Trumpen paradoxa klimatikoa
Klima hitza webgune orotatik kendu dute AEBetako iturri ofizialek. Klima larrialdiari buruzko ikerlanak hango gobernuaren finantzaketa galtzeko arriskuan daude. Klima aldaketa gertatzen ari ez denaren irudikeria komunikatu nahi dute ekintza hauek. Planeta laua dela eta bizitzaren eboluzioa gertatu izan ez dela sinesten dutenak badira gaur egun ere, baina ez dira AEBetako presidente bihurtu.
AEBetako presidentearentzat klimak bi esanahi ditu. Biak okerrak. Batetik, klima larrialdia aktibismoa pizten duen gaia da. “Woke” deritzoten kulturaren balore bat gehiago da klima, gizakien berdintasuna eta gizarteen aniztasunaren baloreekin batera. Haren aburuz, kultura hori distrakzioa besterik ez omen da. Hiper-aberatsen ondasun pilaketa ahalbidetzeko esplotazioa agerian uzten duen “distrakzioa” da, nire iritziz.
Bestetik, klima aldaketa trantsizio energetikoa bultzatzen duen gertaera da (erregai fosilei uko egin eta energia iturri berriztagarrietara pasatzeko trantsizioa). Klima hitza aipatu gabe, berrikuntza teknologiko, esplotazio eta espekulaziorako aukera da klima. Parada hori aprobetxatu nahi du AEBetako gobernuko kuadrillak. Ez da ahaztu behar espekulatzaile immobiliarioa dela presidentea eta auto saltzailea haren lagun oportunista. Azkeneko honek auto elektriko asko saldu ditu dirulaguntza publikoei esker, baina hori ez da honakoan hausnartu nahi dudan paradoxa.
Bi esanahi hauek eragiten dutenean dago paradoxa. Klima larrialdiaren kalte sozialei entzungor egin nahi die AEBetako egungo gobernuak. Hala ere, klimaren kontuak irabazi ekonomikoak ekartzen baldin baditu zeharka, horrelako aukerarik ez du galdu nahi. Kanada, Groenlandia, Ukraina… haien baliabide naturalak -mineralak- eskuratu nahi dituela erakutsi du argi.
AEBetako presidenteak ez ditu mineralak bilatzen petrolio eta gas industria bultzatzeko. Hala da, nahiz eta “drill-baby-drill” narratibak (erregai fosilak ustiatzeko grina adierazten duena) argi erakusten duen industria hori kuttun duela eta askatasun osoa eman nahi diola, planetaren kalterako. Gainerako herrialdeen mineral baliabideak bi prozesu bultzatzeko behar dira: digitalizazioa eta energia trantsizioa. Bi prozesuak geopolitikan puri-purian daude, oinarrizko material batzuk eskasak dira, eta AEBek ez dute lasterketa hauetan atzean gelditu nahi, Txina liderra bihurtzen ari bada ere.
Klima larrialdia onartzea eta ulertzea ez dago AEBetako presidentearen agendan. Bai, ordea, klima larrialdiari aurre egiteko teknologia garapenek dakarten aukera ekonomikoa. AEBetako presidenteak klima hitza esplizituki isilarazi nahi duen bitartean, trantsizio energetikoaren berrikuntza teknologikoa serio hartzen ari da. Irabazi ekonomikoak ekarriko dituzten aferetan egon nahi du, eta berdin dio zeinetan. Klima larrialdia nahi gabe onartzen du honela.
AEBetako presidentea oso abila da narratibak maneiatzen, nahiz eta desitxuratutako egiarekin edota gezur zuzenekin eraikiak diren. Distortsio hauei aurre egiteko, Van Der Linden ikerlariak asmatu du irtenbide bat, “desinformazioaren aurkako inokulazioa” deitu dio.
Narratibari so, ez genituzke klimaren bi esanahi oker hauek sinistu behar. Klima larrialdiari aurre egiteko aktibismoa, ikerketa eta politika haren ondorioak sentitzen ari garelako eta sentituko ditugulako sortzen den kezkak pizten dituzte. Eta energia trantsizioa ez da aberats batzuk gehiago aberasteko aitzakia. •