazio jendetsuak daudela esaten diot eta badakigu Euskal Herrian Palestinaren aldeko mobilizazio sistematikoak daudela; heltzen zaigu, bai. Elkartasun ekimenak, txikiak izan arren, garrantzitsuak dira, beste batzuk elikatzen baitituzte».

Azken ideia horrekin lotuta, aipatu zuen Bilbora heldu eta Israeletik ekarritako datilak aurkitu zituela denda batean. «Hori da israeldarren okupazioaren zergatia, datil horiek ordaintzen ditugu Israelek palestinarrak hiltzeko armak ordain ditzan», azaldu zuen. Horregatik, esan zuen «dendariarekin, lagunekin hitz egitea, pegatinak jartzea... eta produktu horiei boikot egitea» dela «egin ahal den gutxienekoa». Palestina bakarrik ez, giza eskubideak baitaude jokoan.