Koldo SAGASTI

Psikopaten aroa

Gure patua psikopata gutxi batzuen esku dago. Halaxe ondorioztatu zuen Jon Ronson idazle britaniarrak “Psikopata al zara?” izeneko liburuan. Ikerlan horretan, “The Guardian” egunkariko kolaboratzaileak kontrastean jarri zituen gaitz psikopatikoaren diagnostikorako ezaugarriak goi-mailako ardura postuetan dauden politikari eta enpresarienekin. Ariketaren emaitza erabatekoa izan zen: mundua psikopatek gobernatzen dute. Psikopatak ez du damurik, ezta hurkoarekiko enpatiarik ere; manipulatzailea da, bere helburuak lortuko baditu; neurri gabeko egoa dauka; eta gezurra modu konpultsiboan darabil. Horiexek dira gaur egun munduan saritzen diren ezaugarriak. Zenbat eta gertuago izan horietatik, orduan eta gorago egingo duzu botere-katean.

Izan ere, psikopatiaren ikuspegitik baino ezin da ulertu, inongo damu-izpirik gabe, milioika pertsonaren garbiketa etnikoa antolatzea moketadun bulego baten erosotasunean, milaka umeren genozidioa agintzea hotzikara ñimiñoena ere sentitu gabe. Baina sarraskia diseinatu eta zuzentzen duena bezain psikopata da, halaber, triskantza gelditzeko baliabideak izanik, ezer ez egiteko hautua egiten duena.

Jakin berri dut aste honetan Palestinako ordezkaritza batek bisitatu duela Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordea. Bisitariei ezkerreko eskuaz bizkarrean elkartasun-txaloak emango zizkieten politikari bertsuek Israelgo kolonizazioaren azpiegiturak eraikitzen ari den euskal konpainia batentzako dirulaguntzak sinatzen dituzte eskuinekoaz, biboteko bilo bat ere mugitu gabe. Ez al da eskrupulu falta hori izaera psikopatikoaren zantzu argia? Ez al da hurkoarekiko enpatia falta hori aginte postuetara iristea ahalbidetu diena?

Aro berri baten atarian gaude. Inoiz ez da metatu hainbesteko boterea hain esku gutxitan, eta inoiz ez dute izan esku gutxi horiek hainbesteko suntsipen-gaitasuna, eta hain eskrupulu gutxi. Datorkigunari aurre egiteko, diskurtsoa berrarmatu behar dugu, gure patua psikopata gutxi batzuen esku egongo ez bada. •