«Askapenaren eguna»
Horrela bataiatu zuen Donald Trumpek, muga-zergen igoera indarrean sartu zenean. Burtsetan astebeteko asaldura izan ondoren, literalki esan zuen herrialde asko zeudela «kissing my ass». Egun bat geroago, 90 egunez tarifak bertan behera uztea agindu zuen, eta negoziazioa eskatu zuten gobernu horietako bakoitzarekin negoziatuko duela iragarri zuen. Txina kanpoan utzi zuen, txanpon berarekin erantzun ziola argudiatuz. Europan, gobernuek lasaitu ederra hartu dute. Tertuliakide gehienek uste dute Trumpek atzera egin duela. Euforia sentsazio bat zabaltzen ari da. Badirudi mundu guztiak ahaztu nahi duela zein den maniobra horren guztiaren helburua: aliatuek AEBei ordaindu beharreko basailutzaren baldintza berriak negoziatzea.
Zentzu horretan, interpretazioak alderdi ekonomikoetan zentratu dira: berrindustrializazioa bultzatu nahi duela Trumpek, AEBetako esportazioak igo, dolarraren kotizazioa jaitsi, etab. Baina gidoiaren azken bira honekin, badirudi helburu horiek guztiak osagarriak direla eta helburu sakona erabat politikoa dela. Horrela ulertu zuen Txinako Gobernuak. People's Daily egunkariaren editorial batek adierazi zuenez, AEBetako muga-zergak espero zutenaren barruan sartzen dira, prest daude eta zerua ez da eroriko, besteak beste, Txinako esportazioek BPGaren %20 baino ez dutelako batzen. Bestalde, erasoa jendearentzako motibazio gehigarri gisa ikusten zuen, autosufizientzia teknologikoa bultzatzeko aukera gisa, eta, gainera, kontrarioaren indarra bere kontra erabiltzeko aprobetxatuz, AEBetako aldrebeskeriak Txina indar egonkortzaile gisa agertzen laguntzen zuela adierazten zuen. Europan ez da antzekorik ikusten, «business as usual»-arekin jarraitu nahi duenik. Horrela, Txinako Gobernuak ere gerra komertzialaren muina arlo politikoan kokatu zuen: afera ez da ekarriko dituen kostu ekonomikoena, nazioarteko harremanak nola berreraikitzen diren baizik.
Testuinguru horretan, badirudi AEBen helburu nagusia munduko herrialdeak bi bandotan banatzea dela: Txinarekin edo Txinaren aurka. Duela urte batzuetatik hona, analista guztiak bat datoz esatean AEBek Txinarekin zuten harremanean izan zen «akats» handiena izan zela Munduko Merkataritza Erakundean sartzea baimentzea. Merkatu libreetan handia ateratzen da beti irabazle. Ildo horretan, duela gutxi egindako adierazpen batzuetan, JD Vence AEBetako lehendakariordeak argi esan zuen globalizazioak porrot egin zuela, AEBek munduan zuten nagusitasun-posizioari eusteko pentsatuta zegoelako. Bistan da Txinak tranpa hori saihesten jakin duela, eta orain buruhauste handia da munduan nagusi izaten jarraitu nahi dutenentzat, giharra galdu duten arren.
Urtarrilean Rubiok onartu zuen egungo mundua multipolarra dela eta AEBek indarrak birlerrokatu nahi dituztela. Bere basailuei ezarriko dizkien baldintzen artean, aurreikus daiteke behartuko dituela Txinarekiko harremanak moztera, gerra hotzaren antzera, bi bandoak sortuz. Zentzu horretan, Scott Bessent AEBetako Altxorraren idazkariak gogor kritikatu zuen Espainiako gobernua, Txinarekin harreman komertzialak estutzea aztertzen ari zelako. «Hori bere burua hiltzearen parekoa litzateke», esan zuen ostegunean.
Trumpek uste du tarifak AEBek zama kentzeko modua direla. Munduko zapalduek ere antzera ikusi beharko lukete: egungo sistema politiko ekonomikotik askatzeko gonbidapen gisa. Gaur egungo globalizazioak herrialdeei eragotzi egin baitie beren garapen-bide subiranoak eraginkortasunez jarraitzea. •