Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo
Elkarteko jokalari guztiak, Errenteriako elizaren atarian.
Elkartea osatzen duten jokalariak, Errenteriako elizaren atarian, nahita edo nahigabe piramide forma osatuz.
TOURING

Touring KE «oso indartsu» dago bere mendeurrenean

«Osasuntsu» dago Touring Kirol Elkartea mendeurrena betetzeko egun gutxiren faltan. Ekainaren 22a izango da egun handia taldean, Errenteria osoan, nahiz eta urtean zehar ekintza ugari egin dituzten urteurrena ospatzeko. Klubeko historiaren parte diren protagonisten hitzak bildu ditugu.

Euskal Herrian futbol klub askok ospatu dute mendeurrena. Lehen eta Bigarren Mailan dihardutenen artean, aipatzekoak dira Athletic (1898), Reala (1909), Osasuna (1920) eta Alaves (1921), baina pentsa, Eibarri oraindik 17 urte falta zaizkio zifra biribil horretara iristeko, 1940ean sortu baitzen.

Beste mailetan ere badaude talde zaharragoak. Gipuzkoako Futbol Federazioak dituen datuen arabera, hor dabiltza egurra ematen Beasain, 1905ean sortutakoa, Arrasateko Mondragon CF (1913), Irungo Real Union (1915), Elgoibar CD (1917) edota Añorga eta Tolosa (1922). Bizkaian, aurten SD Gernikak bere ospakizunak bete ditu, SD Lemonak aurten beteko ditu ehun urteak eta zaharragoak diren Getxoko Arenas (1909), Basauriko CD Basconia (1913), SD Erandio (1914), Sestao Sport Club (1916), Barakaldo CF (1917) edota SCD Durango (1921) aipatu daitezke. Nafarroan, Osasunaz gain, beste bi klub daude: Aurrera de Liedena (1920) eta CD Ribaforada (1921).

Aurten, Gipuzkoan, beste bik beteko dituzte 100 urte: Andoaingo SD Euskaldunak maiatzaren 28an bete zituen eta Errenteriako Touring Kirol Elkarteak ekainaren 22an beteko ditu. Bigarrengo horretan jarriko dugu begirada.

Touring Oiartzualdean sorturiko lehen futbol taldea da. Pentsa, Trintxerpe CD 1927an sortu zen, Pasaia KE 1941ean, Lezoko Allerru 1964an, Errenteriako beste taldea, Beti Ona CD, 1970ean, Oiartzun KE 1975ean eta Sanpedrotarra FE 1978an.

Hasierako urteetan «igogailu taldea» bezala ezagutzen zuten talde “galleteroa”. 1954an Larzabal futbol zelaiak jasandako uholdeak guztiz ahaztuta, 1955-56 denboraldian lehenengo aldiz lortu zuen Hirugarren Mailara igotzea, baina jaitsiera ere sufritu behar izan zuten bertako jokalari zein jarraitzaileek zenbait alditan. 1992-93 klubaren historiara pasatu den denboraldia izan zen, Bigarren B Mailara igotzea lortu baitzuten errenteriarrek.

Hirugarren Mailan jokatu zuen azken-aurreko denboraldia 1998-99 izan zen, ordurako Fanderiako zelai berrian. Belar naturaletik artifizialera jokatzera pasatu ziren jokalari gorritxoak eta maila galdu egin zuten. Larzabalek momentu hunkigarri eta historiko ugari utzi zituen. Horietako bat, zendutako Diego Armando Maradona, askorentzat historiako futbolari onena, bertan Barçarekin entrenatzen aritu zenekoa izan daiteke.

Ehun urte, ekitaldi andana

Kasualitatea zer den, iaz, 2021-22 denboraldian, Hirugarren Mailara itzuli zen Touring. Mendeurrena ospatzeko sari nagusia, dudarik gabe.

Asier Yerobi buru duen zuzendaritza batzordeak ekitaldi ugariz beteriko agenda prestatu du, ofizialki urtarrilaren 27an Lekuona Fabrikako Sorlekua aretoan hasi zena. Horietako bat ehun urte hauetako historia ezagutzeko Iñaki Erkiziak zuzendutako “1923-2023 Touring KE 100. Urteurrena” argazki erakusketa izan zen. Klubak bildutako argazki eta dokumentuak, ereserkiaren partiturak, garaiko lehen bazkide txartelak edota historiako zenbait kamiseta egon ziren ikusgai herriko Xenpelar Etxean. Iaz Hirugarren Mailara igotzeagatik jasotako garaikurra ere erakusketan bertan egon zen balentria lortu zuten jokalarien argazki erraldoi baten ondoan. Hortxe ageri ziren pozarren, besteak beste, Gorka Güemes, Mikel Benito, Mikel Gallego, Endika Tarragona...

Gaur egungo presidenteak NAIZi adierazi dion moduan, «karguak ardura handia badu ere, oso pozik bizi dut urte berezi hau. Ohore handia da Touring-en mendeurrenean lehendakari izatea. Lan talde bikaina daukagu eta ilusioz beterik gaude denok urte biribil hau ospatzeko».

Touring «osasuntsu» dago bere mendeurrenean, «oso indartsu». «Guk duela bost urte hartu genuen Touring oso egoera kaxkarrean, eta buelta eman diogu ilusio eta lan handiarekin. Kirol mailan, baina guretzat are garrantzitsuagoa denean, herri mailan eta sozialki sekulako aurrerapausoa eman dugu. Kluba herrira gerturatu nahi izan dugu, eta horren emaitza da zaleak guregana etorri direla. Gero eta talde, emakume eta eskolako haur gehiago ditugu. Ilusioa eta lan grina ez zaigu faltako etorkizunari aurre egiteko», esan du Yerobik.

Kirol arloan, berez gol batengatik Hirugarren Mailan mantentzea lortu ez duten arren, maila horretan jarraituko dute 2023-24 denboraldian Espainiar Federazioak erabaki baitu 18 talde izango direla datorren denboraldian: «Sekulako aldea dago Ohorezko Erregional Mailatik Hirugarren Mailara, eta asko kostatu zaigu mailari tamaina hartu eta lehiakorrak izatea, baina egin dugun bigarren itzulia txapela kentzeko modukoa izan da. Harro gaude egindako lanarekin. Ziur naiz aurrekontu txikienetakoa daukagula eta herriko jokalari gehien dituen taldeetako bat garela. Oso pozik gaude taldearekin».

Hirugarren Mailako Touring eta Paduraren arteko partida. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Liburua: pasarte bilduma ederra

Txema Arenzanak historiako pasarterik garrantzitsuenak bildu ditu mendeurreneko liburuan, gehienbat azken 25 urteetan oinarriturik. Klubetik pasatu diren jokalarien zerrenda ageri da, eta horietako hirurekin hitz egin dugu.

Aitor Francok urte luzez kapitain lanak egin zituen. Harentzat, «zure herriko klub bat, historia handia duena, besokoarekin ordezkatzea harro sentitzeko modukoa da. Sentsazioa nuen taldea nire indar guztiarekin defendatu behar nuela; ahalik eta ondoen hori egiten saiatu nintzen».

Futbola uzteko unea berak nahi zuenean baino lehenago iritsi zen, belauneko lesio larri batengatik. Klubak «oso detaile polita» izan zuen berarekin, omenaldia eskaini baitzion. «Momentu polita izan zen, denbora luzea pasatu nuelako klubean: edozeinek ez du halako omenaldirik jasotzen».

Aipatzekoa den beste jokalari bat Ekaitz Auzmendi da. «Bai kirolean bai sozial arloan izugarriak izan ziren hamar urte horiek», adierazi du. 2001-2002 denboraldia nabarmentzekoa da. Lehen taldean jokatzen zuen bigarren urtez, 35 gol sartu zituen, partida batean 5 gol ere egin zituen, beste batean 4 eta hat-tricka beste batean. 30 partidatatik 22tan sartu zuen gola. «Urte ederra izan zen eta taldean oso giro ona genuen», adierazi du “Putxe’”k. Zentzu horretan, aipamen bat egin nahi izan du: «Ez dira ahaztu behar Aitor Francoren datuak ere, zelai erdiko jokalaria izanda 26 gol egin baitzituen (poker bat eta hiru hat-trickekin)».

Beteranoa eta kapitain izatera ere iritsi zen. «Sekulako harrotasuna da zure herriko taldearen besokoa eramatea, baina, aldi berean, ardura puntu bat ere bazen», adierazi du. Alde okerrena, ordea, «Touringetik alde egin behar izan nuen urtea» aipatu du. «Lehen taldean 10 urte igaro nituen, baina entrenatzaile bezala klubean, 16 urte. Eta pertsona batengatik alde egin behar izan nuen», kritikatu du izenik eman gabe.

Aipatu behar dugun hirugarren jokalaria Eneko Maritxalar da. Aurrelari errenteriarrak bi etapatan jokatu zuen klubean, eta bietatik «oso oroitzapen politak ditut. Emaitzak alde batera utzita, eta momentu txarrak ere badaudela kontuan hartuta, azkenean familia bat bezalakoa da».

“Maritxa” indarrarengatik bereizten zen; aurkariak beldurtzen zituen. Barre egiten du horretaz galdetuta: «Nik uste dut ez zela beldurra, baizik eta aurkarientzat deserosoa nintzela. Txokera jokatzen nuen eta buruz dena borrokatzen nuen». Ibilbide amaiera bikaina izan zuen: «Ezin hobeto utzi nuen, zeren eta edonork ez baitu bere azkeneko minutuan gola sartzen».

Hiru jokalari ohiak gauza batean ados daude: alderdirik onenen artean aipatu dituzte «taldekide ugari ezagutu izana eta beraiekin izandako bizipenak», «giro bikaina, betiko lagunak ginela zirudien» edo «bidean ezagututako jendea, baita entrenamenduak ere, non jendearekin egoten ginen, barre egiten genuen...».

Urteurrena ospatzeko «1923-2023 Touring KE 100. Urteurrena» argazki erakusketa. (Jon URBE / FOKU)

Larrain familia eta Piramidea

Touringen azken urteak ezin dira ulertu Piramidea eta nesken taldea gabe. Erronka horietan gogor lan egin zuten Luis Mari Larrainek, 2003-2004tik 2010-2011ra Touringeko presidente izan zenak; bere anaia Joxanek, kirol zuzendari eta entrenatzaile izandakoak; eta azken horren alaba Irati Larrain jokalari ohiak.

Gabino, Luis Mari eta Joxan Larrainen osaba, klubeko sortzaileetako bat izan zen 1923an. Horien aita, Loren Larrain, Touringeko atezaina izan zen, eta euren osaba Paco Cobos Larzabalen aritzen zen sarrerak kontrolatzen. Gainera, Luis Mari eta Joxanen beste anaia, Humberto, mendeurreneko liburuan agertzen diren argazki askoren egilea ere bada.

«Guretzat eta Errenteriako jende gehienarentzat Touring ez da futbol klub bat bakarrik; sentimendu bat da, herri baten sentipena da», azpimarratu du Luis Mari Larrainek. Horren erakusle da lehen herriko jendeak nola izaten zuen Touringen emaitzaren berri Larzabaletik urrun jokatzen zuenean: «Zumardira dantzatzera joaten ginen. Taldeak irabazten edo berdintzen bazuen, Errenteriako Udal Bandak Touringen ereserkia jotzen zuen; eta ez bazuen jotzen, horrek esan nahi zuen galdu egin zuela».

Baina nola iritsi ziren Luis Mari eta Joxan Touringera? Lehenengoa Union Txiki klubeko presidente zela, Miguel Buen Lacambra garaiko Errenteriako alkateak herriko klub gehienak bakar batean biltzeko proposamena egin zuen. Eta errealitate bihurtu zen: Touringen barruan bildu ziren AVV Beraun, Beraun Berri, Union Txiki eta Touring bera, eta “Piramidea” bezala ezagutua izan zena sortu zen. Luis Mariri presidente izateko eskaera egin zioten eta hark, «lorturiko guztia apurtu ez zedin», onartu egin zuen kargua.

Joxan Larrainen historia desberdina da. Bigarren B Mailan zebilen Real Unioneko entrenatzailea zen. Futbolzale amorratuenek gogoratuko dute 1999-2000 denboraldia. Kopan Burgos, Valladolid eta Alaves kanporatu zituzten irundarrek, baina final-zortzirenetan Atletico Madrilen aurka kanporatuta geratu ziren.

Gauzak erabat aldatu ziren Joxanek Gaintxurizketan auto istripu bat izan zuenean, alaba Irati berarekin zegoela. «Horrek asko markatu ninduen. Orduan Piramidera etortzea proposatu zidaten. Espazio berri bat ireki zitzaidan», azaldu du Joxanek.

«Touringek gaur egun duen sasoi ona 2003tik gurekin ibili diren pertsona askoren lanaren ondorioa da», dio Luis Marik. Baina arantza bat geratu zitzaiola ere gaineratu du: «Pertsona horiekin konpromiso eta akordio batzuk genituen, baina azkenean ezin izan genituen bete, aipatu nahi ez dudan entitate batek ez zituelako klubarekin zituen konpromisoak bete. Eta ez da Udala. Hori oso barruan geratu zait, dena eman zuten pertsonengatik», adierazi du.

Momentu onak ere izan ziren, noski. «Nire ilusio handiena zen ume txikiek, irabazitakoan, hartzen zuten poza. Anekdota bat kontatuko dizut. Touring-Real Sociedad infantilen arteko neurketa bat ari ziren jokatzen Fanderian. Realak 0-14 irabazi zuen egun hartan. Partidako momentu batean, Realak korner bat atera zuen eta jokalari guztiak, atezaina izan ezik, joan ziten errematatzera. Touringeko jokalari bat geratu zen zelai erdian, bere zelaiaren barruan, bakar-bakarrik. Orduan, baloia urrundu egin zuten, berari iritsi zitzaion baloia, korrika atera zen beste aterantz eta epaileak jokoz kanpo adierazi zuen. Bereak eta bi esan nizkion epaileari!: "0-10 irabazten doazela! Umea bere zelaitik atera da!" oihu egin nion».

Bere unerik onena futbol eskolaren sorkuntza izan dela dio Joxan Larrainek. «Gaur egun, Hirugarren Mailako taldearen jokalarien herena futbol eskolatik pasatu da. Hori da harrobiko klub baten lorpenik handienetariko bat».

Erabakirik gogorrenak ere eskolarekin zerikusia du. «Futbol eskolan dauden 10-11 urteko umeak alebinen taldera pasatu ezinik utzi beharra da. Umeak banandu behar dituzula ikustea izan da zailena», azpimarratu du.

Emakumeen indarra

Azken urte hauetako lorpen handi batean ados daude biak: nesken taldearen sorkuntza. Luis Mari Larrainek, «soldadutza egin aurretik», Larzabalen jokatzen ikusi zituela gogoan du. Gaur egun ezagutzen den emakumeen arloa 2001. urtean hasi zen. 22 urte geroago, 150 neska inguru iritsi dira lehen taldean jokatzera.

Emakumeen ordezkaritza batek omenaldia jaso zuen martxoan. Bertan ibili ziren Larrain familiako beste senide batzuk: Irati eta Enara ahizpak. Nesken taldea sortu zen unean bertan aritu zen jokatzen Irati, ahizpa helduena.

Hasiera «oso gogorra» izan zela gogoan dute Larraindarrek, baina aldi berean «oso polita». Jokalari ohiak honela gogoratu du: «Garai hartan, 14 urte bete behar nituenean, Oiartzun eta Allerrutik deitu ninduten, baina Touringek taldea osatu behar zuenez, bertan geratu nintzen. Asko kostatu zen jendea ekartzea. 14 fitxa genituen. Pentsa, lehen partida atzeratu behar izan genuen ez genuelako jende kopuru nahikoa. Lehen partida ostegun batean 20.00etan jokatu genuen, jendez justu samar geundela. 0-8 galdu genuen Allerruren aurka».

Denboraldi osoa antzera joan zen. Aurkari moduan Oiartzun ere izan zuten. Talde horretan ondoren Realean edota Athleticen ibilitako zenbait jokalari zeuden eta anekdota bat dute: «Egun hartan 9-10 jokalari geunden eta galdu egin genuen. Aldageletan apustu bat egin genuen ia zenbat gol sartuko zizkiguten asmatzeko. 12 jokalari ez geundenez, inork ez zuen asmatu: 12-0 sartu ziguten».

Touringeko emakumeek omenaldia jaso zuten aurten Fanderian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Adin ezberdintasun handia ere nabarmena zen. Bere ondoan 21 eta 24 urte arteko adina zuten jokalariak zeuden eta aurkari askok 25-30 urte zituzten. Alboan aita zuen entrenatzaile -«asko ikasi nuen berarekin», azpimarratu du-, baina «nirekin exijenteagoa zen», onartu du.

Lehen urtea «okerrena» izan zela dio. «Neskatila bat nintzen eta, gainera, aita trajez jantzita etortzen zen», azaldu du. Egoera horrek beste arazo batzuk ere ekarri zituen: «Aldageletan entrenatzaileaz hitz egiten ari zirela entzuten nuen. Aitari buruz gauzak esateak barrua ukitzen dizu, eta 14 urterekin ez duzu nortasuna zu baino helduagoak diren neskei gauza pare bat esateko. Hala ere, aldageletan esaten zena bertan geratzen zen».

Joxanentzat, hasiera «gogorra» izan zen, «neskatilekin eta emakumeekin mentalki jokatu behar zenuelako emaitzekin»; baina «oso talde polita zen». Are gehiago, beraiekin gauza asko ikasi zuela dio: «Batez ere, transmititzen zuten ilusioarekin geratzen naiz. Ez niri bakarrik, klub osoari aurrera egiten lagundu zioten. Oso oroitzapen onak ditut».

Irati nesken beheko mailetako entrenatzailea ere izan zen eta bertan ahizpa Enara entrenatu zuen, geroago elkarrekin talde berean jokatu aurretik. Urte batez hirurek bat egin zuten: Joxan, Irati eta Enara.

Anekdoten artean, Irati Larrainek kontatzen du nola aurkariek gorriz jokatzen zutenean beraiek batzuetan Union Txikiko kamisetekin jokatu behar zuten. «Ez zitzaigun horia kolorea zuten kamisetekin jokatzea gustatzen, baina niri bai, Union Txiki, betidanik, sentimendu bat zelako guretzat».

Iratik gogoratzen duen pasarte garrantzitsu bat da Beti Ona eta Touringen artean zegoen «izugarrizko pikea» nola utzi zuten alde batera Euskal Liga talde berean jokatu zuten urtean. «Jokatu nuen lehenengo denboraldian, Fanderian elkarren aurka jokatu genuen lehen partidan, Ertzaintzak etorri behar izan zuen iskanbilagatik. Nik, 14 urterekin, beldurra pasatu nuen eta, egia esan, alde egin nahi nuen», azaldu du. Hala eta guztiz ere, «puntu horretara iristea eta ondoren talde berean elkartzea oso polita izan zen. Gainera nire kuadrillako lau lagunen aurka jokatzen genuen! Baten bat pikatu egiten zen [barre egin du]!».

Kapitaina izatea ere egokitu zitzaion Irati Larraini. Beretzat, ordea, karga handiegi bihurtu zen; nahiago zuen ez eraman. Dena dela, «neska berriren bat edo gazteagoren bat etortzen zenean, beti babesten nuen eta taldean sartzen saiatzen nintzen».

Iratik eta Joxanek ez dute aukera galdu nahi izan zendutako Salva Cuenca –«ordezkoentzat chupa chupsak ekartzen zituen beti»– eta Martin Lopez delegatu ohiak gogoratzeko.

Emakumeen futbolaren laburpen moduan, Joxan Larrainek uste du eboluzioa «oso handia, apartekoa» izan dela. «2001ean zenak eta gaur egun denak, ez du antzekotasunik». Hala ere, «gabezi bakarra ikusten dut, eta niretzat nahiko handia dena: Federazioa gehiago inplikatu behar da jubenilen adinarekin, gaur ez egun ez baita existitzen», azpimarratu du Joxanek.

Bere eginkizuna, egun, infantilen taldea entrenatzea da. Gizonezkoek bezalaxe, emakumezko beteranoek partida bat jokatuko dute hilaren 24an mendeurrenaren harira. «Ilusio handia» egiten zion Iratiri jokatzeak, baina ezin izango du, pisu handiko arrazoi batengatik: ama izango da. Touringek badu etorkizuna.

Jokalari ohien afaria, tartean, Asier Yerobi presidentea, Joxan Larrain kirol zuzendari ohia eta Aitor Franco, Eneko Maritxalar eta Irati Larrain jokalari ohiak. (TOURING K.E.)