Gotzon Aranburu
DONOSTIA

Hondakinen erronka

Berziklatzea, berreskuratzea, zabor gutxiago sortzea, aspaldiko kezka dugu Euskal Herrian. Mugimendu ekologista hasi zen ideia hauek zabaltzen, eta poliki poliki hedatzen joan dira biztanlegoaren artean. Instituzioetara ere ailegatzen joan da kezka hau eta bada, Europa mailan, data garrantzitsu bat: 2008 urtea, orduan onartu baitzen Hondakinen Zuzentarau Europarra.

Langile bat atez ateko bilketa egiten, Antzuolan. (Gotzon ARANBURU)
Langile bat atez ateko bilketa egiten, Antzuolan. (Gotzon ARANBURU)

Zuzentarau europarrak (2008/98/CE) hierarkia bat ezartzen du hondakinak kudeatzeko orduan, bost puntutan zehaztuta: lehentasuna, hondakin kopurua murrizteari ematen dio, gero berrerabilketari, ondoren birziklatzeari eta balorizatzeari, eta bukatzeko errausteari edo zabortegira eramateari. Zuzentarauak galarazi egiten du birziklatu daitekeen edozein gauza zabortegira eramatea, eta hondakinaren zatiki organikoa bereizita biltzera eta konpostatzera behartzen du. Jakina, zabortegiak eta zabortegiak daude: gauza bat dira gaur egun dauzkagunak eta beste bat zabortegi inerteak, birziklatu ezin daitekeen frakzio bizigabea jasotzen dutenak.

Arazoaren oinarrian ekoizpen eta kontsumo ereduak daude. Zabor izugarri sortzen dugu, gure gurasoek sortzen zutena baino gehiago, eta zer esanik ez aiton-amonekin alderatuz gero. Gipuzkoan bakarrik, iaz, 350.000 tona hondakin sortu genituen, alegia, biztanle bakoitzeko 1,3 kilo eguneko. Jakina, hainbeste hondakinekin zabortegiak betetzear daude, eta konponbide bat aurkitu beharra dago etorkizun hurbilean. Zer aukera daude? Bada, erraustegiak jartzea edota ‘zero zabor’ filosofiari ekitea.

Duela dozena bat urte, Gipuzkoako hirietan bildutako hondakinen lautik hiru zabortegira zihoan. %22 birziklatzen zen, eta konpost bihurtu beste %3a. Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala egin zen orduan, 2002-2016 aldirako. Helburua honako portzentajeetara iristea zen: %34 birziklatu, %4 konpost bihurtu eta beste %62 erraustegian erretzea. Planak errauts toxikoentzako zabortegi berezi bat aurrikusten du. Alderatuz gero, atez ate bildutako hondakinen birziklapena %80ra iritsi da.

Atez ateko «filosofiaz» hitz egiten da, baina zenbakiak ere hor daude. Dagoeneko mahai gainean dauzkagu atez atekoa martxan dagoen herrietako datuak. Antzuolako alkate Inmaculada Beristainek hala dio: «%85 birziklatzen dugu, eta hori kartoi komertzialak eta antzekoak kontuan hartu gabe. Horiekin, %92ra ailegatzen gara. Biltzen denaren ia erdia materia organikoa da, eta askoz ere konpost gehiago egiten dugu. Beste ondorio bat? Esaterako, atez ate jasota ontzi arinen bolumena biderkatu egin da, eta nabarmen gehiago ordaintzen digute tonako».

Hernaniko emaitzak ere adierazgarriak dira. Bi urte pasa dira herri horretan atez atekoa martxan jarri zenetik, eta %80ko birziklatze tasara iritsi dira dagoeneko. Baina ez dira horrekin konformatu, eta olio bilketa sistema martxan jartzekotan dira. Hemen ere asko hazi da jasotako organikoa. Gipuzkoak daukan konpost gune bakarra, Lapatxekoa, gainezka dago dagoeneko, eta hernaniarren artean autokonpostajea bultzatu nahi dute; auzo mailan egingo litzateke.

Oso antzekoa da atez ateko sistema duen Usurbilgo egoera. Hondakinen %28 birziklatzetik %82 birziklatzera pasa dira. Oiartzunen ere beste hainbeste gertatzen ari da.

Erraz aurreikusten da Gipuzkoan atez ate biltzen hasteko asmoa duten beste 34 herriek ere sistema horri ekiten diotenean nabarmen jaitsiko dela errefusa kopurua, hau da, inondik inora birzikla ezin daitekeen hondakinaren kopurua. Gipuzkoako Aldundiak proposatu berri du errefusa horrekin zer egin: herrialdean barrena utzita dauden hainbat harrobitan gorde, baina aurrez tratamendu mekaniko-biologiko bat emanda, inongo usainik edo bestelako ondoriorik sor ez dezaten, horretarako egingo liratekeen sei guneetan. Ondorioz, Urteta, Lapatx eta Sasiain zabortegiak 2014. urtea bukatu aurretik ixtea aurrikusten du. Era berean, konpostajerako planta gehiago zabaltzeko asmoa du, sei hain zuzen ere. Helburua? 2020rako Gipuzkoan sortzen den hondakinen %75 birziklatzea.