Kazetaria / Periodista
AEB ETA IMMIGRAZIO POLITIKAK

Eskolatik irtetea arriskutsua denean, ekarri antzerkia eskolara

AEBetako gobernu berriaren politikek nabarmen aldatu dute herritar askoren bizitza. Immigrazioaren aurkako operazioek psikosi egoera batera eraman dute jende asko. Washingtongo eskola batek, esaterako, eskolako irteerak bertan behera utzi ditu. Antzezlan bat ikusi ezin zutela-eta, bertako aktoreak joan dira eskolara.

Washingtongo Cesar Cagigos institutuko ikasleak «Fuenteovejuna» antzezlanaren inguruko azalpenak jasotzen.
Washingtongo Cesar Cagigos institutuko ikasleak «Fuenteovejuna» antzezlanaren inguruko azalpenak jasotzen. (U. URRUTIKOETXEA)

Washingtongo erdigunean, ia mende erdiko eskarmentua dauka GALA elkarteak. Espainieraz, Artista Latinoamerikarren Elkartearen siglak dira. Adams Morgan auzoan hasi ziren, hiriko artista-auzunean, eta handik, gertuko beste antzoki batzuetan emanaldiak egiten eman zituzten lehen hamarkadak. Duela hogei urte, Tivoli zinema izandakoa eskuratu zuten. Bere garaian, 1924tik aurrera, hiriko zinemarik dotoreenetakoa izan zen, baina 1976an itxi ostean, hala eman zuen mende laurden. Egun, espainierazko kulturaren erreferentzia garrantzitsuenetakoa da AEBetako hiriburuan. Gaurtik aurrera, esaterako, “Erase una vez... ¡Y dos son tres!” (Bazen behin... eta bi hiru dira!) estreinatuko dute, ingelesez eta espainolez ele bitan, eta Antilletara begira: Dominikar Errepublikako ondare europar, indigena eta afrikarra lantzen dituen antzezlana da.

Orain artean, Espainiako literaturaren urrezko mendean kokatu ohi den Lope de Vegaren “Fuenteovejuna” taularatu dute. Hainbat herrialdetako aktoreek XVII. mendeko testua gaur egungo estetikarekin lotu dute, DJ batek ere lagunduta. Gaia ezaguna da: herria sufrimendu betean daukan komendadore feudal anker bat (Iker Lastra aktore euskaldunak antzeztuta), eta herritarrek elkartuta tiraniari aurre egiteko daukaten gaitasuna. 1476ko Andaluzian kokatutako antzezlan baten gaiak bete-betean bat egiten du XXI. mendeko Estatu Batuetako egungo errealitatearekin.

Cesar Cagigos DCI institutuko irakasleak Gala antzokira joateko asmoa zeukan, ia ehun ikaslerekin. Latinoamerikar jatorria daukate horietako batzuek, beste batzuek eskolan ikasi dute espainieraz, Washingtonen eta beste hiri batzuetan oso ohikoak diren murgiltze-ereduetan edo eskola elebidunetan. Kontua zen espainiera maila altua zeukaten ikasleak zirela, literatur lan klasiko batez gozatzeko. «Gure asmoa ‘Fuenteovejuna’ antzezlana ikustera joatea zen. Baina herrialdeko egoera politikoa ikusita, gure zuzendariak erabaki zuen irteerak eta txangoak bertan behera uztea, horrela segurutzat jotzen ez zuten egoerarik ez izateko, gure ikastetxetik kanpo denez ariketa hori».

BELDURRA

Gala antzokitik jakinarazi zieten beraiek ere bazituztela segurtasun neurriak, ondo dakite komunitate latinoamerikarrari nola eragin dioten Donald Trumpen erabakietako batzuek. «Baina zuhurrak izatea erabaki genuen, ikasleak haraino ez bidaltzea. Antzokia segurua izan arren, kaletik edo garraio publikoz ez joatea erabaki genuen, bidean zer gerta zitekeen beldur ginen, immigrazioarekin susto txarrik ez izateko», azaldu du Orielena Lopez Ayllonek, DCI ikastetxeko espainierazko atalaren arduradunak.

Ez da institutuaren erabakia soilik, familia asko ere beldur dira. «Bai, noski, gure komunitateari eragin dio», dio Lopez Ayllonek, berak ere kubatar jatorria baitauka. «Washingtonen agian ez da hainbeste nabari, baina inguruko leku askotan bai, eta guraso asko kezkatuta daude. Tira, gurasoak, eta ikasleak ere bai, nagusiak dira, badakite zer ari den gertatzen, eta esan digute beldur direla».

Txango interesgarria izanda ere, immigrazio-agenteak egoteko beldurra handiagoa da. «Eskolan bertan ere bilera egin genuen, ea zein aukera genuen aztertzeko, immigrazioa eskolan agertuz gero. Ikasle eta gurasoak kontziente dira eta batzuek beldurra ere badute, batez ere eskolatik irtenez gero».

Egoerak, ezinbestean, zertxobait baretzera egin badu ere, «ikasle batzuek etortzeari utzi zioten lehen asteetan. Polizia-operazioen berri ageri zen sare sozialetan etengabe, eta kezka eta beldur handia zegoen. Batzuk azterketetara ere ez ziren etorri, eta gurasoek ere ez etortzeko esan zieten». Egun batez, protesta eta indar-erakusle gisa, «etorkinik gabeko» protesta-egun bat ere egin zuten, herrialdeak zenbat galduko lukeen agerian uzteko.

AKTOREAK ESKOLAN

Ikasleak oraingoz txangoetara eraman ezinda, antzokira deitzea erabaki zuten irakasleek. Bazekiten ezingo zutela taularatzeko zerabilten tresneria guztia ekarri, baina antzezleetako batzuk ikasleekin egotera etorriz gero, arantza hori ateratzeko itxaropena zeukaten. «Pena dela esan genuen, are gehiago antzezlanaren beraren gaiarekin, injustiziaren aurka. Ikusten genuen, gainera, azkenean beti kultura irteten dela galtzaile. Eta pentsatu genuen, zergatik ez esan ea animatuko liratekeen etortzera? Hasieran esan ziguten ezin zutela, eta aipatu genien egoera, ea egokitu zitezkeen. Gero, taldean hitz egin ostean, posible zuten batzuek etortzea erabaki dute. Guretzat ere onuragarria da, egin kontu ikasle hauetako batzuentzat gaztelania eskolako hizkuntza baino ez dela, eta beste batzuek agian etxean egiten dute, baina ez dute XVII. mendeko literaturaz gozatzerik izan. Hizkera zail samarra ere badenez, aktoreak bertan egotea eta zalantzak argitzea oso interesgarria da».

Aktoreak eta ikasleak elkarrekin, antzezlanaren zehaztasunak lantzen. (U. URRUTIKOETXEA)

«Gure lankideetako batek proposatu zuen, eta esan genuen, ‘ikasleak ezin badira etorri, eraman dezagun antzerkia eskolara’», esan du Catherine Nuñezek, Pascualaren rola egiten duten aktore kubatarrak. Luis Obed puertorricarra (Mengo, antzezlanean) bat dator. «Catherineri esaten nion egiten dugun gauzarik garrantzitsuenetakoa dela hau, antzezlana eta gaia hain esanguratsua izanik gaur egun ere, honaino ekartzea, ikasleengana. Orain formatzen ari diren jendea dira, eta obrak dituen ideia horiek zabaltzea, erakustea, eztabaidatzea oso positiboa dela uste dut. Oso hunkituta nago aukera honekin».

«Niri iruditzen zait astakeria bat dela gertatzen ari dena, eztabaida politikoetan sartu gabe. Hondamendia da, guztiz onartezina, gurasoak seme-alabengandik bereiztea», dio Iker Lastrak.

Aktore bilbotarrarentzat, goizetan ikastetxeekin egiten dituzten matinée-ak taularatze atseginetakoak dira, «hiru eta lau ikastetxe etortzen dira, oso giro ona egoten da, galdera asko eta ikusmin handia dauzkate». Ameriketako Estatu Batuetan bereziki, baina alde guztietan dagoen «mundu materialistan», artea eta antzezpena aldarrikatu ditu, egoera konplikatu hauetan batez ere. Transmisioan dagoen garrantzia eta arteak sor dezakeen inpaktua aipatu ditu. Madrilen bizi da egun Lastra, eta AEBetan bizpahiru hilabeteko egonaldiak egiten ditu.

TIRANIARI AURRE

Giroa hotza da hasieran. Nerabeak publiko zaila izan litezke; onenean onenak, eta hotzean hotzenak ere bai. Heather McKay GALAko Hezkuntza arduradunak antzezlanaren kokapen historikoa egin die, eta zer -nola muntatu duten azaldu die ikasleei. Egun berezia da beretzat ere. «Hona etortzeko ideia sortutakoan entusiasmo handia egon zen, bai aktoreen aldetik bai eskolaren aldetik ere, aukera guztiak eman dizkigute. Gu ere oso pozik gaude, ohorea da uneotan hona etorri eta ikasleekin partekatzea. Uneotan garrantzitsua da arteak bihotza izatea, ez mezua soilik. Uste dugu badaukagula mezu garrantzitsu bat emateko, baina erakutsi nahi diegu baita ere arteak badakiela erantzuten zailtasun uneetan». McKayk ingelesera itzuli du “Fuenteovejuna”.

Antzezpenean, aktoreak etengabe daude taula gainean, honela azaldu diete: «Beti gaude eszenan, batzuetan hizketan eta lehen planoan, eta beste batzuetan atzeratuago, baina gertatzen ari denaren lekuko gara». Ez da hutsala hautua: injustizien aurrean egin daitekeenaren eztabaida mahai gainean jarri dute. Obrako tarte batzuetan, herritarrak hizketan ari dira; besteetan, atzean, ezer egin gabe, gertatzen dena ikusten, eta geldirik, oso berandu den arte.

Ingelesezko hitz-jokoa egin dute, “play” (antzezlana) jolastea ere badelako, eta antzezteko lekua jolastokia ere izan litekeelako (“playground”). Catherine Nuñezek edalontziaren metafora darabil: «Ikusten dituzu gauzak eta agian ez zara oso aktiboa, niri ez dit eragiten, baina halako batean zure institutuari dagokio, eta gainera taula gainean banago, nahitaez ikusi behar dut, edalontziak tanta batekin gainez egiten duen arte». Aktore bezala ere, «orain herritar, gero soldadu, pertsonaietan aldaketa daukazu». Argien jokoa azaltzen diete: gorria beroa, odola da, eta urdina ura, bizitza, baina nahastu egiten dira, ura odolez zikintzen da. «Historiako une bakoitzean dago erabaki hori: non kokatuko naiz gatazka honetan, tiranoaren ala auzoko emakume gazteen ondoan, gerrak jarraitzearen alde egingo dut ala ez», erantsi du.

«Baina egun batean ez da jauntxorik egonen, eta Fuenteovejunaren deiak egingo du oihartzun», esaldiarekin, hausnartzera animatu ditu ikasleak, bakoitzak beretik ekar dezala. «Beti interesatzen zait elkartrukea, eta oso gustuko ditut funtzioen osteko kolokioak, ikusleen ikuspuntua ezagutzea, are gehiago ikasleekin. Lana hona ekartzea eta solasaldia izatea haiekin oparia dela uste dut», dio Nuñezek.

Luis Obed eta Catherine Nuñez aktoreak bertaratu ziren eskolara. (U. URRUTIKOETXEA)

Ezin bestela izan, antzeztera nor animatuko den galdetu dute. Neska batek berehala erantzun du. Mutilak uzkurrago daude. Erdi behartuta atera dute gaztetxo bat. Bi aktoreekin batera, gidoiak eskuetan, gazteen arteko solasaldia antzeztu dute. Hizkuntza antigoalekoa da, baina solasa edozein unetan gerta litekeena da, maitasuna gertatzeko aukeraz, maitatzea posible den, pasioaz, harremanez mintzo dira, bertsoz, segundo batez hausnartzea eskatzen duten testuetan.

Segidan, elkarrizketa interesgarria sortu da, antzerkiaz oro har, eta nerabezaroaz, eguneroko arazoez, maitasunaz, noski. Baina baita obrak sakonean lantzen duenaz ere, tirania, zapalkuntza, bidegabekeria, herriak batu beharra edo indarkeria erabiltzea.

Eta azken galdera: zer egin bidegabekerien aurrean? Komendadorearen gaiztakeriak gaiztakeria, azkenean, erruki eskatu arren hil egiten dutela gogorarazten du ikasle batek. Beste batek dio gaia konplikatua dela, baina injustizien aurrean matxinatzeko eskubidea dagoela dio, indarkeria gustuko izan ez arren.

Heather McCayk antzokira etortzera gonbidatu ditu ikasleak, eskolatik ezin bada, gurasoekin animatu daitezela. Sarrerak opari emango dizkietela esan diete ikasleei. Mundua artega dabilen sasoian, aldi baterako irteteko parada ederra izan da. Hurrengoa, antzokian bertan.