Lehengaien eskasia
Lehengaiak lortzea gero eta garestiagoa da. Etorkizunean, defizit horrek inflazioa, nazioarteko harremanen militarizazioa eta joera sakabanatzaileak areagotzea eragingo du. Testuinguru horretan estatu subiranoa izatea funtsezkoa izango da
Hamar urte barru egoera ekonomikoa nolakoa izango den marrazten saiatzea igarle baten zeregina da. Planifikatzaile batek ere nahiko ondo egin dezake, baldin eta planifikatzea ez ezik, kontuak ematea ere baloratzen duen kultura baten partea bada. Euskal Herrian ez dago horrelako kulturarik; ez, behintzat, politika publikoen esparruan. Lagun batek kontatu zidan Txinan zazpi, hamabost eta hogeita hamar urterako planak egiten dituztela. Dagokion aldia amaitutakoan, emaitzak bildu eta ebaluatu egiten dira. Oro har, planifikatutako helburuen %80 bete ohi dute, eta hori oso emaitza ona da. Gainera, emaitza horrek aukera ematen die epe bakoitzaren amaieran gauzak nolakoak izango diren jakiteko... %80an, gutxienez.
Horrelako plangintza kulturarik ezean, prospektiba ariketa bat egiten lagun dezake gure industria-gizartearen oinarrian dagoena aztertzeak: lehengaiak. Asmakizun asko inplementatu arren, ekoizpenak materiala izaten jarraituko du. Adibide gisa kobrea har daiteke, trantsizio energetikorako funtsezkoa den metala. Erantsitako grafikoak azken 120 urteetan aurkitutako kobre aztarnategiak erakusten ditu. Aztarnategien tamaina eta sakonera ere adierazten ditu. Lehen begiratuan ikus daitekeenez, meategi azalekoenak 1960 baino lehen aurkitu ziren, eta orduz geroztik, aztarnategi berrien sakonera handitzen joan da, eta zain berrien tamaina murriztu egin da. Horrek esan nahi du kobre irisgarriena ustiatzen ari direla edo agortu dela, eta erreserba berriak, oro har, sakonago daudela eta txikiagoak direla. Ondorioz, lanean eta kapitalean ahalegin handiagoa egin behar da askoz produktu gutxiago lortzeko, eta horrek, jakina, asko garestituko du kobrearen ustiapena, bai eta, beraz, haren prezioa ere.
Kobrearen adibide horrek lehengai gehienen ustiapenaren joera orokorra erakusten du. Material garestiagoek gainerako merkantzia guztien prezioek gorantz egitea ekarriko dute, eta hazten jarraituko dute. Hori dela eta, inflazioak, eskaintzaren edo eskariaren gorabeherak alde batera utzita, edo muga zerga handiagoen edo txikiagoen eraginaz gain, igotzen jarraituko du.
Egoera ilun horren aurrean, Europar Batasuna ez da behar bezala jokatzen ari. Izan ere, Bruselan nagusi den pentsamenduak hazkunde ekonomiko amaigabearen arrazoinamenduez jarraitzen du, eta hori ezinezkoa da. Energiaren eta materialen erabileraren eraginkortasuna handitzen bada ere, material gehiago beharko dira, eta ez gutxiago, William Stanley Jevons ekonomialari ingelesak XIX. mende erdialdean adierazi zuen bezala. Jevons konturatu zen teknologia berri eraginkorrago bat asmatzen zenean, horrek materialen eskaria handitzea zekarrela berekin; hain zuzen ere, bere erabilera berehala zabaltzen zelako. Horregatik, ez da nahikoa teknologia eraginkorragoak sartzea: paradigma aldatu behar da. Izan ere, adibidez, energia berriztagarrien aldeko apustuak orain arte lortu duen gauza bakarra energia gehiago erabiltzea izan da. Energia berriztagarria gehitu egin da eta horrek ez du energia fosilik ekuaziotik atera.
Energiaren eta lehengaien erabileraren joera aldatzeko, ikuspegia aldatu beharra dago eta benetan erabilgarria edo baliagarria zer den planteatzen hasi. Eztabaida termino horietan emateko, ez da lagungarria klima aldaketaren gaia emisioen murrizketaren inguruan ardaztu izana. Dudarik gabe emisioek kliman eragin handia dute. Agian, hasieran, gizarte industrialaren mugez ohartarazteko balio izan zuten, baina azkenean aldatu beharreko faktore bakarra bihurtu dira. Emisioak sistema harrapari baten zati bat baino ez dira; ezin da orain arte bezala jarraitu, baina energia berriztagarriarekin.
Eta lehengaiak urriak badira, aztarnategiak kontrolatzeko borroka (batez ere estrategikotzat jotzen diren materialena) gero eta korapilatsuagoa izango da. Eta horrek arma gehiago eta hobeak eskatuko ditu, armada gehiago eta handiagoak. Gastu militarra handitzea egitate bat da, baita gatazken hedapena ere. Horrela, paradoxa bat gertatzen ari da; alegia, gero eta urriagoak diren lehengaiak gero eta gehiago erabiltzen ari dira jendearen ongizaterako baliagarritasunik ez duten armak egiteko. Beraz, ekonomiaren militarizazioa eta gerra dira lehengaien eskasia erlatiboaren lehen ondorioetako bat.
Garapen bereziki arriskutsua da, nazioarteko erakunde guztiak higatzen ari diren blokeetan aurrez aurre dagoen mundu honetan. Helburuak bitartekoak justifikatzen dituela lelo berria da. Akordioek ez dute irauten, estatuen subiranotasuna ez da errespetatzen, ezta zuzenbide humanitarioa ere. Nazio Batuen Erakundea etengabe zalantzan jartzen da; Munduko Merkataritza Erakundea (MMA) geldirik dago. Oro har, fluxu ekonomiko eta komertzialak antolatzen zituzten nazioarteko erakundeak gainbehera daude. Lurraren eta baliabide naturalen kontrolak eragindako gatazka geopolitikoak areagotzearen ondorio da.
Nazioarteko ordenarik gabe, lehengaien eta energiaren eskasia erlatiboak, zeina garestiago bihurtzen ari den erauzketa eta eraldaketa, sakon aldatuko ditu herrialdeen eta gobernuen lehentasunak. Abendu erdialdean, adibidez, dunkelflauteko aldi bat gertatu zen (eguraldi lainotua eta haize gutxikoa) Europa Erdialdean, iturri berriztagarrien bitarteko energia elektrikoaren ekoizpena jaitsi zen eta prezioak esponentzialki igo ziren. Defizita herrialde mugakideetatik elektrizitatea inportatuta zuzendu zuten, zeinetan ere prezioa igo zen, eskari gehigarri horren ondorioz. Hain zuzen, prezioetan izandako gorakada horren ondorioz, Norvegiako alderdi nagusiek Europarekiko eta Britainia Handiarekiko interkonexioa etetearen alde egin zuten, beren barne merkatuko prezioak babesteko.
Solidaritatearen eta hitz onen Europak lehengaien eta energiaren ugaritasun erlatiboa egon denean funtzionatu du; horiek urritzen hasi bezain laster, mundu guztia horien hornidura ziurtatzen saiatzen ari da. Adibide horrek erakusten du materialen eta energiaren urritasunak eta prezioak garestitzeak bultzada emango dietela joera zentrifugoei. Mugimendu sakabanatzaileek indarra hartuko dute, eta tirabirak sor litezke aliatuen artean ere. Banatu beharreko baliabideak murrizten direnean, nork bere opilari ikatza.
Defizitak markatutako egoera horretan, abantailaz jokatzen dute estatua duten herriek; izan ere, estatu batek testuinguru horretan maniobrak egiteko tresnak ditu. Hala eta guztiz ere, estatu bat ez da nahikoa; estatu horrek subiranoa izan behar du eta, beste eragile batzuekin akordioak lortzeko gaitasuna izan behar du, bere interesen arabera, eta ez hirugarrenen lehentasun geopolitikoen arabera.