Sustrai Colina
Entrevue
Jon Benito
Idazlea
gara-2022-06-30-Entrevista
Jon Benito. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Hitzaz haragoko komunikazio bat bilatzen ahalegindu naiz»

Kazetaritzan lizentziatua banintz, ezingo nukeen elkarrizketa hau egin. Printzipio deontologikoen aurka doa lagun min bat elkarrizketatzea. Baina gauzak zer diren, ‘Lagun minak’ izeneko liburua argitaratu berri du Jon Benitok (Zarautz, Azken Portu, 1981).

‘Kontatzen ahalegindu nahi dut, kontatzeko premia daukat eta kontatzen gaituzten istorioak idazteko obligazioa daukagula uste dut’, esaten du zure pertsonaietako batek.

Liburu hau idazterakoan, motibatzen ninduena ez zen istorioak eder, ondo edo harrigarri kontatzen ahalegintzea. Aldiarekin, nire inguruarekin eta inporta zaidanarekin konexio bat bilatzen nuen. Uste dut, pertsonaia horren hitzetan egoki zehazten dela ni idaztera eserarazten nauen motibazio nagusia.

2001ean argitaratu zenuen ‘Aingurak erreketan’, 2010ean ‘Bulkada’ eta 2022an dator ‘Lagun minak’. Gutxi gehiago, hamar urtean behin liburu bat. Kasualitatea da?

Zortzi-hamar urteko zikloetan funtzionatzen dugula uste dut, nik bederen bai, eta ziklo bakoitzaren azkenak dakar bere berrikusketa kritikoa: zer pasa zaidan, zer egin dudan, gustura nabilen ari naizen horretan, zertan ez dudan asmatu, nola kokatzen naizen inguruan gertatzen ari direnekiko... Literatura idaztea ere ulertzen dut garaiko kezkekin eta nire inguruan gertatzen ari denarekin lotura estutzeko bitarteko gisara, artifiziotik eta fikziotik izan arren.

Poesian ezagutzen zintugun, ipuin eta poema liburu batekin zatoz orain.

‘Aingurak erreketan’-etik ‘Bulkada’-ra, gardenago idatzi eta hitzei beldurra galtzeko asmoa nabarmen zela uste dut. Hurrengo pauso honetan, narrazioetara igarotzea logikoa iruditu zitzaidan, baina liburua eta ni neu trantsizioan geundenez, poemen baliabideak ere ekarri ditut, narraziorako urrats horretan suelto sentitu nahi nuelako; kontaduria zurrunago batean ez nengoke eroso eta seguru. Horregatik, adierazkortasuna indartzeko asmoz, formak bihurritzearena. Bestalde, Arroitajauregik, Larburuk edo Sofak musikan bezala, inguruan ere jostalariago sortzeko aire bat badabil, eta saiakera horiek gainerakooi ausartago jokatzeko gonbita luzatzen digute.

Zugandik gutxik esperoko zuten ‘Angelu itsua’ bezalako ipuin bat idaztea, adibidez.

Nigandik literarioki ezer espero ote du ba inork? Liburu bikain askoak idatzi dituzte genero horretan Bordak edo Alonsok euskaraz. Bunker edo Mosley ere oso gustuko ditut. Suspenseak edo lehen nobela beltza deitzen zenak, tramaren garapenean kontatzen duenaz gainera, berezko izan du errealitatearen kronika ez-ofiziala konplitzeko funtzioa. Aldiko kezka batzuez, segurtasunaz, punitibismoaz, askatasunaz, polizia ereduaz eta funtzioaz jarduteko aukera ematen zidan, eta nahi nion aire apur bat eman testuen osokiari ere, bestelako estilo eta argumentu batean.

‘Libre iraun, ahal bezainbeste, noizbait libreago izateko’ dio zure beste pertsonaietako batek.

Uste dut askatasunarena dela liburuaren maxima edo gehien errepikatzen den kontzeptua. Zer ulertzen dugu askatasunaz ari garenean? Askatasun indibidualak edo kolektiboak gurutzatzen direnean nolako talkak edo gatazkak sortzen dira? Pandemia sasoian, norbere askatasunaren inguruko eztabaidak zeharkatu gaitu. Susmoa dut, gutxi gehiago, ideia argi daukagula, baina praktikara jaistean kontraesanak eta alde eginak, emozioak ala izuak pizten zaizkigula. Ildo horretan, pertsonaiek libreagoak izateko ahalegin bat saiatzen dute, askotan libreago izatea zer den edo zer suposatzen duen ondoegi zehazten ez dakiten arren. Izan ere, bi askatasunek talka egiten dutenean, gure egunerokotasunean kudeatu beharreko arazo bat bihurtzen da desio eta bizigai zitzaigun askatasun hori ere.

Bada aldi honen ikur bat?

Ez dakit. Aske izateaz ari garenean zertaz ari gara? Menpekotasunik ez izateaz edo ez sentitzeaz bakarrik? Zer albo-kalte dituzte gure lehen munduko askatasun gehienek? Une batean idazten dut ‘pribilegioak erosten ditugu askatasunak bailiran’. Sasoiotan, libreago izateko bulkadak bizi gaitu eta, askatasuna giza balio gorena ez bada, garrantzitsuenetarikoa bihurtu dugu, ia dena egiten baitugu, baita krudelkeria itzelenak ere, ‘askatasunaren’ izenean edo hura helburutzat ulertuta. Askatasunaren kudeaketak ardura bat suposatzen du ordea, eta ardura horrek problema batzuk sortzen dizkigu egunerokoan, ezta? Ezinbestean, libre izateko modu batzuen eta elkarrekikotasunaren ideiaren edo lehen pertsona plurala josteko eta jokatzeko ezin zenbait bistara dauzkagu gure eguneroko harremanetan, lanean edo elkartasun mugimenduetan. Antzera maitasunarekin ere.

Aldiari erantzun nahi horretan, ez zaizu oso aldi samurra egokitu.

Olatu biziko aldia bizi dugu. Olatu bizi horiek segurtasun gutxiko zein etorkizun lausoko garaiak iragartzen dizkigute. Lehen, agian, helduleku pertsonal zein ideologiko argiagoen ilusioa geneukan. Horri gehitu, errealitatea gainetik pasako balitzaigu legez, azkenaldian, gertatzen ari dena ulertzeko gero eta zailtasun handiagoak dauzkagula. Plano pertsonaletik hasi eta jendarte kategoriako gertakarietaraino, aldi berean gauza ezberdinak gertatzen ari direla iruditzen zait, eta ondorioz, gero eta gai gehiagorekiko iritzi sendo eta argudio argi gutxiago dauzkadala. 41 urteko gizonezko zuri arazo ekonomikorik gabea izateak ere, jartzen nau nire jarrerak, eguneroko inplikazioak zein jendartean ditudan lekua eta funtzioa berrikusteko atakan, noski. Illouz, Stromquist eta Estebanen lanak irakurriagatik, eta ustez ulertuagatik, praktika ez da beti erraza eta koherentea.

Lagun minekin egon ezin zen sasoian ‘Lagun minak’ idaztea ere izango zen beste ataka bat, ezta?

‘Lagun minen joanak dakar lagun mina’ abesten zuten 7 Eskalekoek. Lehen zortzi-hamar urteroko berrikusketak aipatu ditut, eta konfinamendu ala distantziamendu sozialen garaiek ekarri dute hurkoarekiko, maite edo erreferentziatzat ditugunekiko premia berritu bat. Lehen arruntzat jotzen genuena atzera baloratzeko beharra sentitu dut nik bederen. Animalia sozialak garen heinean, loturak ditugu beste pertsona batzuekin. Lotura horiei esker sortzen da gu bat eta gu horrek plazererako uneak bezala minerako tarteak ere badauzka izan. Gu hori ideologikoa da askatasun eremuak eta konpromisorako testuinguruak ahalbidetzen dituen neurrian. Halaber, gu hori sortzen duten loturek konprometitzen gaituzte besteekin: euren maitasunarekin, babesarekin, ongizatearekin, zorionarekin... Pandemiak ekarri du horren ezinbesteko berrikusketa bat, nire kasuan bederen. Zein ditudan inguruan, zerk lotzen nauen haiekiko, zeren gainean sostengatzen den eta zer baldintzatan den lotura, zergatik, esplizitua, aldebikoa eta orekatua ote den hori...

Aroaren beste ezaugarri bati ezin iskin egin: nola idazten da norbere mugez eta ezinez, hauek arazo sozial bihurtu gabe?

Oro har, ulertzen dut gure ondoezak politizatu beharra, baina, nahiago nuke, etengabe singularreko lehen pertsonatik egin beharrean, ondoez horiek kolektibizatuko bagenitu, jendarteko beste egiteko ala izateko molde batzuekin sindikatuz. Alabaina, susmoa dut norbere beldur, neke eta ezinak modu indibidualean edo indibidualegian sozializatzen ditugula sarri, norbere erara, norbere gorputzean, norbere frustrazio eta ezinekin gabiltzala egunerokoan, eta erantzun pertsonal bat eskatzen dugula, akaso, erantzun kolektibo bat artikulatu beharko litzatekeenean.

Norabide horretan, literaturak laguntzen du norberarena norberarena bakarrik ez dela ulertzen? Ez dakit.

Ñabardura gutxiko gatazkari buruzko errelatoen garaia ere bada bizi duguna. ‘Maite Agirreren helegitea’ izeneko ipuina idatzi duzu zuk.

Kontatu behar denaz, daitekeenaz, eta kontatu daitekeenaren inguruko mugez eta egokitasunaz ari da ipuina. Beste ipuin batzuei, beste pertsonaia zein egoera batzuei eskaintzen ala suposatzen zaien konplexutasunez eta gaitasunez irakurria izango da? Eskainiko diogu aukera bat, ala epaile batek gerra-legeen arabera kondenatu zuen bezala epaituko dugu pertsonaia hori bere arrazoi eta motibazioetara heltzeko ahaleginik egin gabe, testuingurua hurbilekoa eta erreala zaigulako? Bestalde, bigarren irakurketa nahiko ebidente bat ere badauka: elkarlan kolektiboetan konprometitzen garenean, motibazio politiko edo sozialak izaten ditugu, baina baita bulkada humanoak ere, besteenganako dauzkagun lotura irrazionalengatik eta emozionalengatik.

Liburuan zehar badaude etengabe gurutzatzen diren bi galdera. Lehenbizikoa: zer esango luke aspaldiko zein etorkizuneko jendeak gutaz?

Oraingo autolaguntzako mantrek, eguneroko detaile txikiei garrantzia emanez, hemen eta orain bizi behar dugula esaten dute, baina perspektiba historiko batetik ere erreparatu nahi nion gure aldi honi. Iruditzen zait bakoitza norbere batailetan gabiltzala, pertsonal zein kolektiboetan, eta bakoitzak dauzkan baliabide ideologiko zein kategorikoekin eta daukan jakintzarekin egiten diela aurre aldiko korapilo eta enplazamenduei.

Horregatik, sarritan, atzera begirako juzguak injustuak iruditzen zaizkit. Nor bere aldian eta testuinguruan bizi gara. Kontu batzuetan antzerako, besteetan ezberdin. Horrek ez du kentzen, gure problema eta korapiloei aipu egitean, ziurrenik etorkizuneko jendeak larrituta epaituko duela zeinen berandu eta zenbat erresistentziaren ostean heldu ginen gizonezkook gure buruaren zein gure jardun publikoaren berrikuspen kritiko bat egitera ala, jendarte bezala, aldaketa klimatikoaren aurrean ze sentiberatasun gutxi izan genuen...

Etorkizuneko jendea harritu egingo da gure argudio eta defentsa batzuekin, guri iraganeko jendearekin beste auzi batzuetan gertatzen zaigun gisa berean.

Horregatik bigarren galdera: etorkizuna iragana etengabe berridaztea da?

Zalantza dut etorkizuna etengabe aurrera begirako errepide bat den. Etorkizunak beste dilema batzuk ere ekarriko ditu, zalantzarik gabe. Baina iruditzen zait, ziklikoki estimatzen ditugun pertsona batzuetara itzultzen garen bezala, lehengo galderen aurrean beste erantzun batzuk artikulatzeko modua ere ekartzen digula.

Ildo horretan, etorkizuna une oro iragana berridaztea ala berrinterpretatzea da batzuetan, etorkizunerako erantzun ezberdinak topatzeko besterik bada ere.

Erantzun ezberdinez ari garela, batzuetan gordin eta besteetan eder zabiltza liburuan.

Gehiegitan hitzezko arteak eder eta ederki kontatzearekin lotu izan ditugu. Hortik ere ulertzen dut, ezinbestean, literatura. Ederra da, zertarako ukatu, irakurle gisa, irakurrieran esaldiek airean zaramatzatenean. Baina, besteetan, uste dut, narrazioek hala behar dutenean, izan daitekeela gordin eta, zergatik ez, zabar, zikin, zatar.

Saiatu naiz, nire talentuaren mugetan, testu batzuetan eder idazten, hitza hitzari gehitzearen jolasari arte apur bat eskaintzen. Beste batzuetan, hala behar zuelako, nahiago izan dut kontaduriaren intuizioaren kontra idatzi edo beste kontu batzuk klarki jarri, narrazioren logikatik eta beharretatik aldendu arren.

Ez zenuen azalean zure izenik klarki agertzerik nahi.

Gustura argitaratuko nukeen nire izenik gabe, egiari zor. Iñaki Segurolak ez zeukan gogoeta bat, gutxi asko, egilearen izenik jakin gabe, liburuak ziurrenik aurrejuzgu edo aurreideia gutxiagoz, eta beraz libreago, irakurriko genituzkeela zioena? Ez naiz autore buruaskia izan inoiz. Zeharka, irakurritako liburuetatik idazten dut, ikusitako filmetatik, eta zuzenean, irakurle asko izan ditut ondoan, liburua argitaratu aurretik ekarpen eraikitzaileak luzatzen. Alde horretatik, ez da justua liburua nire izenean soilik argitaratzea, baina egiletza ulertzeko modu banidoso eta historiko bati erantzuten dio, eta horrela beharko du.

Arnasa eta taupada afinatzeaz diharduzu liburuan. Hori da liburu hau?

Ikusten eta sentitzen ditudan auziei buruz aritzeko premia sentitzen nuen, fikziotik bada ere. Horrela ulertzen dut taupada eta arnasa afinatzearena. Irakurle bezala, oso gustura irakurtzen ditut errealitate hurbilera ala historiara zentzu hertsian lotzen ez diren liburuak, baina idazterako garaian behar dut inguruan gertatzen ari denarekiko konexio bat, oso urrunekoa baldin bada ere.

Ez diozu alferrik ez zarela hitza, ahotsa baizik.

Iruditzen zait ahotsak gorpuzten duela adierazkorra izan nahia, eta literaturak ere, norabide horretan, esaten duenaz haraindi, iradokitzeko edo pizteko gaitasuna behar duela izan. Batzuetan diletante, besteetan totelka, ahotsa esaldia baino hondorago edo altuago dago, arnasari lotua dago, hitzetara ekarri aurreko ahalegin bat denez, eta niretzat liburu honek badu hortik: istorioak narratzen duenaz haraindiko zerbait kontatu nahia, batzuetan ni-tik, beste batzuetan gu-tik. Hitzaz haragoko komunikazio bat bilatzen ahalegindu naiz, asmatu ez dudanean ere, esapideaz gain, bestelako bitarteko batzuk ere baliatuz. Horregatik ipuinetan poemak, hitz-jolasak trebatu, sei lerroko paragrafoetara behartu...

Zer opa diozu ‘Lagun minak’-i?

Asko ikasi eta berrikasi dut. Asko lagundu dit sentipen batzuk hitzetara ekartzeak eta kontaduriaren mugetan ibiltzeak. Hori gutxi ez eta sekulako zortea da, idaztea ariketa indibiduala eta pertsonala izan arren, jendearekin kontrasteak egin eta ekarpen baliotsuak jasotzea, lagun minek eman-hartu literarioa indartzea. Beste alderdi batzuetatik nekagarria izan den bezala, alde horretatik aberastasun handia suposatu du.

Zer opa diodan? Ba, tituluari erreferentzia eginez, lagun minei bezala, maitasuna eta askatasuna.