Echevarriak badaki zerbait infiltrazioaren arteaz
Arantxa Echevarria zinema zuzendari bilbotarraren pelikula orok lortzen du gizatalde bat haserretzea. Ez bereziki probokazioaren artea modu dotore eta politikoan gobernatzen duelako, grabatzen duena onkeria zuriz hautseztatzen duelako baizik. Abilidadea du, gainera, behin hanka sartuta atzera ere zanga berdinera salto egiteko, uste osoz, oso ustel. Horrela bete du beira-arasa garaikurrez.
Berriki “La infiltrada” (2024) sarituarekin piztu du sua, laburbilduz, zera egin duelako: ETAn infiltratu zen Elena Tejada poliziaren istorioa kontatu, heroitasunaren eta feminismoaren etiketekin salduta, kontuan hartu gabe hemen, baina baita Katalunian ere -hainbat infiltrazio kasu agertu dira azken hilabeteetan Kataluniako mugimendu sozialetan-, agenteen infiltrazioak urte luzez pairatu dituzten pertsonak, agente horiek egindako intimitatearen urraketak, legez kanpoko praktikak. Eta ezkutatu du, aldi berean, heroia talaiatik jaistea eragingo lukeen guztia, besteak beste, torturak.
Agian horregatik erabaki zuen pelikulan “El Inhumano” gisa aurkezten den poliziaren identitatea ezkutatzea, orain jakin denez, Euskal Herrian eta Katalunian aski ezaguna den torturatzailea zelako. Antza, Fernando Sainz Merinoren gehiegikeriak zailak ziren zuzendariak horrenbeste aldarrikatzen duen errealismora egokitzen. Eta, to, pelikula onenaren Goya saria sozioendako film sozialarentzat. Ex aequo, edo dena delakoa.
Baina, egiaz, “Carmen y Lola”-rekin (2018) hasi zen guztia. Bi emakume ijito eta lesbianen arteko harremana kontatu zuen pelikula horretan. Echevarria “National Geographic” begiradaz sartzen da komunitate ijitora, une oro ulertzera emanez agertzen diren horiek «besteak» direla, eta ijito ez den ikusleari ijitoen kontra dituen aurreiritzi arrazista guztiak konfirmatuz. Aretora sartu den modu berean atera da, beraz, ikuslea: ijitofobia berdinarekin, baina negar pixka bat eginda. Zaku-bete izendapen bildu zituen hainbat zinemalditan pelikularengatik, baita bi Goya sari ere. Zer den saritzen dena eta nork erabakitzen duen, hor ere kokatu beharko litzateke eztabaida.
Izan ere, ijitoek gogor kritikatu zuten Echeverriak pelikulan erabili zuen begirada zuria, eta bilbotarrak are gehiago lokaztu zuen egoera kritikei erantzuterakoan: besteak beste, ahotsik ez dutenei ahotsa eman nahi ziela esan zuen, salbatzailearena eginez. Badirudi dena mortu zela bera iritsi aurretik.
“Carmen y Lola”-ren inguruko adierazpenekin lotsaizuna urratzera iritsi ostean, iragarri zuen “Chinas” (2023) filmatuko zuela, jatorri txinatarreko bi umeri buruzko istorioa eta, plot twist, asmatu zer gertatu zen: berriro ere moralkeria zuria, infantilizazioa, aurreiritzien betetze mailarik zorrotzena, jatorri txinatarreko pertsona batzuek salatu zutenez. Atzera ere, nagusitasuna adierazpenetan, beste behin, sariak.
Egia esatera, Echevarria da infiltraturik behinena: talde batean ezkutuko arrazoiekin sartu -aurreiritziak iraunarazi feminismoa saltzen duen bitartean-, bere botere egoera aprobetxatu, eta etekin sozial eta ekonomikoa atera du bertatik, beira-arasak bete arte. •

«Pobreak eta aberatsak zergatik dauden ulertzen saiatu izan naiz beti»

Josefa Albisu, martxoak 8 batean gizonak menderatu zituen emakume pilotaria

«Beatrizena bezalako istorioek bestelako errealitate bat irudikatzea baimendu digute emakumeoi»
Europa dominazio-proiektu bat da, ez besterik
