Gernikako Akordioa izenpetu zuten eragileek gatazka politikoa konpontzeko prozesuak lan urte honetan emandakoa baloratu dute gaur prentsaurrean. Beren iritziz, lan urte hau «argiune urtea» izan da, gatazka politikoa «erabat nahaspilatuta zegoen eta lainoez betetako panorama horretan argiuneak agertzen» hasi baitira.
Aieteko Konferentzia jo dute lehenengo argiunetzat, nazioarteko erreferentziazko pertsonez gain, Euskal Herri osoko eragile politiko eta sozialak bildu zirelako, EJA, PSE eta ELA gehituta, «nahiz eta ondoren beraien parte hartzea prozesu honetan Aieteko Jauregiko lau hormen artetik atera ez den».
Argiune nagusia, ordea, ETAren erabaki historikoa izan zen, beraien iritziz, baita gobernu frantses eta espainolarekin elkarrizketak mantentzeko erakutsitako borondatea ere.
Sorturen legeztatzea ere txalotu du Gernikako Akordioak eta «normalizazio politikoa hurbilarazten duen pauso» gisa kokatzen du.
Bestalde, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) Gernikako Akordioa izenpetu izana «gatazka konpontzeko lehenengo lerroan» ezarri dute. «Beraien egoera gatazkaren ondorio izanda, euskal preso politikoak gatazka politikoari konponbide integral eta demokratikoa emateko subjektu aktibo gisa agertu dira», adierazi dute.
Ilunguneak ere nabarmendu dituzte, ordea, atxiloketak, epaiketa politikoak, espetxeratzeak, espetxe politika, jarduera politikoekiko mehatxuak, 197/2006 epaiaren ezarpenak eta ‘Bateragune auzia’, esaterako.
Ildo horretatik, Gobernu espainolari eta PPri egotzi die euskal jendarteari «iruzur» egin izana, hots, «Euskal Herrian ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen jarraitu nahi izatea».