Ausart eta aliatu
Zain-zain dago jendea, urduri. Dotore jantzita atera dira kalera: gonak gerrian, gorbatak lepoan, takoiak oinetan, txapelak eta pamelak buruan. Badira egun batzuk trajea prest zutela, baita tximeleta txiki batzuk ere sabelean. Halako zerbait eragiten du herriko jai egun nagusietako baten etorrerak. Arratsaldeko laurak harrapatu ditu plazako erlojuak. Ireki dira ateak. Hasi da zarata. Ez dago atzera bueltarik. Azpeitia da, martxoaren 2a, Elegante Eguna.
Ganadu kamioiaren ateak izan zitezkeen, urtero legez; baina ez, azoka plazakoak dira. Sokaz lotutako zezen bat atera zitekeen herioan ibilgailutik; baina ez, gorputza lasai astintzeko gogoz gatozen lagunak sartu gara plazara. “Hementxen dala” oihuak entzun zitezkeen Erdi Kalean; baina ez, Fulana DJaren musika dantzagarria darie azokako bozgorailuei. Animaliaren aurrean korrika ibil zitezkeen gizonak, elkar animatuz eta erronka botaz; baina ez, elkarrengana goxo bildu diren lagunak gara, brilli-brilliak batak besteari betondoetan emanez.
Ezberdina izan da aurten Elegante Eguna askorentzat Azpeitian. Tradizioaren sokak estu lotzen du herria, eta ez zezenak bakarrik. Horren lekukotzak jaso ditu Eihera Kooperatibak “Oihu bat isiltasunean” liburuan, Azpeitiko Udalak sustatuta: LGTBIQ+ pertsonon banakako elkarrizketetatik abiatuta, LGTBIQ+ errealitateen erradiografia osatu du. Isiltasuna, ikusezintasuna, indarkeria, beldurra, sexilioa, erreferente falta... argi bezain gordin adierazi ditugu. Baina, horrekin batera, baita hori guztia aldarazteko gogoa eta beharra ere.
Eta horren eskutik etorri da “Astindu Armayuek”, sokamuturraren bueltako giroan eroso ez gauden herritarrontzako eskaintza, LGTBIQ+ sareko kideok girotua eta apaindua. Azken hilabeteotan gure sarea forma hartzen joan da; elkar ezagutu, taldea osatu eta, norbere armairuak ez ezik, herrikoak eta herria bera ere astintzeko asmoz aritu gara. Eta Elegante Egunean jarri dugu lehen mugarria, aurreikuspen denak gaindituta gainera. Sortutako giro eroso eta segurua, esperotako eta espero gabe bertaratutako jendea, zorion mezuak, uste baino lehen amaitutako edariak... Motz geratu zaigu hiru orduko festa. Itxierako lanak egin ostean, “Hementxen dala” elkar besarkatuta abestu dugu, eta hegan atera gara armairutik, gauaz batera gozatzera.
Eta astebete eskasera, martxoaren 8an, oraindik Elegante Eguneko biharamun gozoari tiraka, Azpeitiko eta inguruko herriren batzuetako mobilizazioetan elkartu gara sareko lagunok, beste hainbatekin batera. Martxoan, bigarren asteburuz, eraldaketa transfeministarako aldarriak egin ditugu geure. “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak!” dio elkargune dugun pankartak; “Gora borroka feminista” oihuak entzuten dira kalean; zapi more eta LGTBIQ+ banderak astintzen ditu haizeak.
Gorde ditugu gonak, gorbatak eta takoiak armairuan; ordea, zabalik utzi ditugu hango ateak. Joan zaizkigu brilli-brilliak betondoetatik; ez, haatik, bildutako ausardia eta aldaketarako indarra. Askatu ditugu zapi moreak lepotik, baina lotuta jarraitzen dute sortzen ari garen harreman eta aliantzek. Martxoko hirugarren asteburuan sartu gara, eta ate joka dugu udaberria. Ereiten ari garena loratzen hasteko garaia da. •