Errausketaren kontrako mosaiko koloretsua egin dute Donostian. Milaka lagunek bat egin dute ekimenarekin eta, Gipuzkoa Zero Zabor plataformak adierazi duenez, 5.000 pertsona inguruk parte hartu dute.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondo bertan izan dira beste hainbat ordezkari politikorekin batera. Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako ingurumen diputatuak ere parte hartu du.
Zurriolako hondartzan egin dute mosaikoa eta koloretako errota irudikatu dute erraustegiak ekarriko duen «etorkizun grisaren» aurrean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak zaborren kudeaketaren inguruan proposatutako plan berria babestu dute ekimenaren antolatzaileek. Azaldu dutenez, erraustegia ez dela beharrezkoa argi uzten du plan berriak.
Mosaikoaren prestaketa lanak goizeko 10.30etan hasi dira Saguesen eta Pirritx eta Porrotx pailazoak eta bertsolariak izan dira giroa berotzen.