Urtero legez, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteak (EKHE) Batzar Nagusia burutu du Bilboko Euskalduna Jauregian proiektu komunikatiboaren egoeraren berri bazkideei emateko. GARA egunkaria, beste batzuen artean, argitaratzen duen enpresak iazko kontuak aurkeztu ditu eta bazkideek onartu egin dituzte.
EKHEko arduradunek oreka ekonomikoa mantentzea lortu dutela azaldu dute eta aurreko urtea «ondo» amaitu dutela.
Aldi berean, NAIZen sorrera ere sustatu dutela azaldu diete bazkideei joan den otsailaren 25ean egin zuten bezala, eta hauek begi onez hartu dute proiektua. Batzarrean planteatu duten zalantza bakarria proiektuaren bideragarritasun ekonomikoarena izan da.
Euskal Autonomia Erkidegoan irrati lizentziak lortzeko lehiaketan aurkeztu direla ere ezagutzera eman dute EKHEko arduradunek eta ‘Hamaika Telebista’, Bidasoa inprimategia eta ‘Le Journal du Pays Basque’ egunkarian duen parte hartzea azaldu diete bazkideei.