Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Izaro Lestayo Getariako patroia zela 2019ko Gipuzkoako Traineru Txapelketan
Izaro Lestayo 2019ko Gipuzkoako Traineru Txapelketan Getariako patroia zela.
Jon URBE (FOKU)

Emakume kirolariak; gizonen artean bidea egiten

Belaunaldi ezberdineko hiru emakume kirolari dira Reyes Azkoitia (1952, Azkoitia), Idoia Mariezkurrena (1970, Donostia), eta Izaro Lestayo (1998, Getaria). Hiruren istorioak dira bereziak nola edo hala, gizonen artean jardun direlako, eta nor bere kirolean bidea urratzea tokatu zaielako.

Azkoitiak pilotan eman du bizitza osoa, eta nahiz eta ezin izan duen txapelketetan lehiatu, «asko disfrutatu» du. Bergarako Pilota Eskolan ere aritu zen entrenatzaile gisara, beti ere «bolondres» moduan. Mariezkurrena puntako xabalina jaurtitzailea izan zen, Espainiako Txapelketetan hamalau domina lortuta. Jaurtitzaile gisara profesionala izan ez bazen ere, entrenatzaile moduan dago orain, eta ogibide izatea lortu du. Lestayo arraunlaria da, eta patroi moduan aritutakoa da bai emakumezkoekin San Juanen (2017-2018), baita gizonezkoekin ere Getarian (2019). Egun Tolosaldeko patroia da.

«Nire bizitza osoan egon naiz gizonen artean, eta nik ez nuen arraro ikusten, ezta haiek ere, egunerokotasun horretan, behintzat, ez», hori dio Azkoitiak; sei anaien artean neska bakarra zen. Garai haietan pilotan neskaren «bat edo beste» bazegoela adierazi du Azkoitiak, baina «oso gutxi». Beraz, mutilekin jolastea besterik ez zuen: «Frontoian mutilei irabazi egiten nien. Baina hori da 10-11 urterekin, eta hor ez dago indarrean diferentziarik, baina 13 urtetik aurrera bai».

Gizonen aurka aritzean Azkoitiak baldintza moduan jartzen zuen pilota berak aukeratzea, eta tokatu izan zaio baten batek hori ez onartzea: «Indar aldetik ezin dut berdindu inondik inora ere gizonena, eta nire abilezia gailentzeko indarrez pixka bat iritsi behar naiz». Azkoitiaren ustetan, emakume bat frontoira eramaten badute, eta materiala ez bada berak dominatu ahal duena, «ez dio mesederik egiten ez berari, ezta ikustera joan behar dutenei ere».

Aurkariek «normaltasunez» hartzen zioten Azkoitiari, eta publikoak «harriduraz» ikusten bazuen ere frontoian emakume bat egoteak, oro har, «maitatua» sentitu dela adierazi du pilotari ohiak. Hala ere, aitortu du noiz edo noiz entzun izan duela «agian hobeto legoke etxean patata tortilla prestatzen».

Azkoitiarra jokatzetik entrenatzera pasatu zen semeak 16 urte zituela, Bergarako Pilota Eskolako zuzendaritzan sartuta. «Lehen zegoen zuzendaritzak utzi egin zuen, eta zortzi guraso sartu ginen. Semea eskolan zegoen, eta beti joaten nintzen frontoira ikustera. Harmailetatik laguntzen hasi nintzen, eta laguntzen eta laguntzen barruraino sartu nintzen arte», azaldu du Azkoitiak. Bertan ere emakume bakarra zen.

Azkoitia: «Master Cupak ateak ireki dizkio nesken esku pilotari, jakin dutelako txapelketa moldatzen neskak erakartzeko; pilota bigunekin, eta lehiaketa irekia eginda»

Pilota eskolan neska kopurua hazten joan den galdetuta, azkoitiarrari «arraroa» egin zaio entrenatzaile bat emakumea izanda, «oso neska gutxi» eduki dituztelalako, «urte bakoitzean agian bat edo bi». Horrez gain, Azkoitiak azaldu du emakumezkoen pilotan 12 urtetik 16ra hutsune bat zegoela, neska askok adin horretan pilota utzi behar izan zutelako, mutilekin lehiatzeko jada indar aldetik aldea handitzen zihoalako, eta ez zeudelako neska aski txapelketak antolatzeko.
 
Jaurtiketetan eredurik ez

Mariezkurrenak bere bizitza osoa eskaini dio atletismoari, bereziki jaurtiketei: lehenik jaurtitzaile gisa, eta ondoren, modalitate horretako entrenatzailea moduan Pamplona Atletico klubean eta Espainiako Federazioan. «Emakume oso gutxi zeuden jaurtiketetan, ez zegoen talderik, ezta eredurik ere».

Jaurtiketetan emakume gutxi egotearen arrazoi nagusia formakuntza luzea dela dio Mariezkurrenak: «Jaurtiketetako probek prestakuntza luzea dute emaitzak lortzeko, eta orduan, bidean ez badituzte bultzatzen, zailagoa da iristea eta errazagoa da emakumeek kirola uztea. Emaitzak lortzen ez dituzun arte ez zaituzte baloratzen, eta zaila da ibilbide guzti horri eustea». Orain, baina, egoera oso bestelakoa da, eta formakuntzan badaude profesionalak horretan laguntza ematen.

Donostiarra da jaiotzez Mariezkurrena, baina 4 urterekin Nafarroara joan zen; lehen urtean Mugairira, eta hortik Beintza-Labaienera, aita hangoa baita. Egun Iruñean bizi da. Garai haietan profesionala izatea «oso zaila» zela adierazi du iruindarrak, eta agian andreentzat «pixka bat zailagoa»: «Garai haietan ez zegoen hain ongi ikusia horretan aritzea. Erabaki pertsonalak ziren. Oso burugogorra izan nintzen, eta argi nuen esperientzia bizitu nahi nuela. Nafarroako Gobernuak beka bat eman zidan kirolarien erresidentzia batean egoteko, eta horrek asko lagundu zidan. Gero saiatzen zara bitartean zerbait ikasten, haurrak entrenatzen... Eta gero klubaren laguntzak edo gobernuaren eta federazioaren bekak lortzen».

Hori bai, ez ziren «profesionalak», ez baitzuten soldatarik jasotzen atletak izateagatik, eta emaitzen arabera lortzen zituzten bekak. Zentzu horretan, Mariezkurrenak nabarmendu du dirua kudeatzen jakin behar zuela, «urte on bat zenuen moduan, txar bat ere eduki zenezakeelako».

Mariezkurrena: «Une horretan nahiz eta gai horiek jorratzen ziren, ez nuen jaso Indurain beka haurdun geratu nintzelako»

Alde horretatik, donostiarrak ez zuen alderik nabaritu gizona ala emakumea izan, «domina batek balio bera zuelako». Hori bai, lehen aldiz haurdun geratu zenean, 31 urterekin, emaitzengatik egokitzen zitzaion Indurain beka jasotzea, baina haurdun geratu zelako ez zuen jaso: «Une horretan nahiz eta gai horiek jorratzen ziren, ez nuen jaso Indurain beka haurdun geratu nintzelako, Espainiakoa bai, ordea. Gainera, hurrengo urtean kirol merituengatik jaso nuen Indurain beka, baina aurkezpen ekitaldira joan eta emakumearen aldeko hitzaldia entzutean, pentsatu nuen: niri iaz beka jasotzea egokitzen zitzaidan, eta ez zenidaten eman...».

Halakoak «zorionez» zuzentzen, eta «behar bezala egiten» joan dira. Mariezkurrenak gaineratu du «kontu pixka bat» izan behar dela egoera «ulertzeko, laguntzeko eta errazteko», eta jomugan jarri du haurdunaldi osteko prozesuan ere laguntzak izatea «ezinbestekoa» dela: «Inork ez zekien esaten nola has zintezkeen, are gehiago nirea bezalako indar lan batean. Asko kostatu zitzaidan lehengora itzultzea, eta uste dut gaur egun ez dagoela konparaziorik, laguntza eta aholkularitza dituzulako gauzak ondo egiteko».

Zentzu horretan, Mariezkurrenak galdera hau egin dio bere buruari: «Txapelketa batera eramaten banaute emakumeentzako laguntza plan batekin, hori diskriminatzailea da emakume plan batengatik egin behar izan dudalako?». Horren inguruan hausnartuz, iruindarrak argi du halakoak egun «beharrezkoak» direla, baina «denboran luzatzen badira eta soilik emakumezkoentzako badira, ez goazela bide onetik».

Normalizatzeko beharra

Lestayok zenbait bide ireki ditu arraunean, baita handik kanpo ere. KAE1 ligan patroi postuan uretaratu zen lehen emakumea izan zen, eta Elkanoren lehorreratzea antzezpeneko historiako lehendabiziko emakumezko eskifaia ere bai. Halakoak «normalizatzeko beharra» nabarmendu du getariarrak, eta gaineratu momentu horietan baiezkoa eman ziela komunikabide guztiei «zabaltzeko emakumeak ere gizonezkoekin egon» daitezkeela.

Gizonezkoen traineruan patroi lanetan aritu zelarik, Lestayok adierazi du Jon Larrañagak deitu zioenean ez zuela «espero hainbesteko buelta emango zitzaiola gaiari». «Orain arte ez baldin bazaigu inporta izan, zergatik orain bai, mutilekin nagoelako?», hausnartu du getariarrak. Atzera begira, «amorrua» sentitu zuen patroiak, ordura arte ematen zuelako «ez zela existitzen»: «San Juanekin bi liga irabazi ditugu, beste bi Kontxako Bandera; eta Izaro Lestayo ez zen ezaguna –ezta nahi ere–, baina gero Getariara etorri nintzenean...».

Lestayo: «Kontxa irabazi genuenean portadan mutilen argazkia handian jarri zen eta neskena txikiago. Azkenean beti ere mutilen lorpena handiagoa zen, eta uste dut ordutik gauzak asko ari direla aldatzen»

Lestayok nabarmendu du ez duela «alderik» sumatzen emakumezkoekin ala gizonezkoekin aritu: «Getarian oso-oso ondo zaindu naute. Agian beste talde bat izango balitz ez zen horrela izango. Trainerua mugitzerako garaian egia da mutilek indarra askoz ere gehiago dutela, orduan txalupa ere egonkorrago joaten da».

Bi taldeetan lorpen garrantzitsuak eskuratu zituen patroiak: San Juanekin bi liga eta beste bi Kontxako Bandera, eta Esperantza ontziarekin bigarren mailatik Eusko Label ligara igo zen. Erdietsitakoak oihartzun bera izan zuen galdetuta, Lestayok adierazi du San Juanen egon zenean egunkariekin arazoak izan zituztela: «Kontxa irabazi genuenean egunkariaren azalean mutilen argazkia handian jarri zuten, eta neskena txikiagoa. Azkenean, betiere mutilen lorpena handiagoa zen, eta uste dut ordutik gauzak asko ari direla aldatzen. Orain emakumezkoei garrantzi gehiago ematen zaie, baina nik Getarian bizitu nuena, ez dakit mutilengatik edo neskengatik zen, baina lorpen hori herriak ospatu zuen bezala... ez du parekorik!».

Lorpenak lorpen, profesionaltasunari dagokionez, prestakuntza aldetik Lestayori ez zaio iruditzen «hainbesteko aldea» dagoenik gizonezkoen eta emakumezkoen artean, lan egiteko konpromisoa norberak hartzen duelako. Hori bai, diruan «sekulako» aldea dagoela nabarmendu du: «Guk dena irabazi genuenean San Juanen ez genuen hainbeste kobratu, eta sari guztiak denon artean banatu genituen. Getarian bigarren mailan irabazi genuenean, egia da liga irabazi genuela, baina ez genituen hainbeste estropada irabazi, eta diru aldetik oso berdintsu ibili gara. Orain, Getaria goi mailara igo denean, eta azken postua lortuta ere, uste dut emakumezkoen aurrenekoa edo gehiago dela».

Hori dela-eta, Lestayok badaki dirua «icebergaren punta» dela, eta lehen emakumezkoek komunikabideetan «errekonozimendu falta» sumatzen bazuten ere, orain hori «aldatu» egin dela uste du, eta adibide bat jarri du: Kontxan emakumezkoek eta gizonezkoek diru berdina jasotzen dute. Hala ere, patroiak nabarmendu du Ligan «oraindik saltoa» badagoela, baina «pixkanaka» egin behar diren gauzak direla.

Pausoak emateko daude

Emakumezkoen kirola hazten joan bada ere, oraindik badu zer hobetu. Pilotan, Azkoitiak uste du Master Cupak «ateak ireki» dizkiola nesken esku pilotari, «jakin dutelako txapelketa moldatzen neskak erakartzeko; pilota bigunekin, eta lehiaketa irekia eginda». Aurrerantzean, baina, zer egin behar du emakumezkoen pilotak hazten jarraitzeko? Azkoitiarra jakitun da «gai delikatua» dela, baina argi du «neskak batuta joan behar direla, eta ez banatuta, gutxi garelako». Horrez gain, pilotari ohiak nabarmendu du diruak «zatartu» egin duela kirola, eta berak egungo emakumeen mailan jokatzeko aukera izango balu, «munduko neskarik zoriontsuena» izango zela.

Arraunean ere aurrerapausoak egon dira, eta Lestayoren ustetan hamar urte atzera eginda, emakumezkoen arrauna ez zen «hainbeste bultzatzen»: «Orain ez dut esango pareko gaudenik, baina bai antzeko, eta uste dut emakumezko arraunlariak errekonozituta gaudela». Horrez gain, patroiak nabarmendu du arraun munduan emakumezkoek «konfiantza gehiago» hartu behar dutela, eta «elkarri sostengua eman behar diotela, esateko bagarela gizonak adina».