Aiora ZABALA
Zientzialaria, ingurumen eta politika ekonomiako irakaslea
{ ANALISIA }

«Eko» eta «sozial» kontzeptuen arteko harremana hobetu

Hurrengo hamar bat urteetan krisi ekosozialaren inguruan hainbat erabaki hartu beharko ditugu herri bezala. Zein dira gako nagusienak? Hona hemen Olentzerori bidalitako desioa, gai hauek lantzeko erabakiak har ditzagula: digitalizazioa, klima mitigazioa eta egokitzapena, (mikro)plastikoak eta bioaniztasunaren osasuna.

Autoen erabilera eta plastikoak gakoak dira krisi ekosoziala nolabait leuntzen saiatzeko.
Autoen erabilera eta plastikoak gakoak dira krisi ekosoziala nolabait leuntzen saiatzeko. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hainbat nazioarteko helburu betetzeko bost urte besterik ez dira gelditzen: planetaren azalaren ia herena babesteko, Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko eta berotegi efektuko isuriak erdira murrizteko. Aurten, 2025ean, isuriok maila gorenera iritsi beharko lirateke eta, ondotik, jaisten hasi. Gertatuko denetz, hor dago eztabaidarako mamia. Baina nazioartekoaz hausnartzean, gai ekosozialak gure eskutik kanpo daudela ematen du. Eta ez da horrela.

Digitalizazioaren ingurumen inpaktuak olatu erraldoi bat bezala datozkigu. Berrikuntza digitalekin batera handitzen dira energiaren erabilera, materialen errausketa eta hondakin toxikoak, eta hauek guztiek arreta handiagoa jaso beharko dute. Sare sozialek, streamingak, kriptodiruak eta, geroz eta gehiago, adimen artifizialak xahutzen duten energia ikusezina zaigu, baina etenik gabe hazten ari da, gehienbat hauek eusteko azpiegiturak direla eta: datu-korronteak eta biltegiratzeak ahalbidetzeko. Haien inpaktua ia ikusezina zaigunez, edozertarako erabiltzen ditugu, beharrezko edo baliagarriak ez diren ekintzetarako ere bai. Energia efizientzia handiagoa duten algoritmoak bultzatu beharko lirateke, eta erabiltzaileak erabilera zuhurretarako hobeto kontzientziatu.

Era berean, mundu digital hau elikatzeko materiala behar da, mugikorrak, mikrotxipak eta abar ekoizteko. Hauen erabilera-bizitza gero eta motzagoa denez, hondakin bihurtzen dira berehala. Zabor mota guztien artean hondakin elektroniko eta elektrikoena da bizkorren hazten ari dena mundu mailan. Oso zabor toxikoa da, eta hartatik materialak berreskuratzea erabat zaila. Teknologia berriak garatzeko inbertitzen den bezala, hauek birziklatzeko teknologietan inbertitzea litzateke zentzuzkoa. Gainera, zabor elektronikoa murrizteko, irtenbide sozialak behar dira, ez bakarrik teknologikoak.

Klima mitigazioa

Klima mitigazioan, gero eta argiago ikusten dugu egin behar dena: petrolio eta erregai fosilen garapena gelditu, ikatzarena batik bat. Botere handiek badute horretan zereginik: inbertsioak bideratzen dituzten finantza instituzioek, erregulazioa arautu eta baimenak ematen dituztenek, ustiapen berrien planak irudikatzen dituzten enpresek.

Itxaropen eta dirutza handienak beste norabide paralelo batean doaz, ordea; elektrizitate iturri berriztagarriak bultzatzeko norabidean. Suposizioa da berriztagarriak handitzearekin batera erregai fosilak murriztuko direla. Toki batzuetan hala gertatzen da, bai, baina, oro har, energia kontsumoa handitzen den bitartean, bai berriztagarriek bai fosilek gora egiten dute. Gakoak dira, beraz, energia efizientzia hobetzea eta erregai fosil gehiagorik ez garatzea, planetaren beroketa gure eskuetatik joan ez dadin.

Etxeko kontuetara etorrita, klima mitigazioan (eta bizi kalitatean) eragin handienetakoa izan dezakeen erabakia eguneroko garraio sisteman eta mugikortasun ohituretan dago. Eguneroko garraio beharrak auto pribatu eta erregai fosilen mendekotasunetik aldentzean datza. Auto elektrikoek pixka bat lagundu dezakete, baina ez da nahikoa. Zergatik? Eguneroko garraio beharrak birpentsatu gabe, auto elektrikoen hedapenak azpiegitura elektrikoak biderkatzea eskatuko du, material eta energia erabilera sustatuko du, eta herri eta hirietako autoen saturazioa ez du hobetuko. Era berean, bizitza kalitatea hobetzeko potentzial itzela du garraioa birpentsatzeak, norbanakoak autoan trabatuta egotetik askatuz eta arnasten dugun airea garbituz, adibidez.

Klima aldaketak eguraldi jazoera intentsoagoak ekarri ahala, hiri eta kostaldeen egokitzapenean ahalegin handiagoa jarri beharko da. Tenperaturari eta urari begiratu behar zaie. Garai ona da ezagutzeko zein babesgune klimatiko natural dauzkagun gertu. Tenperaturen aldakortasuna leuntzeko, zuhaiztiak eta gune berdeak gure lagunak dira. Horrelakorik ez badago gure etxetik hurbil, ideia ona da horiek bultzatzea, haien beharra dugunera arte itxaron gabe.

Urak gorabehera handiak izango dituenez, baliagarria da herritar bakoitzak haren kudeaketaren funtsezkoenak (berr)ikastea: ur eskasiarako, haren erabilera zuhurrak eta ur gordailu naturalak babesteko moduak, alegia -bai lurrazalean bai lurpean-. Edo bat-bateko gehiegizko urarentzat, uholdeen eragina leuntzeko ekimenak eta ur fluxu bortitza moteltzen duten lur-erabilerak nola sustatu.

Plastikoak

Plastikoak eta mikroplastikoak osasun kezka nabarmenetakoa bihurtzera doaz (gizakientzat eta planetarentzat). Plastikoa murrizteko nazioarteko negoziazioak nahiko ongi zihoazen azkeneko urteetan, baina iaz, akordio bat hurbil zegoela, industriako presio-taldeak bertaratu ziren eta espero zen akordioa ez zen gauzatu, momentuz. Antzekoa gertatu izan da ingurumenaren nazioarteko beste negoziazioekin (klima, bioaniztasuna eta abar): hasieran ez zuten lerroburu handirik eragiten, baina neurri konkretuagoetara joan izan direnean (ikatza edo zenbait plastiko debekatzera, adibidez), agente boteretsuak (gaiari dagokion industria) sartu izan dira negoziazioak oztopatzeko.

Nazioarteko itunak noiz adostuko diren itxaron gabe, norbanakoek, hiriek eta gobernuek ekintza jarrai dezakete beren aldetik modu oso eraginkorrean, erabiltzen den plastikoaren bolumena murrizteko. Birziklatzea mesedegarria da, baina ez da nahikoa.

Bioaniztasuna

Gai ekosozialetan elementu guztiak loturik daudenez gero, aurretik aipaturiko norabideek bioaniztasunean lagundu dezakete: klima aldaketaren eragina leuntzea, plastikoa eta beste kutsadurak murriztea, eta abar. Dena den, bioaniztasunean gehien eragiten duen faktorea, mundu mailan, gizakion elikadura da. Elikagai sistemei so egin behar zaie bioaniztasunaren dinamikak laguntzeko, haren galeraren arrazoi nagusiena habitat eta ekosistemen txikiagotzea eta degradazioa baita.

Alde batetik, elikadura sistemek planetaren azaleraren erabilera determinatzen dute; gaur egungo gizarteen elikadura sistemak hornitzeko, bestelako ekosistemak deuseztatzen dira. Bestalde, zenbait nekazaritza moduk agrokimikoekin kutsatzen dute ingurunea (pestizida eta ongarri sintetikoekin), eta horrek landare eta animalia baliotsuen sarraskia dakar, hala nola erle eta beste polinizatzaileena.

Elikagai sistemak birpentsatzeak neurrigabetasun bat dirudi, baina ekintza gertu dugu, gure herri eta hirietako komertzio independenteetan naturarekin bakean dauden bertoko produktuak maiz aurki daitezke eta.

Ondorioa

Askok pentsatzen dute gai ekosozial hauek guztiak zuzentzea teknologia berrikuntzetan datzala. Makina eta sistema digital hobeetan inbertitzeak konponduko dituela neurri handi batean. Hura da parte bat, bai, baina ez bakarra ez eta nagusiena ere. Krisi ekosoziala ez da teknologiarekin konpontzen. Teknologia berriek energia gutxiago erabiltzea edo lurra modu eraginkorragoan erabiltzea ahalbidetu dezakete. Baina gizaki eta gizarteen dinamikak direla eta, energia eta lurraren erabilera handitzea izaten da ondorioa. Ordea, “eko” eta “sozial” kontzeptuen arteko harremana hobetzean dago gakoa: egiten dugun guztia nola eta zergatik egiten dugun hausnartzean.