Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
gara-2022-11-24-Reportaje
Kontzentrazio esparruaren gaur egungo itxura. Argazkia: Kepa Ordoki

Pequeña Velocidad, Irungo kontzentrazio sistemako erdigunea

Pequeña Velocidad da Irungo kontzentrazio esparruen sistema osoan gaur arte zutik iraun duen eraikuntza bakarra. Hiru ezaugarrik definitzen dute eraikina: mugatik gertu egotea, jende asko batzeko edukiera eta trenbidetik hurbil izatea.

Avenida zubian hasten zen Pequeña Velocidaden gatibatu eta bortxaz mantentzen zen preso ororen ibilbidea. Zubia zeharkatzen zuenak erregimen berriaren  irizpideren bat urratuko balu, «máxima pena», «rechazo» edo «sujeto a sanción mediante expediente» zigorra jasoko zuen. Baita Irungo kontzentrazio esparruen sisteman barneratzeko zigorra ere. Stadium Gal-en, Behobiako la Carioca dantzalekuan eta Irungo kartzelan metatzen ziren atxilotuak. Hala ere, Irungo kontzentrazio esparru nagusiak Pequeña Velocidad (gizonentzat) eta Hilaturas Ferroviarias (emakume, haur eta adinekoentzat) ziren.

Ehunka atxiloturen errepresioaren abiapuntua izan da Pequeña Velocidad. Hango egonaldiak laburrak izaten ziren, atxilotuaren jaioterriko alkatearen edo faxisten txostenak jaso arte. Izapide hauen bitartez erabakitzen zen atxilotuaren helmuga. Azkenik, Norteko Ferrokarrila baliatuz, La Magdalena (Santander), San Pedro de Cardeña (Burgos) edo Miranda de Ebroko (Burgos) kontzentrazio esparruetara bidaltzen zituzten presoak. Esklabo lanetan ibilitako Langileen Batailoietako kide askoren abiapuntua Irun eta Pequeña Velocidad izan ziren.

Presoentzat antolaturiko mezetan, erreketeen San Marcial tertzioaren banda arduratzen zen musikaz. ​Argazkia: Biblioteca Digital Hispánica

Zer da Pequeña Velocidad? Pabiloiaren izenaren jatorria XIX. mendean dago. Garaiko tren sistemak bi abiadura ezberdin zituen: ‘gran’ eta ‘pequeña velocidad’. Azken hau merkeagoa zen, eta merkantziak bidaltzeko baliatzen zen bereziki.

Herri guztietan gelditzen zen abiadura txikiko trena. Besteak beste, Madril, Medina, Valladolid, Burgos, Miranda, Gasteiz, Altsasu, Irun eta Hendaian gelditzen zen Pequeña Velocidad trena.

Palentzian funtzio eta izen bereko beste pabiloi bat dago. Diseinuari dagokionez, antzekotasun handiak dauzka, eta aparkaleku batek inguratzen du.

​Argazkia: Biblioteca Digital Hispánica

Funtzionamendua. Gunearen izenaren berri Jose Mari Etxaburu ‘Kamiñazpi’ idazleak ematen du ‘Nere lau urteko ibilerak’ liburuan. Idazlea San Pedro de Cardeñako kontzentrazio esparruan atxilotuta egon zen. Beretzat ere Irun eta Pequeña Velocidad izan ziren errepresioaren abiapuntua. «Afaldu ondoren, geltoki bertako ‘Pequeña Velocidad’-eko biltegira eraman gintuzten hiru lehengusuok».

«Jende asko zegoen biltegian. Jakina!, ez zegoen non etzan, eta batzuetan zutik eta beste batzuetan bultoren baten gainean jarrita igaro genuen nola hala gaua. Eguerdi aldera bigarren deia eduki genuen. Ordukoa, handik kanpora ateratzeko zen. Hamar-hamabi lagun, txapel-oker biren ardurapean. Norteko trenean sartu gintuzten Cardeñara eramateko».

Etxabururen atxiloketarekin erraz uler daiteke Pequeña Velocidadeko kontzentrazio esparruaren funtzionamendua. Aduanan paperak erakutsi zituen (sailkapena); salbuespen gisa, eta Ramon Sierra faxistaren eraginagatik, senideekin afaltzea lortu zuen; biltegian jende askorekin batu zuten eta, egonaldi labur bat egin ondoren, Cardeñara bidali zuten.

Luis Martín Pinillos, Frankismoaren kontzentrazio ikuskaritzaren arduradunaren argazki bakanetako bat Pequeña Velocidaden egina dago. Argazkia: Biblioteca Digital Hispánica

1939, urte esanguratsua. Espainiar Estatuko kontzentrazio esparruek 1939 arte iraun zuten. Pequeña Velocidadek, aldiz, iraupen luzeagoa izan zuen, 1942ra arte. Handik pasatako jende kopuruan oinarritzen da horren arrazoia. Esaterako, zaila da 1939. urtean, Kataluniako erretiraren ondoren Irundik zenbat pertsona sartu ziren zehaztea, Pirinioen mendebaldeko sarrera bakarra baitzen.

Frantziar Estatuak errefuxiatuekiko zuen jarrera gogortu eta, tren bitartez, hauen Espainiaratzea sustatu zuen. Maëlle Maugendre historialariak 1939-1942 urteen arteko errefuxiatu espainiarrek Estatu frantsesean buruturiko egonaldiak aztertu ditu. Bere doktorego tesiaren 45. eranskinean aberriratzeen berri ematen da. Orotara, 98.000 pertsona igaro zirela zehazten du, 1938ko maiatza eta 1939ko otsaila bitarte.

Hala ere, Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrutik zenbat pertsona pasatu ziren zehaztea zaila da. Ascension Badiola Ariztimuño historialariaren ‘La represión franquista en el País Vasco, Cárceles, campos de concentración y batallones de trabajadores en el comienzo de la posguerra’ doktorego tesian zehazten da 1939ko irailaren 21etik aurrera dokumentazio errepublikanoarekin sartzea debekatu zela. «Sartu nahi zutenek Espainiako pasaportea behar bezala abalatuta eskatu behar zuten, eta lortzen ez bazuten, mugara joan behar zuten, non milizianotzat hartzen zituzten. Honela, adin militarrean zeudenak frontera bidaltzen zituzten, eta gainerako errefuxiatuak gerra kontseilu, kartzela edo diziplina batailoietara».

Juan Antonio Gallego, Guardia Zibileko tenientea zen Irungo kontzentrazio esparruko burua. Bere komandante ordezkaria zen Ignacio Sainz de San Pedro y Guasch. Biek eutsi zioten karguari, harik eta 1942ko abenduan kontzentrazio esparrua itxi zen arte.

Erregistratua dagoen lehen ikuskatzea 1939ko abuztuan burutu zen, 224 atxiloturekin. 986 atxilotu gehiago batu ziren hilabetean zehar. 1940ko abuztura arte ez zen inolako izenik erregistratu, bulego eta administrari faltagatik. Hortik dator Estatuko artxibategiek guneaz duten informazio falta. Jasota dauden 26 hilabeteetan 3.971 atxilotu izan zirela zehazten da. Horietatik 1.908 atxiloturen izenak erregistratuta daude, eta hauetatik 583 atzerritarrak dira.

Harengak eta mezak entzutera behartzen zituzten Pequeña Velocidaden sartzen zituzten presoak  Propagandako irudietan presoak “agur iberoa” egiten ikus daitezke. Argazkia: Biblioteca Digital Hispánica

Arkatzezko dokumentuak. Pequeña Velocidad kontzentrazio esparru apala zen. Gunean sorturiko dokumentu gutxi berreskuratu dira, eta gehienak arkatzez idatzita daude. Salbuespena 1939ko abuztutik 1942 arteko kontaketa dokumentuak dira. Kontzentrazio esparruak hiru urte behar izan zituen atxilotu kopuruak zehazten zituen dokumentuak idazteko. Gaineratu behar da, preso kopuruen txostenak idazten hasi eta urtebetera gehitu zituztela presoen izen-abizenak.

Bulego faltaren adibidea da, 1938ko apirilean, esparruko nagusi Juan Gallegok Irungo Udalera bidali zuen eskaera. Eskuz idatzita, bi langile eskatu zituen. «Sukalde bat ezarri behar da presoen eta aurkeztuen ordezkaritza honetan».

Irungo kontzentrazio esparruan egonaldi labur bat egin ostean, Norteko Ferrokarrilean edo Topoan eramaten zituzten bestelako esparru handietara. ​Argazkia: Biblioteca Digital Hispánica

Non dago Pequeña Velocidad? Irungo tren instalazioetan bete-betean barneratuta dago Pequeña Velocidad. Bertatik oso gertu zeuden bestelako hiru puntu errepresibo: garaiko polizia-etxea (180m), Irungo espetxea (300m) eta Hilaturas Ferroviarias kontzentrazio esparrua (500m).

Aitonak Irungo kontzentrazio esparrutik idatzitako gutunak eta sailkapen fitxa berreskuratu ditu Manuel Valentin historialariak. ​ ​Argazkia: @HCubiertos

Beste kontzentrazio esparruak. Pequeña Velocidad esparruaz gainera, beste zenbait gune baliatu zituzten. Beharrak bultzatuta, matxinatuek edozein pabiloi edo eremu zabal erabili zuten jendea metatzeko.

Behobia: Juncal Violet Behobiako bizilagunaren esanetan, bi atxilotze gune zeuden auzoan, Arocena ardoen pabiloia eta Kaiola dantzaleku eta jatetxea. Frantziatik itzulitako bizilagun irundarrak bertan egoten ziren, abalaren zain.

Stadium Gal: Real Union futbol talde irundarraren zelaian hainbat militar errepublikano batu ziren, Hilaturako atxilotze gunera bidali aurretik. «Irungo Real Union taldearen Gal zelaira gidatu gintuzten. Bertan, tribunaren aurrean, beste tribuna bat eraiki zuten, eta, handik, buruzagi nagusi batek, bozgorailu indartsuekin, aginduak ematen zituen», idatzi zuen Joan Costa Cusinek. Josep Torrens soldadu katalana ere futbol zelaian egon zen: «Muga zeharkatu ostean, Irungo futbol zelaian sartu gintuzten. Han agindu ziguten jabetza ziurtatu ezin genuen baliozko edozein objekturen entrega. Han utzi genituen erlojuak, eraztunak eta geneukan guztia».

Hilaturas Ferroviarias: Irungo atxilotze gune handienetako bat Hilaturas Ferroviarias izeneko pabiloia izan zen. 1923ko irailaren 5ean zabaldu zuten ‘Hilatura’ izenez ezagunagoa den gunea. Trenetarako eguzki oihalak egiten zituzten han.

‘Hilatura’ atxilotze esparruan emakumeak eta haurrak batzen ziren bereziki. Horietako bat da Karmentxu Murua: «Emakumeak lurrean botata edo zutik ikusten ziren, eta haurrak korrika eta oihuka. Nik zortea izan nuen, eta laster etorri zen Leando Recondo. Amari eta anaiei abala eman zigun».

Irungo espetxea: 1938ko apirilaren 22an, Irungo espetxeko IV. Zeldan, 50 urteko gizon batek bere burua urkatu zuen. Rodolf Bach zen, Loeseko (Hungaria) itsasgizona, eta Bilboko bizilaguna. Bi egun lehenago atxilotu zuten.

Bidasoako Komandante Militarrak, Luis Portabella Ponte-Lacoste, Irungo Mugako epaile militar bereziari agindu zion ustezko suizidioaren ikerketa. Udaberri hartan Norberto Zubicoa Echeverria zen espetxeko zuzendaria. Zaintzaileekin batera galdekatua izan zen, eta azkenean heriotzaren kausa baieztatu zuen autopsiak.

Espetxe hau Elitxu auzoan kokatuta zegoen. Lehenbizi kuartela izan zen; gerora, Alderdi Sozialista eta UGT sindikatuaren ‘Casa del Pueblo’; ondoren, espetxea; eta azkenik, kuartela. Ingurua abandonatuta gelditu zenean, Roca izeneko futbol zelaia bihurtu zen.

Gutmaro Gomez Bravo historialariaren esanetan, «Irunen 600 presorentzat egokitu zen ‘Casa del Pueblo’». Edukiera berdina zehaztu zuen Juan Gallano politikari zentrista bizkaitarrak. Beran atxilotu eta Irungo espetxera eraman zuten. «‘Atonduriko’ antzinako kuartel batzuk dira espetxea, eta 600 preso dauzka. Zentro honek dituen baliabideak oso prekarioak dira». 52 egun igaro zituen espetxean, eta Luis Portabella epaileak ez zuen bere testigantza edo prozesu judizialik abiatu. Gerora, Ondarretan giltzapetu zuten.

 

Jose Maria Martinez Ortega, Francisco Francoren aitaginarrebakide izango zena igaro zen Irungo kontzentrazio esparrutik 1938an. ​Argazkia: Biblioteca Digital Hispánica

Tomas Valentin, Irungo kontzentrazio esparruko lekukoa

Manu Valentin historialari eta ikertzailearen aitona Pequeña Velocidad esparruan egondako milaka pertsonetako bat izan zen. Twitter bidez zabalduriko hari batean, Tomas Valentinen nondik norakoak kontatu ditu. Bertan topatu daitezke senideei bidalitako gutunak zein Irungo Kontzentrazio Esparruan betetako sailkatze fitxa.

1939ko otsailean, 20 urte zituen Tomas Valentinek frantziar Estatura igaro zenean. ‘Retirada’-ren parte izan zen, eta sei hilabeteko egonaldia burutu zuen Gurseko kontzentrazio esparruan, nazioarteko hainbat brigadistekin.

Mexikora ihes egiteko aukera izan arren, mugara gerturatu zen erregimen frankistak gauzatu zuen deialdiari erantzunez. Uztail bukaeran, Bidasoa zeharkatu ahala atxilotu, eta Irungo kontzentrazio esparrura eraman zuten. Bertan, «mugan aurkeztua» izendapena jaso zuten, gainontzeko errepublikako armadako soldaduekin batera.

Abuztuan idatzi zion lehen aldiz aitari kontzentrazio esparrutik. Gutunean zehazten da esparruko bulegoetan zegoela «behin-behinean». Baita ere, askatasun erlatiboa zuela. «Esparrutik irten naiteke, baina ez hiritik mugitu». Hala ere, ez zekien zenbat denbora igaroko zuen esparrua, ezta ere bere helmuga. «Ez dakit zenbat denbora igaroko dudan hemen. Ezta, esparru batera bidaliko nauten ala etxera». Gutunak ez zuen erantzunik jaso. Ondorioz, zortzi egun beranduago, ama eta arrebei idatzi zien.

Berme beharra. Esparrutik irten eta etxera itzultzeko, bermeak edo aldeko txostenak behar zituen Tomas Valentinek. Ama eta arrebek etxetik bi berme bidali zituzten. Hala ere, «galdu» egin ziren. Aitak bidalitako Jose Guillen Ibarra Guardia Zibilarena baliatu zuen, eta kontzentrazio gunetik eskatu beharreko txostenak eskatuko zituztela, zehaztu zuen.

Gutunetan, Valentinek dio «ederki» zegoela, esparrutik irteten eta Irundik ibiltzeko aukerarekin. Aldiz, faltan botatzen zuen familia. «Faltan botatzen dut zuek besarkatzea, eta hau laster izatea espero dut».

Bazterturiko aita. 1939ko otsailean, Tomas Valentin frantziar Estatura igaro zenean, kezkaz bizi zuen egoera Victor Jose Valentin Poyo aitak. Ofizioz, Ogasuneko Ministerioan kokaturiko Guardia Zibilaren kaporala zen. Erantzukizun politikoen legea aplikatuz, Asturiaseko mendietara bidali zuten.

Sariegon, matxinaturiko guardia zibilen aginduz gerrilla antifrankistaren aurka borrokan jardun zuen. Jose Guillen Ibarraren aginduetara zegoen, Victorren bermearen sinatzailea. ‘La Benemerita’ aldizkariaren esanetan, hainbat erresistente atxilotu zituen: «Lankide batzuen laguntzarekin, Oscar Garcia harrapatu zuen, Diziplina Gorriko Batailoi Gorriko teniente laguntzailea eta Sama Kooperatibako buruzagi burua».

Abuztuak 14ean, aitari idatzi ostean, jaso zuen Madrilera itzultzeko behin-behineko baimena. Azken gutunean, Victor Jose Valentini ziurtatu zion, aski izan zela Asturiasetik bidalitako ziurtagiriarekin. Baita ere, Pio osaba bisitan joan zela, eta berarekin afaltzera «irten» zela.